Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak 2011n deitutako literatur sarietako lan irabazleak argitaratu ditu
2013-05-20 14:47 kulturbizEuskal Herriko Unibersidadeko Argitalpen Zerbitzuagaz batera, Jon Sudupe Martijak (Azkoitia, 1947) euskerazko Miguel de Unamuno 2011 XIII. Saiakera saria irabazteko idatzitako Oi Europa! lana argitaratu da. Europa berbagai eta filosofo nagusiak bidaide hartuz, horreek Europaz emondako ikuspegia azaltzen dau egileak.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak euskerazko eta gaztelaniazko zenbait lan argitaratu ditu azken lauhileko honetan. Argitalpen horreek, Kultura eta Hezkuntza Sailak 2011n antolatutako literatur sariketetako lan saridunak jasoten ditue.
Devenir argitaletxeagaz alkarlanean, Kultura eta Hezkuntza Sailak César Ibáñez Parísen La ruta de la Sed, Blas de Otero-Bilboko Hiria 2011 IV. Poesia Sariaren irabazlea, eta Jairo García Jaramillo irakasle granadarraren La mitad ignorada, gaztelaniazko Miguel de Unamuno 2011 XIII. Saiakera sariduna, argitaratu ditu.
La ruta de la sed kalidadezko poema liburua da, edukiari zein formeari jagokenez, eta azpimarragarriak dira txandakatze erritmikoak eta hizkuntza sinbolikoaren eta metaforikoaren erabilera egokia. Bertan gozotasuna eta indarra buztartzen dira, poesia bizitzagaz lotuta dagoan lana sortzeko. Egilea, César Ibáñez París (Zaragoza, 1963), Filosofia Hispaniarrean lizentziatua da Zaragozako Unibersidadean. Poesia eta eleberriak argitaratu ditu, eta hainbat literatur sari jaso ditu, besteak beste: Soriako Foru Aldundiak emoten dauen XIV. Gerardo Diego Poesia Saria 1998. urtean (La máscara blanca, 1999) eta XXI. Ángel Martínez Baigorri Poesia Saria (Intemperies, 2004).
La mitad ignorada. En torno a las mujeres intelectuales de la Segunda República saiakera lanari jagokonez, azterlan kritikoa, zorrotza eta ondo oinarritua da, eta joan dan mendeko lehen hamarkadatako Espainiako emakume idazleen eta intelektualen taldeak egin zituen ekarpenen barri emoten dau. Egilea, Jairo García Jaramillo, Filologia Hispaniarrean lizentziatua da Granadako Unibersidadean. Bigarren Hezkuntzako irakaslea da, eta bere ikerketen artean, Javier Egea poeteari, Góngorari, Valle-Incláni edo Leonard Coheni buruzko azterlanak dagoz, prentsan, irratian eta aldizkari espezializatuetan egin dituan kolaborazinoez gan.
Beste alde batetik, Euskal Herriko Unibersidadeko Argitalpen Zerbitzuagaz batera, Jon Sudupe Martijak (Azkoitia, 1947) euskerazko Miguel de Unamuno 2011 XIII. Saiakera saria irabazteko idatzitako Oi Europa! lana argitaratu zan. Egile horrek sari bera irabazi eban 2003an eta 2007an. Oraingo honetan Europa da berbagaia. Filosofo nagusiak bidaide hartuz, horreek Europaz emondako ikuspegia azaltzea dau asmo, bere pentsamenduan oinarrituz, mendebaldeko tradizino filosofikoa berreskuratuz.
Filosofian eta Hezkuntza Zientzietan lizentziautako Jon Sudupe Martijak euskeraz idatzitako saiakera lan zabalak hainbat sari jaso ditu, besteak beste, 1983ko Euskaltzaindiaren saiakera saria, Karl Marx: Teoria eta política lanagaz, eta Irun Hiria saria birritan irabazi dau, 1990ean eta 1996an.
Horrezaz gan, Gabriel Aresti – Bilboko Hiria Ipuin Lehiaketa 2010-2011 XXVII. eta XXIX. lehiaketak irabazi dituen lanak be argitaratu dira, euskeraz eta gaztelaniaz.
Gaztelaniaz argitaratu diran ipuinak ondokoak dira: Corazón cocido (María Laura Massolo, XXVIII. edizinoko irabazlea, 2010), Basilio debe morir (Sergio Petriw, XXVIII. edizinoko akzesita, 2010), Catorce rosas rojas (Miguel Ángel González González, XXVIII. edizinoko akzesita, 2010), Cazador de tapires (Mariano Quirós, XXIX. edizinoko irabazlea, 2011), Putamadre (Maite Sasia Vergara, XXIX. edizinoko akzesita, 2011) eta El negro Betancourt (Juan Andrés Sáiz Garrido, XXIX. edizinoko akzesita, 2011).
Eta euskerazko sariak jaso zituen eta argitalpenera batu diran lanak ondokoak dira: Iraultza gaueko erreleboan (Iñaki Basterretxea Gaztelua, XXVIII. edizinoko irabazlea, 2010), Tanta (Izaskun Gracia Quintana, XXVIII. edizinoko akzesita 2010), Gautxoriak (Haizea Barcenilla García, XXVIII. edizinoko akzesita, 2010), Berunezko iretargia Quilates vaporean (Jose Inazio Basterretxea Polo, XXIX. edizinoko irabazlea, 2011) eta Artesiak barrenean (Jon Abril Olaetxea, XXIX. edizinoko akzesita, 2011).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!