Euskal Kultur Erakundeak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dabe Baionan

Bizkaie! 2013-06-19 15:29   kulturbiz

Hitzarmen horrek Euskal Kultur Erakundearen eta Euskaltzaindiaren arteko hartu-emonak indartu eta beste eremu batzuetara be eroatea dau helburu. Oro har, bi erakundeok lankidetzan ibiliko dira, euskerea eta euskal kulturea zabaltzeko ekimenak areagotzeko asmoz.

Gaur, bagilak 19, Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Baionan, Euskaltzaindiaren ordezkaritzan. Euskal Kultur Erakundearen izenean, Pantxoa Etxegoin zuzendariak sinatu dau, eta Euskaltzaindiarenean, barriz, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Eurekaz batera izan dira: Terexa Lekunberri EKEko Etnologia eta Kultura Ondare Inmateriala Sailekoa, eta Xabier Kintana eta Jean-Baptiste Coyos, Euskaltzaindiko idazkaria eta Jagon sailburua, hurranez hurran. Piarres Xarriton euskaltzaina be izan da.

Hitzarmen horrek Euskal Kultur Erakundearen eta Euskaltzaindiaren arteko hartu-emonak indartu eta beste eremu batzuetara be eroatea dau helburu. Oro har, bi erakundeok lankidetzan ibiliko dira, euskerea eta euskal kulturea zabaltzeko ekimenak areagotzeko asmoz.

Euskal Kultur Erakundea 1990. urtean sortuzan, euskerearen eta euskal kulturearen aldeko alkarteek bultzaturik eta erakunde publikoek lagundurik, besteak beste, Akitaniako Kontseilua, Pirinio Atlantikoetako Kontseilua, eta euskal kulturearen aldeko Herrien Sindikatua, gaur egun iparraldeko 146 herrik osotzen dabena. Helburu nagusia euskal kulturearen garapena eta zabalkundea bermatzea da.

Kultur arloan dabilzan alkarteak laguntzen ditu, edota eurekazko alkarlana bultzatzen dau; gaur egun, 140 alkarte dira Euskal Kultur Erakundeko kide.

Bestalde, Euskaltzaindiaren helburu nagusiak dira euskerea ikertzea, arautzea eta haren erabilerea sustatzea. Hego Euskal Herrian, zezeilaren 26ko 573/1976 Errege Dekretuak Euskerearen Errege Akademia lez autorpen ofiziala emon eutson erakunde horri; ordutik, Euskaltzaindia da euskerearen arloko erakunde eskuduna, hizkuntzea bera ikertu eta babesteko. Ipar Euskal Herrian, Euskaltzaindiak onura publikoko autormena dauka, 1995eko zezeilaren 20ko dekretuaren arabera.

1979ko Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak eta Nafarroako Foru Erkidegoko 18/1986 Euskereari buruzko Foru Legeak beren-beregi autortu dabe Euskaltzaindia erakunde aholku-emoile ofiziala dala, euskereari jagokonez. Harrezkero, 272/2000 zezeilaren 25eko Errege Dekretuaren bidez aldatu eta eguneratu dira Euskaltzaindiaren estatutuak.


Ondokoak dira hitzarmenaren ildo nagusiak:

• Bi erakundeak alkarlanean ibiliko dira, euskerearen eta euskal kulturearen eremuan dituen proiektuak gauzatzeko eta Euskaltzaindiak euskerearen alorrean ezarri arauak zabaltzeko. Bereziki, Euskaltzaindiak erantzuna emongo deutse Euskal Kultur Erakundeak eginiko konsultei, konsultak euskerearen kalidadeaz, euskal lexikoaz, gramatikaz, onomastikaz, ortografiaz, erabilera egokiaz eta, oro har, euskerearen araugintzako bestelako gaiei buruzkoak diranean. Konsultak bideratzeko orduan, bi erakundeek Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuaren erabilerea sustatuko dabe.

• EKEk eta Euskaltzaindiak hizkuntza baliabideak ezagutarazoteko lantegiak edota ikastaroak alkarregaz antolatuko ditue, Euskal Kultur Erakundearen egoitzan edo ikastaro horreen hartzaileentzat egoki izan daitekeen beste toki batean.

• Alkarlanean ibiliko dira beren bibliotekako funtsak sendotzeko. Horrexetarako, euskal kultur erakundeak eta Euskaltzaindiak argitalpen trukea egingo dabe, bakotxak plazaratzen dituan dokumentuen ale bana batak besteari helarazoz. Lan batzuk, nahiz eta argitaratu ez, ikerketarako edo zabalkunderako interesgarriak badira, lan horreek alkarren eskura jarriko dira, betibe egileen eskubidea errespetauta eta egileen baimenagazk. Funts horreek zabaltzeko bideak be aztertuko ditue, besteak beste, euskerea edota euskal kulturea oinarritzat daben argitalpenak alkarregaz argitaratuz.

• Erakunde bakotxak euskereagaz eta euskal kultureagaz dituan funtsak gizarteratzeko lankidetza bideak jorratuko ditue, besteak beste, erakusketak, berbaldiak, mahai-inguruak eta jardunaldiak alkarregaz antolatuz.

• Bi erakundeek alkarregaz edo bakarka antolaturiko jarduerak egin ahal izateko, dituen egoitzak edo ordezkaritzak alkarri itxiko deutseez, bereziki Bilbon kokaturik dagoan Euskaltzaindiaren egoitzea eta Donostian kokaturiko Luis Villasante Euskerearen Ikergunea.

Helburu horreek lortzeko, Euskal Kultur Erakundeak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dabe, erakunde bakotxeko hiruna kide izango dituana. Hitzarmenak hiru urteko iraupena izango dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu