David Rubinek egin dau aurtengo Getxoko Komiki Azokako kartela

Bizkaie! 2013-06-03 18:20   kulturbiz

David Rubínek, Espainian zein kanpoan egun komikigile ospetsuenetako bat danak, egin dau Getxoko 12. Komiki Azokako kartela. Azokea zemendiaren 22tik 24ra izango da Areetako Geltokia plazan eta bertan 60 saltoki kokatuko dira.

David Rubínek, Espainian zein kanpoan egun komikigile ospetsuenetako bat danak, egin dau Getxoko 12. Komiki Azokako kartela. Azokea zemendiaren 22tik 24ra izango da Areetako Geltokia plazan eta bertan 60 saltoki kokatuko dira. Horrezaz gan, hainbat jarduera eta nazinoarte mailako egileak be izango dira azokan.

Rubínen (Ourense, 1977) jarduerea Galiziako komiki esparruan abiatu zan, Barsowia, BD Banda eta beste fanzin batzuetan, eta La Voz de Galicia egunkariaren Golfiño gehigarrian. Jarraian estadu osoan kaleratzen diran aldizkarietan istorio laburrak argitaratzen hasi zan, esaterako Dos Veces Breve eta Humo argitalpenetan, eta talde-lanean eginiko antologia liburuetan be bai.

Ospea lehenengo eleberri grafikoaren eskutik heldu jakon, El circo del desaliento (2005) izenburuko lan horren eskutik, hain zuzen be. Lan horri esker Bartzelonako 2006ko Komiki Azokan egile hasibarri onenaren sarirako izentau eben eta Castelako Komiki Saria irabazi eban. Lana galizieraz eta gazteleraz kaleratu zan eta, europar merkaturako, italieraz eta frantsesez.

2006. urtean, La tetería del oso malayo kaleratu eban eta Bartzelonako 2007ko Komiki Azokan lau mailatako sarietarako izentau eben: lan onena, idazle onena, marrazkilari onena eta egile hasibarri onena. Azken horretan saria irabazi eban eta urte horretan Komiki Sari Nazionalaren finalista be izan zan. Horrezaz gan, eleberri grafikoak Pragako Komikfest-en atzerriko lanik onenari eta Italiako Sarzana komiki jaialdiaren atzerriko egile onenari emondako sariak irabazi zituan.

Handik bi urtera Cuaderno de tormentas egin eban, Rubín beraren imitatzaile bat protagonista dauen lana eta liburua egiteko bi orriko konposizinoa erabili eban. 2011n eta 2012an, El héroe lana kaleratu eban bi liburutan. Komiki horretan, Heraklesen (Herkules) hamabi lanen mitoa moldatu eban eta garai fantastiko zehaztubakoan girotu eban istorioa, lehenaldia eta oraina eta zintza-fikzinozko elementuak buztartuta. Lan horregaz lan nazional onenari emondako saria irabazi eban Zaragozako Komiki azokan, 2012 Kritiko Espainiarren Saria egile onenari eta baita 2011. eta 2012. urteetako Entrecómics sariak lan nazional onenari be. Era berean, Bartzelonako 2013ko Komiki Azokako sarietarako izentau eben, lan onenaren mailan.


Aurretiko izen-emotea zabalik

Aste honetan izen-emote epea zabaldu dau Komiki Azokeak saltokiak kontratetako. Liburu-denda espezializatu, merchandising-denda, argitaletxe eta beste saltegi batzuen arduradunek beren eskabideak bialdu ahal izango ditue Getxoko Kultur Etxera garagarrilaren 31ra arte. Oinarriak eta izen-emote orria dagoeneko eskura daitekez azokako web orrian: www.salondelcomidegetxo.net.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu