Martxan da Leizaola Fundazinoak antolatutako XVII. Euskal Astea

Bizkaie! 2013-04-29 14:00   jardunaldiak

Leizaola Fundazinoak XVII. Euskal Astea antolatu dau Bilbon, apirilaren 29tik maiatzaren 4ra. Berbaldiak, bertso-saioa eta Euskonbolea antolatu ditue egunotan.

Leizaola Fundazinoak XVII. Euskal Astea antolatu dau Bilbon, apirilaren 29tik maiatzaren 4ra. Berbaldiak, bertso-saioa eta Euskonbolea antolatu ditue egunotan.

Astelehenean, apirilak 29, IVAP/HAEE-ek aurten argitaratutako Komunikazio elektronikoa liburua aurkeztuko dabe, 16:30ean. Eneko Oregi erakundeko zuzendariordea eta Xabier Amatria teknikaria izango dira hizlariak. Ostean, bertsolaritzea izango da protagonista Bilboko Foru Liburutegian, izan be 18:00etan bertso-saioa eta gazteak eta bertsolaritzeari buruzko mahai-ingurua prestau ditue. Arrate Illaro, Eneko Abasolo Abarkas eta Peru Vidal bertsolariek hartuko dabe parte. Bizkaia Irratiko Libe Agirre kazetaria izango da moderatzailea.

Hurrengo egunean, 30ean, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendariak legealdi honetan Gazteria Zuzendaritzeak garatuko dituan lan arlo nagusiak aurkeztuko ditu. 17:30ean, Emilio Olabarria EAJko diputaduak Catalunya eta Euskadik bere etorkizuna erabagiteko eskubidea berbaldia emongo dau.

Handik ordubetera alderdi politikoetako ordezkariek EAEk Kataluniak edegitako bidea segidu leiken ala ez aztertuko dabe. Ondoko politikariek hartuko dabe parte: Jon Aiartza (EAJko legebiltzarkidea), Juanjo Agirrezabala (EH-BILDUko legebiltzarkidea), Andoni Unzalu (PSE-EEko ordezkaria), Gorka Maneiro (UPyDko legebiltzarkidea) eta PPko ordezkari bat. Katixa Etxebarria EHUko Zuzenbide Fakultadeko irakaslea izango da moderatzailea.

Amaitzeko, maiatzaren 3an eta 4an, Euskonbola euskal tonbolea egingo dabe, Bilboko Zubiarte merkatalgunean. 12:00etan edegiko dabe Euskonbolea eta ekitaldi berean Usoa lantegiko beharginak omenduko ditue. Euskonbolea gazteei zuzendutako jolasa da, euskerazko piropoak idatzi eta sari ederrak irabazteko aukera polita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu