Hezkuntza Matematikoko ikertzaileek Bilbon egingo dabe XVII. sinposioa eta urteko batzarra

Bizkaie! 2013-09-04 10:44   jardunaldiak

Irailaren 5etik 7ra, SEIEM, Matematika Hezkuntzearen Ikerketarako Espainiako alkartearen XVII. sinposioa izango da UPV/EHUko Matematikearen eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Sailak antolatua. Sinposioan 140 batzarkide batuko dira, 43 komunikazino zientifiko aztertuko ditue eta ikerketako bi mintegitan hartuko dabe parte.

Eguenean, irailaren 5ean, goizeko 9:30ean, hasierea emongo jako Bilboko Irakasleen Eskolako Juliana de Agirrezabalaga aretoan (Sarriena auzoa, z.g. Leioa) SEIEM, Matematika Hezkuntzearen Ikerketarako Espainiako alkartearen XVII. sinposioari, UPV/EHUko Matematikearen eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Sailak antolatua. Sinposioan 140 batzarkide batuko dira, 43 komunikazino zientifiko aztertuko ditue eta ikerketako bi mintegitan hartuko dabe parte. Ikertzaileen artean egongo dira, besteak beste, Luis Rico, Carmen Batanero, Juan D. Godino, Jordi Deulofeu, Assumpta Estrada eta Tomás Ortega del Rincón, SEIEM alkarteko gaur egungo presidentea. Urteroko batzarra be Bilbon egingo dau SEIEM alkarteak.

Sinposioari hasierea emoteko ekitaldian honako honeek hartuko dabe parte: Iñaki Goirizelaia, UPV/EHUko errektorea; Javier Alonso Aldama, Eusko Jaurlaritzako Unibersidade zuzendaria; Tomás Ortega del Rincón, SEIEM alkarteko presidentea; Gurutze Ezkurdia, Bilboko Irakasleen Eskolako zuzendaria; eta Miren Gurutze Maguregi, Matematikearen eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Saileko zuzendaria.

Sinposioari irailaren 7an emongo jako amaierea Bizkaia Aretoan (Abandoibarra, 3. Bilbo), eta egun horretara arte, SEIEM alkarteko 8 ikertaldeek egingo dituen bilerez gan, ikerketako bi mintegi honeek osotzen daben programa zientifikoa landuko da: batetik, geometriaren didaktikearen ikerketarako aukerak eta, bestetik, doktore tesiaren ondorengo ikerketa lanak. Lehenengo mintegian aztertuko dira ikerketa eremuaren bilakaera eta geometria dinamikoa. Bigarren mintegia, barriz, ikertzaile gazteei sortzen jakezan erronkei buruzkoa izango da, eta tesiko lanei jarraipena emoteko konpromisoa hartzeagaitik nabarmendu diranek izango dabe berbea.

Matematika Hezkuntzearen Ikerketarako Espainiako alkartea 1966. urtean sortu zan, hezkuntza matematikoko ikertzaileak alkartu eta antolatzeko helburuagaz. 200 kide baino gehiagok osotzen dabe alkartea, eta bere helburuak dira gaurkotasuna daben gaiak aztertzea, informazino zientifikoa trukatzea, eta estaduko nahiz Iberoamerikako ikertaldeen arteko lankidetzea sustatzea.


Informazino gehiago hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu