Euskadiko sortzaileen 4 eszena ikerketa eta sorkuntza egitasmo aukeratu ditu V. Artistak Egoitzan programan

Bizkaie! 2013-07-01 14:06   kulturbiz

Aukeratutako egitasmoak ondokoak dira: Macarena Recuerda Shepherden Norenak dira begi horiek?, Jon Koldo Vázquez artistearen Elkarrekin bakarrik, Alex Gerediagaren Not (never on time) lana eta Sleepwalk Collective talde gasteiztarraren Doméstica.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, BilbaoEszena, Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroaren bitartez, arte sorkuntzeari laguntzeko Artistak Egoitzan programearen bosgarren edizinoan parte hartzeko aukeratu dituan lau egitasmoak jakinarazo ditu.

Kultura eta Hezkuntza Sailak, Euskaditik etorritako edo artista eta konpainia euskaldunek aurkeztutako 56 eskari jaso ditu guztira. Horreen artetik, proposamenak aukeratzeko ardurea dauen batzordeak, kanpoko adituen aholkularitzeagaz, Macarena Recuerda Shepherdek Norenak dira begi horiek? proposamena garatzeko aurkeztu dauena, Jon Koldo Vázquez artistearen Elkarrekin bakarrik egitasmoa, Alex Gerediagaren Not (never on time) lana eta Sleepwalk Collective talde gasteiztarraren Doméstica aukeratu ditu.

Aukeratutako egitasmoetako bakotxak 3.000 euroko laguntzinoa jasoko dau eta, horrezaz gan, BilbaoEszenak lekua eta laguntza teknikoa eskainiko deutsoz, bere sorkuntza egitasmoa edo ikerketa eszenikoa aurrera eroan ahal izateko. Horrezaz gan, sorkuntza prozesua ikus-entzuleen edo/eta sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukerea izango dabe, urriaren 23tik zemendiaren 3ra bitartean egingo dan Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren, BAD-ren hurrengo edizinoaren barruan.

Artistak Egoitzan programearen bosgarren edizinoko Balorazio Batzordea Kultura eta Hezkuntza Saileko Zinegotzi Eskuordetuak, Kultura Zuzendariak, Kultur Programazino Zuzendariordeak, Bilboko Kalealdia Jaialdiko zuzendariak eta Bilbaoeszenako eta BAD Jaialdiko zuzendariak osotu dabe. Talde horrek, Filji Claverieren Iparraldeko Harri Xuri egoitza lantegiko zuzendariaren, eta Idoia Zabaleta, koreografo, sortzaile eta Azala sorkuntza guneko zuzendariaren laguntzinoa izan dau. Balorazino Batzordeak ekimen horiek aukeratzeko orduan, euren izaera anitza eta ikerketara eta eszenako eremu barrien garapenera izandako hurreraketa barritzaileak izan dira kontuan.

Laguntza horreen onuradunek, BilbaoEszenak itxitako instalazinoak, azpiegiturak eta ekipamenduak erabili ahal izango ditue, bagiletik urrira, 35 egunez gehienez be (bakotxaren lanaren beharren arabera). Horrezaz gain, behar izan ezkero, laguntza teknikoa eta artistikoa be jasoko dabe.


Proposamenak

Jon Koldo Vázquez artista bizkaitarraren Elkarrekin bakarrik, erabat euskeraz garatzen dan egitasmoa da. Denpora luzez Londonen lan egin dauen Jon Koldo Vázquezek teknologiari estu lotutako lana garatuko dau. Lanaren elementu nagusiak sare sozialak, bideo-konferentzia, mobiemntua, testua, bat-batekotasuna eta ikuslearen partaidetza aktiboa dira.

Macarena Recuerda Shepherren Norenak dira begi horiek? lanari jagokonez, site especific euskeraz-gaztelaniaz egindako lan elebiduna da. Artisteak hiru euskarriren aurrean dauen pasinoagaitik sortzen da: 50eko hamarkadako polizia eleberriak, zinemea eta komikia, eta ikus-entzuleak dira istorioaren protagonistak. Polizia eleberri batean lez, protagonistek, ikus-entzule aktiboek, istorioa eratuko dauen antzezle taldea osotuko dabe. Proposamen bat prestauko dau uri bakotxerako, oraingo honetan Bilbo. Tárregako (Leida) Kaleko Antzerki Jaialdiak be emon deutso laguntzinoa, eta jaialdi horretarako beren beregi atondu dau.

Aukeratutako hirugarren egitasmoa Alex Gerediagaren Not (never on time) izan da, narrazino eszenikoaren eta argazkiaren bitartez egindako narrazinoaren artean egon daitekeza lotura posibleei buruzko bilaketea egiten dauen lana. Taldea osotzen dabenen artean Arrate Etxeberria, Oier Ituarte eta Azegine Urigoitia dagoz.

Amaitzeko, Batzordeak, Sleepwalk Collective taldeak orain arte sortu dauen egitasmo eszeniko konplexuena aukeratu dau. Sleepwalk Collective, antzerki esperimentalean dabilen nazinoarteko konpainia entzutetsua da, eta esperientzia eszeniko intimoak eratzen ditu Espainia eta Britainia Handia artean. Iara Solanok eta Sammy Metcalfek sortu eben Londonen 2006an, eta Gasteizen dauka egoitzea 2007tik. Bere ezaugarri nagusia, teknologia barrien abangoardiako erabileran oinarritutako eszenaretze minimalistea da. 'Doméstica', El entretenimiento lanagaz hasi eta Karaoke-gaz jarraitu eban trilogia baten amaierea da. Azken hori aurtengo BAD jaialdian estreinauko da.

Aukeratutako lau proiektuok BAD-en webgunean konsultau daitekez. Leku berean jaialdiaren 15. edizioa iragarten dauen kartela be ikusigai dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu