Bilbok Latinoamerikako egileen lanean zehar egingo dan ibilbideagaz ospatuko dau Poesiaren Munduko Eguna
2013-03-20 10:56 kulturbizAlex Angulo eta Loli Astoreka antzezleak izango dira Latinoamerikako egileen lan poetikoari ahotsa jarriko deutsienak. Musika arloa, barriz, José Urrejola musikari eta konposatzailearen esku egongo da.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Nazinoarteko Poesiaren Eguna ospatuko dau datorren eguenean, martiaren 21ean, Latinoamerikako poesia ardatz izango dauen errezitaldiagaz.
Alex Angulo eta Loli Astoreka antzezleak izango dira Latinoamerikako egileen lan poetikoari ahotsa jarriko deutsienak. Musika arloa, barriz, José Urrejola musikari eta konposatzailearen esku egongo da.
Ekitaldia Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte.
Alex Angulok (Erandio, Bizkaia, 1953), 18 urte zituala hasi eban bere antzezle ibilbidea, Ramón Bareak zuzentzen eban Bilboko Karraka antzerki talde independenteagaz. Ordutik hainbat egitasmotan egin dau lan Ramón Bareagaz. 1981ean lehen lana egin eban zinemaan, Imanol Uriberen eskutik, Segoviako ihesa lanean. Film horretan egindako lanaren ondoren, Alex Angulo ETBko hainbat saiotan ibili zan, baina taula gaina ahaztu barik, eta 1987an zinemako pantailetara itzuli zan. 1991n, Alex de la Iglesia gazte baten Mirindas asesinas lanaren protagonista izan zan. Ondoren hainbat aldiz egin eban barriro lan Alex de la Iglesiagaz. Lan horreen artean El día de la Bestia (1995) eta Muertos de risa (1999) azpimarratu daitekez. Lan horreek dirala eta Espainiako zinemaaren Goya Sarietarako izendapena jaso eban.
Loli Astorekari (Zornotza, Bizkaia, 1958) jagokonez, bere antzezle ibilbidea antzerkian hasi eban, baina Goenkale lako telebista saioetan egin zan ezaguna. Goenkale euskerazko telesailen artean gehien iraun dauena eta Pausoka Entertainmentek eta EITBk produzidutakoa da. Zineman be lan egin dau, Pecata Minuta (1999), Pídele Cuentas al Rey (1999), El coche de pedales (2004) aitatu dogun Ramón Bareak zuzendua, eta Aupa Etxebeste! (2005) lanetan, besteak beste. 2000. urtean Loli Astoreka Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria izan zan.
Musikearen arloan, emonaldia José Urrejolaren (Bilbo, 1965) eskutik etorriko da. Musikari eta konposatzaile polifazetiko horrek diziplina eta musika tresna esparru zabala lantzen dau, txirulea, banbuzko txirulak, whistle izenekoak, saxo tenorea, saxo altua, saxo sopranoa, ewia, teklatuak eta perkusinoa.
Urrejola Alen (1979-1984) eta Opertura (1984-1986) jazz taldeakaz eta Oskorri (1986-2001) folk taldeagaz ibili da lanean. Zinemarako, antzerkirako eta jantzarako musikea be grabau dau, soka orkestrarako lanak konposatzeaz gan.
Bibdebarrieta Kulturgunea, Bidebarrietako Liburutegiaren barruan kultureari eskainitako gunea da, eta bere helburuen artean liburuaren, literaturearen, arteen eta zientzien garapena eta sustapena dagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!