'Ismael Fidalgo. margolari espresionista baten abentura', Xabier Sáenz de Gorbearen lana plazan
2013-03-21 13:04 kulturbizNekez batu daiteke ale bakar baten Ismael Fidalgo (1928-2010) gerra osteko artista espresionista enkarterritar oparo horren ibilbide plastiko guztia. Xabier Sáenz de Gorbeak, Enkarterriko Museoaren eta Bizkaiko Batzar Nagusien laguntzinoagaz, lortu dau Sopuertako margolari horren 300 lan baino gehiago —danak ez— non dagozan ikertu eta liburu bakar baten jasotea.
Nekez batu daiteke ale bakar baten Ismael Fidalgo (1928-2010) gerra osteko artista espresionista enkarterritar oparo horren ibilbide plastiko guztia. Xabier Sáenz de Gorbeak, Enkarterriko Museoaren eta Bizkaiko Batzar Nagusien laguntzinoagaz, lortu dau Sopuertako margolari horren 300 lan baino gehiago –danak ez– non dagozan ikertu eta liburu bakar baten jasotea. Ismael Fidalgo. Margolari espresionista baten abentura izenburukoa da Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzan bart aurkeztu dan liburu horrek. Aurkezpen ekitaldian izan dira Ana Madariaga Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Xabier Sáenz de Gorbea bera; Sáenz de Gorbeak margolari enkarterritarrari buruzko berbaldia emon dau.
Ismael Fidalgo margolari enkarterritarra eta bere lana urte bitan ikertu izanaren emoitzea da liburua. Bere ibilbide osoari buruz Enkarterrietako Museoan egindako erakusketea izan zan ekitaldirik behinena eta hor Fidalgoren 100 lan baino gehiago egon ziran erakusgarri. Erakusketa haren osogarri, Fidalgok garaikide izan zituan artistei buruzko beste erakusketa bat egin zan Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa-aretoan eta bertan batu ziran, besteak beste, Jorge Oteiza, Agustín Ibarrola, Mentxu Gal edo Iñaki García Ergüínen lanak.
Sáenz de Gorbea izan zan erakusketa bien komisarioa; atondu dauen ia 200 orrialdeko liburuan, bada, kronologikoki arakatzen dau Fidalgoren bizi inguruabar aldakorretan eta itxi eban ondare artistiko aberatsean, argazki eta dokumentu erreferentziaz horniduta, hori guztia lokalizau ahal izan diran artelanen katalogoak biribilduta, 300 baino gehiago nonbait. Katalogo-liburuaren osogarri DVD bat dator, Fidalgoren ibilbidea erakusten daben dokumental bigaz; 20 lagun baino gehiagok emondako lekukotzak agiri dira, berbarako Agustín Ibarrola edo Ricardo Toja margolarienak, Roberto Sáenz de Gorbea arte adituarena edo Juantxu Pikaza eta Ana Mari Marín lagun izan zituanenak.
Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak egin eban liburuaren aurkezpena. Madariaga andreak azpimarratu dauenez, erakusketak egitea eta liburua ataratea bidezkoa zan gerra osteko artisten belaunaldiko hain artista esanguratsua eta eraginkorra gogotara ekarteko. Ana Madariagak Fidalgori buruzko ikerketa lanean parte hartu daben guztiei eskerrak emon eta ganeratu eban Fidalgoren lanek jente askoren bizipenak azaleratzen dituala; artista espresionistea zan, gerra-osteko margolari eta eskultoreen belaunaldian buztartua, Meatzaldeko paisajeak inork gitxik egin leiken moduan margozten jakin ebana, eta meatzaldekoak bakarrik ez, Baztanekoak eta Gaztelakoak be bikain margoztu zitaun-eta esan eban Batzar Nagusietako Lehendakariak.
Horren ostean, Xabier Sáenz de Gorbeak berbaldia emon eban Sopuertako artisteari buruz. Fidalgo peninsulako beste leku batzuetan egindako egotaldiek moldaturik egoan, garaikide izan zituan sortzaile garrantzitsuen iturrietatik edanda. Fidalgo apurka-apurka XX. mendeko euskal artistarik bikainetarikoa bihurtu zan espresionismoaren barruan, Sáenz de Gorbearen eretxiz. Lagun eta adiskide izan zituan margolari eta eskultoreak, esaterako Agustín Ibarrola, Norberto Ariño de Garay eta Ricardo Toja, edo olerkariak, esaterako Blas de Otero bera. Fidalgoren ezaugarriak ziran koloreen erabilerea, paletearena eta azaleratzen eban espresibidade handia.
Berbaldian zehar gogotara ekarri dira Fidalgoren hasierako sasoiak Baztanen. Nafarroan hondino be garai haretako arte eta margolaritzearen iraultzaile handi moduan gogoratzen dabe. Madrilen ezagutu eban Oteiza eta haren eragin handia jaso eban, lotura estua izan eben eta. Gaztelatik be igaro zan eta hango paisajeak be jaso zituan koadruetan. Azkenik, Euskadira bihurtu eta Trapagaranen bizi izan zan; hantxe sortu eban, Marcelino Bañalesegaz batera, La Balcoko (Babcock Wilcox) margolarien taldea. Gitxik lortu dabe Fidalgok lez margoztea Meatzaldeko paisajeak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!