Axun Aierberi eskainitako ‘Hitzen artean’ omenaldi liburua aurkeztu dabe
2013-04-26 14:07 kulturbizEuskal itzulpengintzearen irakaskuntza, ikerkuntza eta praktikan jardun eban Axun Aierbek. Hiru arlo horreetan Axun Aierbek izan eban zeregin garrantzitsua azpimarratzen da omenaldi honetako ikerketa-lanetan.
Gaur, apirilak 26, UPV/EHUren Letren Fakultadeko gradu aretoan aurkeztu dabe Axun Aierberi eskainitako Hitzen artean omenaldi liburua. Ekitaldian izan dira Xabier Etxaniz UPV/EHUko Euskera arloko errektoreordea, Iñaki Bazán Letren Fakultadeko dekanoa, Gidor Bilbaok (UPV/EHUko lehengo euskerako errektoreordea), Xabier Payá, Elizabete Manterola eta Naroa Zubillaga idazlanaren egileak eta Nerea Madariaga eta Fernando García Murga edizinoaren koordinatzaileak.
Hitzen artean. Axun Aierbe gogoan
Euskal itzulpengintzearen irakaskuntza, ikerkuntza eta praktikan jardun eban Axun Aierbek. Hiru arlo horreetan Axun Aierbek izan eban zeregin garrantzitsua azpimarratzen da omenaldi honetako ikerketa-lanetan. Azken hogeita hamar urteotan, euskal itzulpengintzeak, euskerearen garapenaren eskutik, itzulpen-baliabide eta modalidadeen bilakaera sakona izan dau, liburu honek erakusten dauenez. Alde batetik, euskal itzulpengintzako arlo desbardinei buruzko lanak eskaintzen dira hemen: bikoizketea, antzerkia eta ume- eta gazte-literaturearen euskeratzearen azterketea. Corpuseko itzulpengintzearen azterketa deskribatzaileak be ordezkatuta dagoz liburu honetan: analisiok euskerazko itzulpenen ezaugarriak nabarmentzen ditue, esate baterako, itzultzaileen euskal sena edota estandarizazinoa. Metodologia bera erabiliz, itzulpen-kritikagintzea be aztertzen da artikulu batzuetan. Azkenik, euskal itzulpengintzan eta, oro har, euskalgintzan hain garrantzitsua dan terminologiaren gaia be jorratzen dabe liburu honetako zenbait lanek.
Axun Aierbe
Axun Aierbe Mendizabal (1968, Altzo) Euskal Filologian lizentziatua zan. Hizkuntzalaria, EHUko irakaslea, itzultzailea eta euskalgintzako eragile ezaguna izan zan. Itzulpengintzako Felix Ugarte Itzulpen lehiaketea hiru aldiz irabazi eban.
Ibarrako Udalean hasi zan lanean karrerako azken urteetan. Bere eginkizunen artean, hizkuntza normalizazinoa egoan. Gaztea izan arren, Gipuzkoako euskera teknikarien lehen belaunaldiko kide izan zan.
Ibarratik Gasteizera aldatu eban lantokia, Euskal Herriko Unibersidadeko Arabako campusera hain zuzen. Han Filologia eta Geografia-Historiako Fakultadeko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen Saileko irakaslea zan. Gainera, Ikasle-gaietarako eta Euskerarako Dekanordea be bazan.
Ibilibide profesionalaz aparte, makina bat lan egina zan mosu-truke euskerearen alde eta, besteak beste, urteetan Galtzaundi Alkarteko presidentea izan zan.
Axun Aierbe Mendizabal 2008ko apirilaren 15ean hil zan, Donostian, 40 urte betetzear zituala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!