Artea ardatz, jarduera ugari programau ditue Bilboko erdigunean maiatzaren 3 eta 4rako
2013-04-26 15:22 kulturbizBilbao Art District ekimen barriaren aurkezpena izango da Arteen Asteburua eta, holan, erakusketak, kontzertuak, astialdiko jarduerak eta bisita gidatuak egongo dira. Bilboko hainbat museo, arte galeria eta kultur arloko gunek bat egin dabe, Arteen Asteburuaren bidez, Bilbo mundu mailako zirkuituetan sartzeko.
Bilbao Art District ekimen barriaren aurkezpena izango da Arteen Asteburua eta, holan, erakusketak, kontzertuak, astialdiko jarduerak eta bisita gidatuak egongo dira. Bilboko hainbat museo, arte galeria eta kultur arloko gunek bat egin dabe, Arteen Asteburuaren bidez, Bilbo mundu mailako zirkuituetan sartzeko. Arteak kalera urtengo dau maiatzaren 3an eta 4an eta ekintza guztiak dobakoak izango dira.
Jose Luis Sabas Bilboko Udaleko zinegotziak azpimarratu dauenez, nazinoarteko hitzordu garrantzitsuenetakoakaz bat egingo dau Bilbok Arteen Asteburuagaz, Europako uri handienetan egiten diran jardueren parekoa izango da hau. Uritarrei zein bisitariei arteaz kalean disfrutetako aukerea emon gura deutsie baina, ganera, ikuspegi ekonomiko batetik be eratu dabe, artea eta kulturea ekonomiaren motor izan leitekez, aberastasun eta enplegu sortzaile dira, Sabasen arabera. Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko kultura diputaduak bide beretik jo dau: Arteen Asteburua turismoan eta ekonomian eragiteko tresna izango da. Jarduera gehien-gehienak, Bilboko Zabalgunean izango dira, Kale Nagusiaren eta Abandoibarraren arteko zatian, izan be, bertan dagoz arte galeriarik entzutetsuenak eta Arte Ederren zein Guggenheim museoak. Bilboko gune horri balioa emon gura deutsagu, artearen alorrean han mobiduten dana ezagutzera emon, adierazo dau Sabasek.
Arteen Asteburua, eta Bilbao Art District ekimena oro har, uriburuko hainbat arte galeriaren ekimena da. Hiru museo (Itsas Museoa, Arte Eder Museoa eta Guggenheim) eta Rekalde Aretoa be batu dira maiatzaren 3 eta 4ko programarako. Inguruko beste kultur eragile batzuk eta enpresa pribaduren bat edo beste be sartu dira egitasmoan, baita Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala be. Josune Ariztondoren ustez, ahalegin kolektiboari esker sortu da egitaraua, bakotxak bere neurriaren arabera egin dau ahalegina, danen artean goi mailako ekimena eratzeko. Galerien ordezkari Petra Perezek ganeratu dauenez, hau ez da gune indibidualak nabarmentzeko ekintzea, eremu osoari nortasuna emon nahi deutsagu, danok batera.
Beraz, maiatzaren 3an, barikua, hasita eta maiatzaren 4an, zapatua, amaituta, Arteen Asteburuak Bilboko kaleak, galeriak eta museoak hartuko ditu. Antolatutako jarduera guztiak kulturearen ingurukoak dira, baina aniztasun handia dago eta edade guztietarako dira. Guggenheim, Arte Eder Museoa, Itsas Museoa eta Rekalde Aretoa gaueko 22:00ak arte zabalduko ditue eta sarrerea dobakoa izango da. Ohiko erakusketez ganera, tailerrak eta emonaldi bereziak programau ditue. Aitagarriena, akaso, Itsasadarra Itsas Museoan egongo diran OSEDAX instalazino interaktibo ikusgarria eta Bilboren maketea, Shanghaiko Erakusketa Unibersalean egon zana. Esther Ferrerrek zapatuan Guggenheim Museoan egingo dauen performancea be nabarmendu behar da.
Galeriei jagokenez, Vanguardia galeriara Manuel Ballester Espainiako Argazkilaritza Sariko 2010eko irabazlearen erakusketa berezia eroango dabe. Michel Mejuto galeriara bisitaldia egingo dau Getariako Balenciaga museoko zuzendariak eta Windsor Galerian, Xabier Loyolaren erakusketa barria zabalduko dabe. Juan Manuel Lumbreras gunean, poesia errezitaldia iragarri dabe eta Kalao Panafrican Creations-ek, bere aldetik, Camara Gueye-k Afrikari buruz sortutako artelanen bildumea aurkeztuko dau. Era berean, Bizkaiko diseinatzaileen moda desfileak, familientzako tailerrek, ikuskizunek eta proposamen gastronomikoek Bilboko kaleak beteko ditue. Arteen Asteburuaren amaiera ekitaldia Rekalde Aretoan izango da, maiatzaren 4an, 20:30ean. Nazinoarteko artistak ekarri eta eskaintzea aberastea da gure asmoa, dino Petra Perezek.
Aurten lehenengoz egingo dabe Arteen Asteburua Bilbon, baina hitzordua finkatu eta apurka-apurka nazinoarteko zirkuituetan lekua egiten joatea da asmoa. Ariztondoren ustez, Bilbo eta Bizkaia nazinoarteko zirkuituan sartzeko beste pausu bat da hau. Informazino gehiago: www.bilbaoartdistrict.com
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!