XXIX. Getxo Folk BBK Jaialdia irailaren 5etik 8ra bitartean
2013-08-28 15:41 Musikea29. Folk Getxo BBK Jaialdiak 12 saio hartuko ditu. Clannad banda irlandarra, Kepa Junkera trikitilaria, Budiño gaita-jotzaile galiziarra, Yacine & The Oriental Groove fusino mediterraneoko taldea eta Kukai & Lagunak musika eta jantza ikuskizuna izango dira aurten protagonista.
Datorren astean munduko musikez gozau ahal izango dabe zaleek Getxon, Folk Getxo BBKren eskutik. Irailaren 5etik 8ra, 29. Nazinoarteko Folk Jaialdiak 12 saio hartuko ditu. Clannad banda irlandarra, Kepa Junkera trikitilaria, Budiño gaita-jotzaile galiziarra, Yacine & The Oriental Groove fusino mediterraneoko taldea eta Kukai & Lagunak musika eta jantza ikuskizuna izango dira aurten protagonista.
Getxon, Areetako Geltokia plazan izango dira kontzertu nagusiak 21:00etan (domekan, 20:00etan) eta arratsaldeko saioak, plazaren ondoko aparkalekuan, 19:00etan (domekan, 18:00etan). Bertan be Munduko Terrazako kontzertuak (23:00etan) zein umeentzako goizeko saioak (12:30ean) izango dira. Horreez gan, jarduera ugari egongo dira Folk Getxon, esaterako zenbait Gobernuz Kanpoko Erakunderen eta alkarteren postuak batuko dituan Gune Solidarioa, Munduko Eskulanen Azokea, hainbat herritako platerak eskaintzen dituen Munduko Terraza eta kale-banden desfileak.
Kontzertu nagusiak 5ean, eguenean, hasiko dira, Kepa Junkeraren eta Budiñoren eskutik. Bi artistek intensidade handiko esperientziak eta emozinoak eskainiko ditue. Bigarren egunean, musika zeltan eta New Age estiloan aztarna gehien itxi dituan banda irlandarra egongo da, zaleentzat erreferentzia eztabaidaezina bihurtu dana: Clannad. Irailaren 7an, zapatuan, Yacine & The Oriental Groove taldearen txandea izango da Getxon. Bandeak mendebaldeko, ekialdeko eta Magrebeko musikak batu eta fusino mediterraneo moduan definidu daitekeen musikea egiten dau (izan be, saio horretan 512 jarleku izango dira eta ganerakoak, zutunik egotekoak). Amaitzeko, agertoki nagusiko programea zarratzeko, Kukai & Lagunak ikuskizuna aurkeztuko dabe. Kukai jantza-taldeak euskal jantza tradizionala eta beste jantza-estilo batzuk eta ikuskizun horretarako konbidautako artisten musikea buztartuko ditu.
Arratsaldeko kontzertuetan, barriz, ikusleek askotariko programaz gozau ahal izango dabe. Thalassa hirukoteak, musika klasikoa oinarri hartuta, herri-konposizino mediterraneoen errepertorioa eskainiko dau; Mariachi Imperial Elegancia Mexicana taldeak corridoak, boleroak eta baladak aurkeztuko ditu; Trivium Klezmer-ek herri-musika juduan errotutako erritmoak hurreratuko ditu, eta Ana Alcaidek tekla-biolagaz aspaldiko musiken mundura eroango gaitu. Munduko Terrazan, Tazzuff taldeak erritmo tradizionalen eta jazz, flamenko eta errunba soinuen fusino freskagarria interpretauko dau, eta Getxoko Dead Bronco boskoteak broncobillya eskainiko deusku, rock, country, folk, punk eta AEBetako musika-erroakaz lotutako beste soinu batzuen nahastea.
Goizeko kontzertuetan, txikiek eta handiek bi emonaldi izango ditue, lehenengoa Titiriteros de Binéfar taldearen eskutik. Taldea Getxora itzuli da herri-musikearen, txotxongiloen eta jolasen buztarketa jostagarri eta berezia eskaintzeko. Kontzertuaren aurretik, txotxongiloen tailerra egingo da. Bigarrenean, Garik Txikiak eraikitzen ikuskizuna aurkeztuko dau, musikearen mundua umeei hurreratzeko.
Jarduera osogarriei jagokenez, bisitariak Elkartasun Gunera hurreratu daitekez. Ekimen hori zenbait GKEren lankidetzaz antolatu da. Erakunde horreek egindako lana erakusteaz gan, Espazio Solidarioan Bidezko Merkataritzeak tartea izango dau; Munduko Eskulangintza Azokan, bisitariek zenbait herrialdetako artisautza-objektuak erosi ahali zango ditue. Munduko Terraza Getxoko Immigranteen Plataformeagaz lankidetzan antolatu da, eta horretan hainbat herrialdetako jatekoak probau ahal izango dira.
Sarrerak
Saio nagusiak ordaintzekoak izango dira eta ganerakoak, dobakoak. Sarrerak eta kontzertu guztietarako abonamenduak salgai dagoz Kutxabanken orotarako kutxazainetan, www.kutxabank webgunean, Algortako Kultur Etxean (Villamonte, A-8) eta 94 491 40 80 telefono zenbakiaren bitartez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!