Lan mundua euskalduntzeko konferentzia antolatu dau Kontseiluak bagilaren 13rako

Bizkaie! 2013-05-15 11:40   Euskerea berbagai

Lan munduan zeresana daben lau eremu nagusiei, hau da, enpresariei, langileei, administrazinoari zein herritarrei, gaiaren inguruan berba egiteko plazea eskaini nahi deutsegu eta horretarako Kontseiluan parte hartzen dogun aholkulariok Lan mundua euskalduntzeko konferentzia antolatu dogu bagilaren 13rako.

Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak euskereak lan munduan dauen egoerearen inguruan hausnarketea egin dau, aholkularitza sektorean dabilzan bazkideakaz, eta lan munduko beste eragileakaz konpartidu dau hausnarketa hori. Ondorio horreekaz guztiakaz, lan mundua euskalduntzeko konferentzia antolatu dau bagilaren 13rako, Arrasaten, Garaia Barrikuntza Zentroan.

Igazko bagilean, euskereak lan munduan bizi dauen egoereagaz arduratuta, aholkularitzearen sektorean lan egiten daben Kontseiluko bazkideek gogoetarako deia egin eutsien lan munduko eragileei. Orduan, egoerearen diagnostikoa egin eta alkarbanatu beharraz eta aurrera begirako proposamenei buruz hausnartu beharraz berba egin eben.

Kontseiluko idazkari nagusi dan Paul Bilbaok konferentzia aurkezteko agerraldian Bilbon adierazo dauenez, honezkero lan munduaren euskalduntzean lanean dabilzan eragileek egoerearen diagnostikoa egin eta sektoreko eragile garrantzitsuenakaz hausnarketa prozesua garatu dabe. Enpresariakaz, sindikatuakaz, kontsumitzaileen alkarteakaz zein administrazinoko ordezkariakaz berba egin dogu egoerearen ganean, zehaztu dau.

Holan, lan mundua euskalduntzeko ezinbestekoak diran zenbait neurri aztertu ditue eragile guztiakaz, hau da, normalizazinorako espazioen euskalduntzeak dauen garrantziaz, hizkuntza-politiken eta arauaren funtzinoaz, enpresek eta langileek hartu beharreko konpromisoez eta behar dituen bitartekoez edota laguntzez, eta bezeroek honetan laguntzeko izan leikien zereginaz.

Orain abian jarritako prozesu horretan pausu gehiago emoteko sasoia dala uste dau Kontseiluak. Lan munduan zeresana daben lau eremu nagusiei, hau da, enpresariei, langileei, administrazinoari zein herritarrei, gaiaren inguruan berba egiteko plazea eskaini nahi deutsegu eta horretarako Kontseiluan parte hartzen dogun aholkulariok Lan mundua euskalduntzeko konferentzia antolatu dogu bagilaren 13rako, azaldu dau.

Konferentzia Arrasateko Garaia Barrikuntza Zentroan izango da eta aitaturiko eremu nagusi horreetako bakotxak bere tartea izango dau: Euskeraz lan egin nahi dot: Sindikalgintzearen ekarpena; Euskeraz saldu nahi dot: Enpresen ekarpena; eta Euskeraz erosi nahi dot: Kontsumitzaileen ekarpena.


Kanpoko esperientzia

Paul Bilbaok adierazo dauenez, horrezaz gan, eta administrazinoari jagokonez, kanpoko esperientzia baten barri be izango da. Horretarako, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Orokorretik Hizkuntza Araubiderako buru Joan Ramon Solé Duranyk bertan abian jarritako politiken barri emongo dau.

Amaitzeko, igaz jarritako prozesuari amaierea emoteko eta etorkizunerako lan-lerroak aurkezteari begira, Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko atondu dauen adierazpenaren barri be emongo dau. Gero eta gehiago gara geure herrian "'euskeraz bizi nahi dot" ideiagaz bat egin eta euskeraz biziteko hautua egiten dogun herritarrak eta ondorioz baita enpresa, erakunde zein bestelako eragileak be, adierazo dau.

Amaitzeko, Bilbaok gaineratu dau lan munduan pausu garrantzitsuak emon dirala azken urteetan, baina neurri barriak ezinbestekoak dirala azpimarratu dau, prozesua orokortzeko, azkartzeko eta eraginkorrago bilakatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu