UPV/EHUk José María ‘Koke’ Martínezen bost obra emongo deutsez Cabredo eta Arraia-Maeztu herriei dohaintzan

Bizkaie! 2013-07-22 10:38   kulturbiz

Gaur astelehena, garagarrilak 22, Euskal Herriko Unibersidadeko eta The Basque Children of ’37 Association alkarteko zenbait ordezkari Cabredo (Nafarroa) eta Arraia-Maeztu (Araba) herrietara joango dira, José María Koke Martínez (Cabredo, 1926 - Londres, 2009) gerrako ume eta artista nafarraren azken nahia beteteko.

Gaur astelehena, garagarrilak 22, Euskal Herriko Unibersidadeko eta The Basque Children of ’37 Association alkarteko zenbait ordezkari Cabredo (Nafarroa) eta Arraia-Maeztu (Araba) herrietara joango dira, José María Koke Martínez (Cabredo, 1926 - Londres, 2009) gerrako ume eta artista nafarraren azken nahia beteteko; izan be, artistea hil zanean 200 obratik gora emon eutsozan dohaintzan UPV/EHUri, eta testamentuan idatziz jasota itxi ebanez, hareetako bi bere jaioterri Cabredo udalerriari eta beste hiru Arraia-Maeztuko herri eskoleari emotea nahi eban, azken herri horrek lotura estua dauelako bere lagun onenaren historia personalagaz.

Kontuak kontu, 12:30ean, Arabako CEP MAESTU Eskolan, Koke Martínezen hiru artelan honeek dohaintzan emoteko ekitaldia egingo dabe:

- Couple on zebra, girls carrying water.

- Iberian Transfiguration homage Dr E R Morris.

- Indian tigers in the jungle.

Margolanak emoteko, UPV/EHUren izenean Javier Garaizar, Ana Arrieta eta Carmelo Garitonaindia hurreratuko dira Maeztura, hain zuzen be, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Campusetako errektoreordeak, hurranez hurran; horrezaz gan, bertan izango dira, bidenabar, Arte Ederren fakultadeko dekano Josu Recalde, Arabako Campuseko Kultur Hedakuntzako zuzendari Kepa Sojo, edota Carmen Kilner, The Basque Children of ’37 Association alkarteko diruzaina eta ‘Koke’ Martínezen testamentuaren betearazlea. Udal eskolako zuzendaritza kontseiluko kideek egingo deutsee harrera, hain zuzen be, Mari Jose Martinez de Apellanizek (zuzendaria), Ana Lecumberrik eta Rafael Ceneak.

Eguerdiko 13:30ean, ostera, bi artelan honeek emoteko ekitaldia izango da Cabredoko udalean (Nafarroa):

- Penny farthing rquace.

- The artist is a young man.

The Basque Children of ’37 Association alkarteko zein UPV/EHUko aitatutako ordezkariak bertan izango dira, eta Arantza Fernandez alkateak udaletxean egingo deutse harrerea.

José María Koke Martínez (Cabredo, 1926-Londres, 2009)

Koke Martínez 11 urtegaz heldu zan Southamptoneko portura (Britainia Handia), beste milaka umegaz batera, Habana itsasontzian; ordutik, bizitza osoa emon eban Britainia Handian. Hain zuzen be, alderdi artistikoa garatzen emon eban bizitzaren zati handiena; gehienbat marrazketan eta pinturan islatu eban, baina beste arte diziplina batzuetan be ibili zan, esaterako poesian.

Koke Martínezen obra piktorikoaren ezaugarri nagusitzat aita daiteke misteriotsua, onirikoa eta surrealistea izatea, berariazko primitibismoagaz. José Estruchen ikaslea izan zan, ha be Britainia Handian erbesteratu zalako; era berean, Federico García Lorcaren laguna be izan zan, eta haren eragina oso argia da Koke-ren lan askotan, surrealismo ingelesaren eraginagaz batera. Arpegi ugari dituen buruak edo gizakiaren eta animalien arteko hartu-emonetan sakontzeko nahia etenbarik errepetidu zituan artisteak bere obran; horrezaz gan, Mimí bere musaren erretratu ugari topauko doguz, baita autorretratuak be. Lanetan landutako gai ugarietan, gainera, ez dira falta Darwin, Churchill edo On Kixoteri buruzko aitamenak, ez eta kultura hispaniarrari jagokozan erreferentziak be. Koloreen indarragaz eta ñabarduren aberastasunagaz batera, Koke-ren obrea artistearen izakerearen ispilua da.

1946. urtean, 20 urte besterik ez zituala, Koke Martínezek lehenengo erakusketea egin eban Londreseko Archer Gallery aretoan. Ordutik aurrera, artistearen lanak nazinoartean izan dira ikusgai, eta obra ugari momentu honetan bildumagile partikularren esku dagoz, besteak beste, Japonian, Italian, Frantzian, AEBetan, Espainian edota Hego Amerikan.

2002ko zemendian, Euskal Herritik Britainia Handira ebakuautako umeek eta euren ondorengoek The Basque Children of ’37 Association alkartea sortu eben, jazoera historiko hari lotutako material guztia batu, sailkatu eta artxibetako. Hasiera-hasieratik Koke Martínez ekimenaren bultzatzaile nagusietako bat izan zan.

Espainiako Gerra Zibilean Euskal Herritik hainbat herrialdetara ebakuau zituen 25.000 gerrako ume hareetako bat izan zan artista nafarrak 200 artelanetik gora emon eutsozan dohaintzan UPV/EHUri, tartean mihiseak, marrazkiak eta posterrak. Orain, artisteak testamentuan jasotako nahia beteko dau UPV/EHUk, eta, holan, bost obra Cabredo eta Arraia-Maeztu herriei emongo deutsez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu