We Are Standard eta Mendetz taldeek edegiko dabe MAZ Basauri jaialdia

Bizkaie! 2013-05-03 13:42   Musikea

Hemen da MAZ Basauri jaialdiaren bigarren edizinoa. Lau kontzertu eskainiko ditue Social Antzokian, lehenengoa maiatzaren 3an, 21:00etan: We Are Standard eta Mendetz. Ganera, talde bizkaitarrak Day disko barria lehenengoz aurkeztuko dau Euskal Herrian.

Hemen da MAZ Basauri jaialdiaren bigarren edizinoa. Lau kontzertu eskainiko ditue Social Antzokian, lehenengoa maiatzaren 3an, 21:00etan: We Are Standard eta Mendetz. Ganera, talde bizkaitarrak Day disko barria lehenengoz aurkeztuko dau Euskal Herrian.

Martiaren 25ean kaleratu eban We Are Standard taldeak Day, euren estudioko laugarren beharra. Euren ostean, Bartzelonatik datorren eta pop elektronikoa egiten dauen Mendetz bandeak joko dau. Jantzan egiteko proposamen parebakoa, beraz, Social Antzokian 21:00etatik aurrera.

MAZ Basauri jaialdiko bigarren hitzordua hurrengo barikuan izango da, maiatzak 10ean. Giro lasaiagoa izango da Basaurin, Christina Rosenvinge eta MobyDicken eskutik. Rosenvingek urteak emon ditu AEBetan, New Yorken. Hiru disko atera zituan Ameriketan. Rolling Stone aldizkariak bere azkenengo lana maisulana dala esan dau. MobyDickek Cotard Delusion lan barria aurkeztuko dau MAZen. Eneko Burzako getxotarrak Nacho Mastretta eta Ainara LeGardon musikarien laguntzea izan dau diskoan.

Catpeople eta Najwa taldeen kontzertuek beteko dabe MAZen hirugarren ekinaldia, 17an. Catpeople Bartzelonara lekualdatutako talde galiziarrak hiru disko kaleratu ditu eta Europan zehar jo izan dabe. Najwa Iruñean jaiotako aktore eta abeslariak igaz argitaratutako Donde rugen los volcanes diskoa dakar Social Antzokira.

MAZen atzenengo kontzertuak maiatzaren 24an emongo ditue Iván Ferreirok eta Garik. Piratas taldeko lider izandakoak bost disko plazaratu ditu bakarka. Garik oraintsu kaleratutako EzDaAmaiera laneko kantak joko ditu.

Joan dan urtean lez, Social Antzokiko besaulkiak kendu egingo ditue lau kontzertuetan. Sarrerei jagokienez, lehenago erosi ezkero, 10 euro (gehi banaketa gastuak) balioko dau, eta lauretarako bonua, 30 euro (gehi banaketa gastuak).

MAZ 2013k debaldeko kontzertuak be antolatu ditu, kalean. Maiatzaren 11, Sr. Chinarrok emongo dau kontzertua, eta 18an, Jero Romerok. Maiatzaren 4an, Txiki MAZ umeentzako egitaraua prestau dabe; Zodiacs taldearen kontzertu berezia, bateria elektroniko eta sampler tailerrak, Oliver magoaren ikuskizuna eta abar.

Zinemeak be badauka lekua MAZen, izan be Basauriko Social Antzokiak musikeagaz lotutako film eta dokumentalak programauko ditu eguenero. Ondoko pelikulak izango dira ikusgai: Searching For Sugar Man, Nadie sabe nada de gatos persas eta izar handien inguruko filmak, besteak beste, The Doors (When You’re Strange), Bob Dylan (I’m Not There) edo Joe Strummer (Joe Strummer. The Future Is Unwritten).

Igaz, 2.000 lagun baino gehiago batu ziran MAZ jaialdian, antolatzaileek jakinarazo dabenez. Delafé y las Flores Azules, Sidonie, Nacho Vegas eta Lisabö izan ziran igazko protagonistak, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu