Blas de Otero poeta bilbotarraren lan osoa dakarren 'Obra Completa (1935 – 1977)' lana aurkeztu dabe
2013-06-10 18:38 kulturbizGalaxia Gutenberg argitaletxeak atara dauen liburu horrek, Oterok olerkigintzan eta prosan egindako lan guztiak jasoten ditu eta hil ondoren argitaratutako Hojas de Madrid con La galerna liburukia eta sakabanatuta eta argitaratu barik itxi zituan beste biak: Poesía e Historia (olerkia) eta Nuevas historias fingidas y verdaderas (prosa).
Blas de Otero poetearen lan guztiak lehen aldiz batzen dituan liburuaren, hau da, Obra Completa (1935 — 1977) aurkezpena egin dabe gaur goizean Bilbon. Ibone Bengoetxeak, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Zinegotziak, Sabina de la Cruzegaz, Blas de Otero Fundazinoko presidenteagaz, batera, idazle bilbotarraren literatur lan osoa batzen dauen lehenengo lana aurkeztu dabe prentsaurrekoan.
Galaxia Gutenberg argitaletxeak atara dauen liburu horrek, Oterok olerkigintzan eta prosan egindako lan guztiak jasoten ditu eta hil ondoren argitaratutako Hojas de Madrid con La galerna liburukia eta sakabanatuta eta argitaratu barik itxi zituan beste biak: Poesía e Historia (olerkia) eta Nuevas historias fingidas y verdaderas (prosa). Horrezaz gan, idazlanak eta biografia batzen dituan argitaratu bako Historia (casi) de mi vida lan laburra be jasoten dau.
Argitaratu barik eta sakabanatuta egozan bere gazte denporako zenbait poemari esker, Oteroren poesiaren ikuspegia biribildu egiten da. Idazlearen lana gehien aztertu dauen eta eskuizkribuak eta inprimakiak konpulsatuz, XX. mendeko poeta espainiar handietako baten lana bateratzea lortu dauen Sabina de la Cruzek kontu handiz atondutako lana da.
2012an, Hojas de Madrid con La galerna (Galaxia Gutenberg arg.) argitaratu ondoren, Blas de Oteroren papelen eta azken borondatearen jasotzaile izan zan Sabina de la Cruz eta beragaz ibili dan Mario Hernández irakasleak izan dira Obra completa hori atontzeaz arduratu diranak. Argitalpenaren zorroztasunagaz batera, poetearen behin betiko errebelazinoa aberasten daben testu eta albiste osogarriak ikus daitekez.
Idazle baten lan osoa argitaratzea lan konplexua izaten da beti, baina are gatxagoa, autorea, bizirik egon zan bitartean, hori egitearen kontra agertu bazan, editoreek hori egiteko eskaria behin eta barriro egin arren. Holan, orain edizino hau irakurleen eskuetara heltzen da, kontu handiz batua, antolatua eta akatsik bakoa, urte luzez Sabina de la Cruzek, García Lorcaren editore ezaguna dan Mario Hernándezen laguntzinoagaz, egindako azterketa eta sailkapen lanari esker.
Liburua bihar, martitzenean, arratsaldeko 19:30ean, aurkeztuko da jentaurrean Bidebarrieta Kulturgunean, eta bertan egongo dira Sabina de la Cruz, Blas de Otero Fundazinoko presidentea, Ibone Bengoetxea, Kultura eta Hezkuntza zinegotzia, Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordea, Andrés Urrutia (Euskaltzainburua) eta José Manuel Blecua (RAEko zuzendaria). Ekitaldian, José Fernández de la Sota poeteak zenbait olerki irakurriko ditu.
Bilboko Udalak eta poetearen ondarea kudeatzen dauen Blas de Otero Fundazinoak alkarlan estua dabe, idazlearen lana gordeteko eta ezagutarazoteko. Esangura horretan, 2008an, Blas de Otero — Bilbo Hiria Poesia Saria sortu zan. Sariaren helburua, literatur sorkuntzea sustatzea eta Bizkaiko uriburuko biztanleei, bertako egile handienetako baten lana hurbiltzea da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!