Hiru antzezlan eta opera bat estreinauko ditu Arriaga antzokiak datorren denporaldian

Bizkaie! 2013-06-05 11:58   kulturbiz

Arriaga Antzokiak hurrengo denporaldia aurkeztu barri dau, aurtengo abuztutik datorren urteko bagilera bitarteako programazinoa, hain zuzen be. Hiru antzezlan eta koprodukzino liriko bat estreinauko ditu Bilboko antzokiak.

Arriaga Antzokiak hurrengo denporaldia aurkeztu barri dau, aurtengo abuztutik datorren urteko bagilera bitarteako programazinoa, hain zuzen be. Hiru antzezlan eta koprodukzino liriko bat estreinauko ditu Bilboko antzokiak. Emilio Sagi antzokiko zuzendari artistikoak eta Ibone Bengoetxea Bilboko Kultura zinegotziak egin eben aurkezpena.

El juez operea eta Los enamorados, El crédito y Los hijos de Kennedy antzezlanen estreinaldiak hartuko ditu Arriagak. Mueta guztietako publikoa kontuan hartu dabela nabarmendu eben aurkezpenean antzokiko arduradunek.

Kepa Junkerak eta Ara Malikianek kontzertua eskainiko dabe urriaren 30ean. Urte hasieran, urtarrilaren 19an, Benito Lertxundi izango da Arriagan; martian, Wim Mertensek eta Kirmen Uribek Mussche aurkeztuko dabe; eta, maiatzean, Eñaut Elorrietak Deserriko kantak lana ekarriko dau.

Arriaga Antzokiaren produkzino propioa da El juez, Austriako Tiroler Festpiel ERK jaialdiagaz batera gauzatutakoak. Mundu mailako estreinaldia izango dala aurreratu dabe. David Giménez Carreras da musika-zuzendaria, Emilio Sagi, eszena-zuzendaria eta Daniel Bianco, eszenografoa. Ume jaiobarrien lapurretea da opera honen ardatza. Apirilean izango dira saioak.

El dúo de la africana lana, Arriagaren eta BBKren produkzino arrakastatsuaren itzulerea, martian etorriko da. Manuel Fernández Caballerok Michel Echegarayren libretoagaz egindako ekitaldi bakarreko zarzuelearen bersinoa da. Egitarau lirikoa bagilearen 20an itxiko da, Zarzuela Galeagaz.

Carlo Gordoniren Los enamorados antzezlana urriaren 24an estreinauko da. Antzerki estreinaldi absolutuak eskainiko ditu Arriagak: El crédito, Jordi Galceránek idatzia eta Gerardo Verak zuzendua (irailaren 19tik 22ra), eta Los hijos de Kennedy (irailaren 26tik 29ra), Maribel Verdú, Ariadna Gil eta Emma Suárezegaz, José Mªaria Pouk zuzenduta.

Abenduaren 11n, Herritmo ikuskizunaren lehenengo emonaldiaz gozetako aukerea izango da Arriagan. Musikea, kantua eta herri-kirolak buztartzen dituan eszena-kolaborazinoaren emoitzea da proiektua. Oreka Tx, Kalakan hirukote eta Kukai jantza konpainia alkarregaz eszenatokian ikusiko doguz, hain zuzen be.

Jantza arloan, askotariko konpainiak eta estiloak batuko dira Bilbon, berbarako, Ravelen Boleroa ezagunaren hiru bersino ikusteko aukerea izango da, Víctor Ullateren Balletaren bersino neoklasikoa, Antonio Márquezen flamenkoa eta Gauthier Danceren garaikidea.

Arriagako Gelatxoak eszenatokian egitaraua indartuta dator, igaz lortutako arrakastearen ostean. Hamar Gelatxo egongo dira eszenatokian, hainbat generotakoak, besteak beste, antzerkia, jantzea, kabareta, poesia eta lirikea.

2013-2014 denporaldiko nobedadeetako bat bisitaldi gidatuak dira; domeka goizetan, aktore eta kantariak lagun, publikoarentzako bisitak atonduko dira.

Programazino barriko ekitaldien sarrerak bagilaren 26tik aurrera egongo dira salgai, Arriagan bertan, www.teatroarriaga.com webgunean eta 946 850 850 telefonoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu