Bilboko eraikin berezietara egiten diran bisita gidatuen egitaraua maiatzean hasiko da

Bizkaie! 2013-04-16 11:24   kulturbiz

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak uriko eraikin enblematikoetara egiten diran bisita gidatuei ekingo deutse barriro maiatzaren hasieran. Ekimena ondarearen hedapenerako Bilbao Izan programearen barruan dago eta aurtengo edizinoan uriko hiru komentu bisitauko dira.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak uriko eraikin enblematikoetara egiten diran bisita gidatuei ekingo deutse barriro maiatzaren hasieran. Ekimena ondarearen hedapenerako Bilbao Izan programearen barruan dago, 2010ean jarri zan martxan, eta aurtengo edizinoan uriko hiru komentu bisitauko dira.

Holan, egitarauaren barruan, maiatzean eta bagilean, Atxuriko Gizakundearen komentua eta Deustun dagoan eta gaur egun Angeles Custodioseko monjen bizitoki Rafaela de Ybarraren etxe zaharra -Villalonga Etxea- bisitauko dira. Bisita horreetan, higiezinak barrutik ezagutzeko, arkitekturearen eta diseinuaren ikuspegietatik dituen berezitasunak zeintzuk diran jakiteko eta uriaren historian izan eben garrantzia ezagutzeko aukerea egongo da. Bisitak irailean hasiko dira barriro.

Jarduerea maiatzaren 4an jarriko da martxan, Gizakundearen komentura egingo dan bisiteagaz. Eleizeak eta klaustroak osotzen daben multzoa Bilboko uribarren historikoetako batean dago. Ibeni -hori zalako gaur egungo Atxuri auzoak jatorriz eukan izena- Gaztelarako Errege Bide zaharraren azken zatia zan.

Multzo horretako lanak 1515ean hasi ziran, eta eraikin barriaren barruan lurperatuak izan nahi eben aberatsen diru-ekarpenei esker egin ziran. Bisitan zehar, kurutze latino formako nabea dauen eleizea eta klaustroa bisitauko dira, eta 1995etik Bilboko Eleiz Museoan dagozan zenbait artelan ikusiko dira.

Gizakundearen komentura egingo diran bisitak euskeraz eta gaztelaniaz izango dira, martitzenetan eta eguaztenetan, 17:00etan eta 18:45ean; eguenetan eta barikuetan, 10:00etan eta 18:00etan; eta zapatuetan 10:00etan eta 11:45ean. Bisitak maiatzaren 31ra arte egingo dira, ordu eta erdi inguruko iraupena izango dabe, eta talde bakotxak, gehienez, 25 persona izango ditu. Hori dala eta, beharrezkoa izango da erreserbea egitea 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (8:00etatik 20:00etara), apirilaren 22tik aurrera.


Bilbao Izan

Bilbao Izan programea orain zortzi urte sortu zan, bilbotarrei eta interesa daben guztiei uriaren historia, ondarea eta gaur egun uria osotzen daben guneek denporan zehar izan daben bilakaerea eta eraikuntzea ezagutarazoteko. Asmo horregaz zenbait ekimen garatu dira, horreen artean, auzoetara egindako bisita gidatuak, Bilbo, hil bakoitzean auzo bat, Botxoko mendi-mazelak deskubritzen eta Hamabi begirada Bilbori programen bitartez.

Auzoetan antolatutako bisita gidatuen egitarauari jarraipena emonez, Bilboko udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak beste pausu bat emon eban, atentzinoa ondarearen ikuspegitik bereziak diran uriko eraikinetan jarriz. Ekimen horren barruan, 2012an, Miguel de Unamunoren irudiagaz lotutako Zazpi Kaleetako hainbat leku bisitau ziran, bere heriotzearen 75. urteurrenaren harian. Danetara, 2.189 lagunek hartu eben parte bisita horreetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu