Migrazinoak landuko ditu aurtengo Durangoko Zilar Asteak

Bizkaie! 2013-03-14 14:39   jardunaldiak

2013ko Zilar Asteak migrazinoak izango ditu ardatz, martiaren 16tik 23ra bitartean. Durangoko Plateruena kafe antzokian egin dabe aurtengo aste tematikoaren aurkezpena.

2013ko Zilar Asteak migrazinoak izango ditu ardatz, martiaren 16tik 23ra bitartean. Durangoko Plateruena kafe antzokian egin dabe aurtengo aste tematikoaren aurkezpena.

Zilar Astearen gaia aukeratzeko prozedura berezia erabili dabe aurten, izan be, Durangon eta Iurretan Batxilergoa emoten daben ikastetxeekaz alkarlanean jardun dabe beherrean eta ikasleek eurek erabagi eben gaia. Zazpi gaiko zerrendatik migrazinoak aukeratu eben, alde batetik gazteek oso hurretik bizi daben errealidadea dalako, eta bestetik, bizipenez jositako errealidade horrek alde literariotik lantzeko aukera parebakoa eskaintzen dauelako, azaldu dabe Zilar Astearen antolatzaileek.

Hiru ezaugarri nagusi ditu Zilar Asteak. Alde batetik, ardatz jakin bat lantzen da, euskerazko kulturgintzan zer emon dauen aztertzeko eta plazaratzeko; oinarri hori izan daiteke gai bat (sexua, immigrazinoa, uria, zahartzaroa…), izan daiteke egile bat (Atxaga, Oteiza, Amuriza…), izan daiteke data edo jazoera bat (Inkisizinoa Durangaldean, Durangoko bonbardaketea…). Beste alde batetik, disziplinartekotasuna lantzen da, euskerazko kulturearen danetariko adierazpidetan gai horrek izandako trataerea landuz eta adierazpide horreetan dabilzan artistak alkartuz.

Zapatuan, hilak 16, abiatuko dabe aurtengo Zilar Astea. Literatura Eskoleak geldialdia egingo dau Durangon. Gotzon Barandiaranek Sorterritik urrun, migrazinoak euskal literaturan berbaldia egingo dau 10:00etan, Udal liburutegian. Berandutxuago, 13:00ean, Santa Ana eleizatik abiatuko da Kantulagun. Euskal kantutegian migrazinoekaz zerikusia daben kantak jaso, ikasi eta abestuko ditue kalez kale.

Martiaren 20tik 22ra, ikastetxeetan landutako parte-hartze didaktikoaren amaieran sortutako komikien erakusketea egongo da ikusgai San Agustin kulturgunean.

Eguenean, hilak 21, Karrika antzerki taldeak Inungane, sustraiak aireak lanaren hiru emonaldi egingo ditu, goizeko biak ikaslentzat, eta arrastikoa publiko zabalarentzat. Azkenengoa, Plateruenan izango da, 20:00etan. Karrikak Zilar Asterako berenberegi sortu dau antzezlana.

Rouge Eléak zuzendutako Biutz antzezlana barikuan aurkeztuko da San Agustinen, 20:00etan. Antzerkia, zirkua eta musikea buztartzen ditu lanak. Omar Acosta flauta-jotzailea venezuelarra izango da Durang(h)ots Jam Session saioko konbidadu berezia. Durangoko Musika Eskoleagaz alkarlanean, musika-inprobisazino emonaldia prestau dabe. Hitzordua 22:00etan da, Plateruenan.

Zilar Asteko azkenengo egunean, martiaren 23an, musikea eta jantzea izango dira nagusi. Kriskitin jantza taldeak Erbestea aberri ikuskizuna atondu dau Durangaldeko beste talde eta eragileekaz batera. Saioa Plateruenan egingo dabe, 21:00etan. Musikeak itxiko dau egitaraua 22:00etan, kafe antzokian bertan, Ulannah musika taldea eta Durangoko etorkinen alkarteen eskutik. Munduko kultura desbardinen jantzak, musikea, janari eta edarien dastaketea izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu