Bilbo, Donostia eta Gasteizko eleizbarrutiek eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2013-03-07 14:45   kulturbiz

Bilbo, Donostia eta Gasteizko eleizbarrutiek eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena izenpetu dabe euskal onomastikearen eremuan alkarregaz jarduteko. Hitzarmena, Mario Iceta Bilboko gotzainak, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak, Miguel Asurmendi Gasteizko gotzainak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak izenpetu dabe.

Bilbo, Donostia eta Gasteizko eleizbarrutiek eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena izenpetu dabe euskal onomastikearen eremuan alkarregaz jarduteko. Hitzarmena, Mario Iceta Bilboko gotzainak, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak, Miguel Asurmendi Gasteizko gotzainak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak izenpetu dabe.

Hitzarmenaren helburua euskal deituren grafia finkatzea da. Horretarako, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko eleizbarrutiei jagokezan parrokietako sakramentu liburuetako deituren aldaerak erabiliko dira iturri moduan. Aitatu deiturak datutegietara atera dira eta eleizbarruti bakotxak bereak ditu ikusgai bere webgunean, eta Irargiren webgunean hirurenak, hiru elezibarrutiek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailagaz izenpetu daben hitzarmenari esker. Sail honetako liburu zaharrenak XV. mendekoak dira eta bertan, besteak beste, gure arbasoen euskal deitura asko jasoten dira. Denporan zehar deituren idazkerea bera aldatzeaz gan, gaztelaniazko grafia erabili izan da berauek idazteko garaian, eta, horren ondorioz, deiturak, sarritan, itxuraldatuta agiri dira.

Gaur egun deituren grafia araututa ez izateak identifikazino, erregistro eta jarraipen arazoak sortzen deutsez personei eta administrazinoei. Horrezaz gan, dudak sortzen dira personak aitatzean, deituren idazkeretan mendez mende egon diran aldaketakaitik. Adibide ezagunenetakoa Etxeberri bada be (Echeverri, Echeberri, Echeverry, Echeberry, Etcheberri edo Etxcheberri moduan agertzen da), ezagunagoak diran beste batzuk be itxuraldatuta agiri dira. Esate baterako, Jauregi deiturea, Jaureguy, Jauregui, Jaúregui edo Yauregui moduan agertzen da denporan zehar. Egoerea askoz korapilatsuagoa da deiturak gaztelaniaz ez dagozan fonema/soinuen jaube diranean. Esaterako, Zuatzubizkar deiturea holan agiri da denporan zehar: Cuaçu Viscar, Çuaçubiscar, Çuaçubizcar, Çuaçobiscar, Zuazobizcar, Zuazubiscar eta Zuazubizcar, edo baita, Çuaçuviscar, Çuaçuvizcar, Çuaçoviscar, Zuazovizcar, Zuazuviscar eta Zuazuvizcar lez be.

1998an, Euskaltzaindiak, Eusko Jaurlaritza eta Madrilgo Justizia Ministerioagaz batera, euskal deiturak arautzeko eta normalizetako asmoz, liburu bat argitaratu eban; liburu hori osotu eta hobetu guran, orain, bigarren edizino bat atondu nahi dau Euskaltzaindiak. Argitalpena ahalik eta osotuena izan daiten, deiturek mendeetan zehar izan dituen aldaerak batu nahi ditu Euskaltzaindiak, egungoak zein historikoak. Era berean, arauzko idazkereak bilaketak eta aurkibideak garatzeko balioko dau, herritarren bilaketak eta ikerlarien lana erraztuz. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru eleizbarrutiak eta Euskaltzaindiak izenpetu daben hitzarmenaren arabera, bi epetan gauzatuko da lan hau: lehenengoan, hiru eleizbarrutiek 1700. urtera arteko deituren zerrendak emongo deutsiez Akademiari arautu daizan; Euskaltzaindiak, barriz, emoitzak batzen dituan deitura arautuen datutegi bana emongo deutse eleizbarrutiei. Lan hori amaitutakoan, 1700etik 1900 arteko deituren azterketea egingo da.

Sinatu dan hitzarmenean aurreikusi danez, lehen zatiari jagokozan lanak, 2013-2014 epean egingo dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu