Jon Kortazarrek Kirmen Uriberen lanari buruzko liburua argitaratu dau ingelesez

Bizkaie! 2013-09-03 14:44   kulturbiz

Liburuan Uriberen poesia eta eleberrigintzea aztertzen ditu egileak eta baita beste sortzaile batzuekaz alkarlanean egindako multimedia ikuskizunak. Era berean, Kortazarrek azken urteotako euskal literatureari buruzko azterketa zabala batu dau liburuan.

EHUko euskal Literatura katedradun dan Jon Kortazar irakasle eta kritikariak Kirmen Uribe idazleari buruzko liburua argitaratu dau ingelesez Contemporary Basque literature: Kirmen Uribe´s Proposal (Iberoamericana-Veuvert) izenburupean.

Kulturako foru diputadu Miren Josune Ariztondok, lanaren egile Jon Kortazarrek eta Kirmen Uribe idazleak aurkezpen ekitaldian parte hartu dabe Bilboko Rekalde Aretoan.

Liburuan Uriberen poesia eta eleberrigintzea aztertzen ditu egileak eta baita beste sortzaile batzuekaz alkarlanean egindako multimedia ikuskizunak. Era berean, Kortazarrek azken urteotako euskal literatureari buruzko azterketa zabala batu dau liburuan.

Kirmen Uribek (Ondarroa, 1970), Espainiako Narratiba Saria eta kritika sariak jasoak ditu eta bere liburuak hamalau hizkuntzetara itzuli izan dira, tartean, ingelesa, frantsesa, errusiarra eta japonierae. Egun, bere Bilbao-New York-Bilbao nobelea AEBetako zenbait unibersidadeetan irakurgai dabe.

Kortazarren liburua 1969tik hona euskeraz idatziriko literaturearen ibilbidearen gorabeherakaz zabaltzen da. Idazlan esanguratsuenak bere testuinguru sozialean kokatu dira, baina, gainera idazleek ibilbide historikoaz emoniko eretxiak jarraituz, erreferentzia mapa bat irudikatu da garrantzitsuak begitandu jakezan gaiei buruz: idazlearen profesionalizazinoa, generoen harrerea, euskal literaturearen globalizazinoa. Lehen atal horretan, literatura sistemearen ibilbideak aztertzen dira kultura eragileen ikuspegien bidez. Idazleen ardurea bizten daben gaien eraldaketak historia honen narrazino ardatzaren legekoa egiten dau.

Testuinguru honetan, bigarren atala Kirmen Uriberen (Ondarroa, 1970) lanaren proposamenaren ganekoa da, nazinoartean onarpena oso azkar lortu dauen egile ondarroarraren obraren ganekoa, hain zuzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu