Badator Nafarroako V. batBIRAlau kultur zirkuitua

Bizkaie! 2013-04-04 18:37   jardunaldiak

batBIRAlau, euskal kulturearen Nafarroako zirkuituaren bosgarren edizinoa apirilaren 14ean hasi eta maiatzaren 24an amaituko da, eta formatu zein kalidade handiko lau ikuskizun eroango ditu Elizondo, Bera, Agoitz eta Etxarri Aranatzera.

Euskaltzaleen Topagunea batBIRAlau, euskal kulturearen Nafarroako zirkuituaren bosgarren edizinoa aurkeztu barri dau Iruñean. Zirkuitua apirilaren 14ean hasi eta maiatzaren 24an amaituko da, eta formatu zein kalidade handiko lau ikuskizun eroango ditu Elizondo, Bera, Agoitz eta Etxarri Aranatzera.

Federazinoaren zein bere kide diran euskera alkarteen helburu nagusia euskerearen erabilerea sustatzea da. Horretarako, besteak beste, kulturgintzea lantzen dabe, kultur sormena eta haren konsumo aktibo eta gozagarria bultzatuz. Zeregin horretan, gainera, zirkuitua edo batera jardutea hobesten dabe bakarkako eskaintzen aurrean. Izan be, euskera alkarteen izaerea zein kopurua kontuan hartuta (Nafarroan 16 alkarte dira Topagunearen bazkide), zirkuituek aukera parebakoa eskaintzen dabe ekimenen eremu geografikoa zabaldu eta jente gehiagorengana heltzeko. Horren adibide dira Topaguneak antolatzen dituan Film Laburren Zirkuitua, Irakurri, Gozatu eta Oparitu, Kultur Errota eta hari lotutako formatu txikiko eskualde zirkuituak.

Horreen haritik, Nafarroan kalidade handiko euskerazko kultur programazino koordinatua egiteko proposamena da batBIRAlau, aurten bosgarrenez gauzatuko dana. Helburu nagusia Nafarroako herri eta eskualdeetako kultur dinamikea indartzea eta aberastea da, ikusleen bizi kalidadea hobetuz. Horretarako, aurreko lau edizinoen bideari jarraituz, kalidade goreneko lau kultur ikuskizunek osotutako ibilbide erakargarria eskainiko dau Nafarroako hainbat lekutan. Eskualde bakotxeko errealidade soziolinguistikoa kontuan hartu eta hainbat ikus entzule mota zein adin talderi zuzendutako kultur eskaintza askotarikoa eta erakargarria antolatu dau Topaguneak.

Holako proiektu bat aurrera eroateko antolakuntza sendoa bermatzea behar-beharrezkotzat joten dabe antolatzaileek. Horretarako, ezinbestekoa ez eze, egitasmoaren helburu nagusienetakoa be bada, erakunde publiko zein pribatuakaz eta gizarte mobimentuakaz alkarlana. batBIRAlau izeneko egitasmo hau, horren adibide argia da: euskera alkarteen ekimenez abiatu zan kultur zirkuitu honek, Cdederna Garalurrek emondako bultzadeari esker egin dau bide eta Elizondo, Bera, Etxarri Aranatz eta Agoizko udalek, eta Diario de Noticias zein Berria egunkariek eskainitako babesean topau dau aurrera jarraitzeko adorea.

Euskaltzaleen Topagunea 1997an sortu zan, eta Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 97 euskera alkartek osotzen dabe. Alkarteon zein FederaziNoaren beraren helburua euskerearen erabilerea sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen ditue, besteak beste, ume eta gazteen aisialdia, kulturgintzea, tokiko hedabideak, mintzapraktikea eta entidadeak euskalduntzea eta sentiberatzea.


V. batBIRAlauren egitaraua:

- Apirilaren 14an, domekan, 19:00etan, Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean, Anariren kontzertua.

- Apirilaren 20an, zapatuan, 22:00etan, Berako Kultur Etxean, Ruper Ordorikaren kontzertua.

- Maiatzaren 4an, zapatuan, 20:00etan, Agoizko Kultur Etxean, Pottola antzezlana.

- Maiatzaren 24an, barikuan, 22:00etan, Etxarri Aranatzeko Kultur Etxean, Lingua Nabajorum antzezlana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu