Zornotzak bere bideojoko propioa eukiko dau
2013-07-08 15:20 kulturbizZornotzak bere bideojokoa eukiko dau. Udalaren gazteria sailaren ekimenez sortuko da, Ureshi Land, aurten zazpigarren edizinoa beteko dauen manganimearen eta kultura japoniarraren Mangamore jaialdiagaz bat eginez.
Zornotzak bere bideojokoa eukiko dau. Udalaren gazteria sailaren ekimenez sortuko da, Ureshi Land, aurten zazpigarren edizinoa beteko dauen manganimearen eta kultura japoniarraren Mangamore jaialdiagaz bat eginez.
Jaialdiaren maskotea dan Ureshi eta Mangamore 2013rako aukeratu barria den kartelean agiri diran ganerako pertsonaiak hartu ditue oinarritzat jokoaren sortzaileek, Zornotzako ezaugarri diran elementuak batzen dituen eszenatokian txertatuta: udaletxea, eleizea, etab.
Urritik aurrera egongo da eskuragarri Ureshi Land bideojokoa, orduan egingo baita jaialdia, 11tik 13ra bitartean. Mangamoreren webgunean erabili ahalko da, bai eta gazteria sailarenean be (www.ametxgazteria.net).
Debalde jolastu ahal izango ordenagailu bidez, eta eskuko telefonoetarako egokituko da geroago. Era berean, jaialdiak dirauen artean stand berezia ezarriko da, bertaratzen diranek ezagutu eta jolasean jardun deien.
Bideojokoaren diseinua
Japoniako eta AEBetako korronteen kutsua izango dau bideojokoak diseinuari jagokonez, beren beregiko eszenatokiak eta pertsonaiak sortuko diralarik. Marcus izango da jokoaren protagonistea eta Zornotza xurgatu eta desagerrarazo daben oihan ilunetan sartu beharko dau Ureshiren bila, euskal herri horri argitasuna emon ahal izateko atzera be. Argi-pistolea eskuan dauela eta jokalariaren trebeziari esker, inguru guztiak hartu dituan itzal-munstroak desagerrarazo beharko ditu Marcusek.
Pantailan barrena protagonistea atrapau guran ibiliko diran arerio ugariei ez eze, saritzaileei eta edonon topau daitekezan ureshi-txanponei be erreparau beharko deutse jokalariek, azken etsaiari aurre egin ahal izateko botereak emongo deutsiezalako.
Ala Este estudioa
Azken belaunaldiko Ala Este estudioa dabil Ureshi Land bideojokoa garatzen. Bilboko Alondigeak antolatutako Bideojoko Independenteen Nazinoarteko hóPlay 2012 lehiaketearen irabazlea izan zan Alex Alonso da proiektuaren zuzendaria, bideojokoen alorreko enpresetatik datozen gazteek osotutako taldeburu jardunik.
Mangamore 2013rako kartel-lehiaketearen irabazlea
Bartzelonako Marcel Pérez Massegú eta Marisa Martínez Cervantes ilustratzaile grafikoak dira Mangamoreren aurtengo edizinoa iragarriko dauen kartelaren egileak.
Aurtengo edizinoko kartela aukeratzeko lehiaketan 31 proposamen izan ziran eta eta egile kataluniarrena izan zan jaialdiaren Facebook orriaren bidez boto gehien jaso zituana.
Danetara, 4.000tik gora izan ziran botoa emon ebenak eta, horreetatik, 300 baino gehiago jaso zituan kartel irabazleak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!