UEUk lau graduondoko eskainiko ditu hurrengo ikasturtean
2013-06-06 13:00 kulturbizUEU Udako Euskal Unibersidadeak 2013/2014 ikasturterako EHU/UPVgaz alkarlanean sustatu dituan lau graduondokoak aurkeztu ditu Bilbon. Euskal Herriko Lurraldea eta Paisaia, Euskal pentsamendu kritikoa XX-XXI. mendeetan, Itzulpengintza eta teknologia eta Hondakinen kudeaketa eta tratamendua dira ikastarook.
UEU Udako Euskal Unibersidadeak 2013/2014 ikasturterako EHU/UPVgaz alkarlanean sustatu dituan lau graduondokoak aurkeztu ditu Bilbon. Euskal Herriko Lurraldea eta Paisaia, Euskal pentsamendu kritikoa XX-XXI. mendeetan, Itzulpengintza eta teknologia eta Hondakinen kudeaketa eta tratamendua dira ikastarook.
Aurkezpenean, Karmele Artetxe UEUko zuzendariak, Iñaki Gonzalez Murua UEUko Zuzendaritzako Euskal Unibersidadea atalaren arduradunak eta Peio Lozano EHUko irakasleak parte hartu dabe.
Goi-mailako formakuntzea UEUrentzat ildo estrategikoa dala nabarmendu dau Karmele Artetxek prentsaurrekoan, gizarte aurreratuek ezinbestean behar dituelako kualifikautako adituak, eta gero eta euskaldunagoa dan gizarte batek aditu euskaldunak behar ditualako. Baina, oraindino ez dago maila horretako eskaintza askorik euskeraz. Horregaitik, bateren batek traktore lanak egin behar ditu, sinergiak batu eta indarrak metatuko dituana, ganeratu dau. Datorren ikasturtean, EHUk 36 berezko titulu eskainiko ditu, horreetatik lau euskeraz izango dira, laurak UEUk sustatuta.
Etenbako heziketeak edo heziketa iraunkorrak etorkizun oparoa dauka, Peio Lozano EHUko irakasle eta Euskal Herriko lurraldea eta paisaia graduondokoaren zuzendariaren eretxiz. Gazte garaian ikastearen paradigmea aldatu egin da eta hezkuntzea bizi osora hedatu da. Hurrengo urteetan joera hau indartu egingo da; masterrak, berezko tituluak, udako ikastaroak, esperientziaren gelak...
Arlo honetan beharrak izugarriak dira. Gizartearen inplikazioa, erakundeen eta enpresen arteko lankidetzea eta inbersino publikoak derrigorrezkoak dira, aurkezpenean adierazo dabenez.
Unibersidade mailako graduondoko tituluak lanbidetik hur dagoz eta esperientzia handiko profesionalek parte hartzen dabe. Beharragaz batera eroaten ditue ikasle askok, egunean hiru-lau ordu eskatzen ditue eta. UEUk diseinau dituan tituluak etxetik segiduteko modukoak dira, baina tartean saio presentzialak ditue.
Artetxek aurkeztutako eskaintzea UEUk eta EHUk sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker gauzatu dala adierazo dau. Erakunde biek lankidetzan jardungo dabe berezko tituluen eta graduondokoen euskerazko eskaintzea bultzatzen, besteak beste arlo desbardinetako irakasle euskaldunak batzeko zubi-lanak eginez.
Euskal Herriko Lurraldea eta Paisaia, Euskal pentsamendu kritikoa XX-XXI. mendeetan, Itzulpengintza eta teknologia, eta Hondakinen kudeaketa eta tratamendua graduondokoetan izena emoteko epea irailaren 15ean amaituko da. Graduondokoen datak, edukiak eta abar, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!