11 Kolore Fest-Aniztasun Eguna bagilaren 1ean Donostian
2013-05-31 14:52 kulturbizDana dago prest Euskal Herria 11 Kolore herri ekimenak zapaturako, bagilaren 1erako, Donostian deitu dauen 11Kolore Fest - Aniztasun Egunerako. Gora aniztasuna-Bai aniztasunari! lelopean Donostiako kaleetan egingo dan 11 Tanbor Martxea izango da ekitaldi nagusia.
Dana dago prest Euskal Herria 11 Kolore herri ekimenak zapaturako, bagilaren 1erako, Donostian deitu dauen 11Kolore Fest - Aniztasun Egunerako. Gora aniztasuna-Bai aniztasunari! lelopean Donostiako kaleetan egingo dan 11 Tanbor Martxea izango da ekitaldi nagusia.
Berrogei bat perkusino eta animazino talde helduko dira autobusez Euskal Herriko herri askotatik. Horreen artean dagoz, besteak beste, Atanbora martxearen doinua sortu dauen Oreka Tx musika taldea; Lekittoko Deabruak kale-antzerkiko taldea; Mamiki, Ermuko gaita-joleak, Sestaoko Katxarrada, Sarriguren Batukadea, Ghanar, Senegaldar edota Saharar jatorrizko alkarteen jantzari eta perkusinojotzaileak; jai-koadrilak, erraldoien konpartsak, joaldunak eta zanpantzarrak eta abar.
Gainera, Donostiako zortzi tanborradek -Union Artesana, Tenis Alkartea, hainbat ikastola eta beste batzuek- parte-hartzea baieztatu dabe.
11 Kolore Fest-Aniztasun Egunaren egitaraua
Donostiara goizetik joango dan jenteak pintxo-poteo berezi bat egin ahal izango dau, 11 Pintxo 11 Zapore ekimenari esker. Alde Zaharreko hamaika tabernek 2 euroren truke pintxo berezia eskainiko dabe egun horretan, Senegal, Andaluzia, Ukrainia, Galizia, Kuba, Irlanda, Sahara, Ekuador,
Pakistan, Txina eta Mexikoko gastronomietan oinarritutakoa eta ospakizunerako berenberegi sortutakoa.
Goizeko 11:00etatik 13:30era bitartean, Boulevard-en, umeentzako maskarak eta tanborrak egiteko tailerra antolatuko da. Porrotx pailazoak zuzenduta, bertan arratsaldeko martxan joteko perkusino-tresnak egiten irakatsiko da.
17:15ean, Alderdi Ederreko lorategietan, EH 11 Koloreko bozeroaile Xabier Mendiguren Bereziartuk kazetariei adierazpenak egingo deutsez. 17:30etan ekitaldia hasiko da, Yolanda Bustillo aktoreak aurkeztua. Samira Goddik eta Xabier Mendigurenek pregoia irakurriko dabe eta, ondoren, txupinazoa botako dabe; horren ostean, Oreka Tx taldeak sortu dauen Atanbora abestia danon artean joko dogu. Hori amaitu eta berehala abiatuko da 11 Tanbor Martxea, Txantreako Zanpantzarrak, Burubeltz maskota eta Taupada tanborradak buruan izango dituala. Donostiako uriguneko kaleak zeharkatu ostean, Boulevarden amaituko da ekimena eta, bertan, Lekittoko Deabruak antzerki taldeak animauko dau giroa.
EH 11 Kolore
Euskal Herria 11 Kolore, gure gizartean bizi dogun jatorri aniztasunaren inguruan, hausnartu eta eztabaidea sustatzeko asmoagaz jaiotako herri ekimena da. Aniztasun horrek euskal kultureari eta euskal gizarteari ekarriko deutson aberastasuna da abiapuntua.
Ekimen hau, gure herriko, gizarte eragile nahiz erakunde ororen parte hartzeari irekia dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!