Andres de Mañarikuaren testu bildumea argitaratu dau Labayruk
2013-03-07 14:11 kulturbizEstudios acerca de la cristianización del País Vasco Andres de Mañarikuaren testu bildumea aurkeztu dau Labayru Ikastegiak. Kristinautasuna Euskal Herrian ezartzeko prozesua sakon jorratu eban historialari eta ikertzaile bilbotarrak. Ander Manterola izan da testu-hautaketea eta edizinoaren arduraduna.
Estudios acerca de la cristianización del País Vasco Andres de Mañarikuaren testu bildumea aurkeztu dau Labayru Ikastegiak. Kristinautasuna Euskal Herrian ezartzeko prozesua sakon jorratu eban historialari eta ikertzaile bilbotarrak. Ander Manterola izan da testu-hautaketea eta edizinoaren arduraduna.
Andres de Mañarikuaren hamaika lan batu ditue, 1948tik 1981era bitartean idatzitakoak. Kronologiaren arabera emon ditue testuok. Kristinautasuna Euskal Herrira noiz eta zelan ailegau zan ikertu eban historialari bilbotarrak eta gaiaren ganean hainbat ikerlan idatzi zituan.
Euskal Herriko kristautzea sakon aztertu eban, horretarako latinezko testuak, bisigotikoak eta merovingioak jorratu behar izan zituan. Azterketa horreen bitartez erakutsi eban bere aurreko historialariak esandakoa baino lehenago heldu zala kristinautasuna Euskal Herrira. Kristautzea ez zan hain berandu izan, V. menderako Iruñean kristinautasuna bazan, azaldu dau Ander Manterolak. Ikertzaile askoren ustez, Euskal Herria XI. mendean kristinautu zan. Mañarikuaren azterketen arabera, lurraldea ez egoan isolatua, eta inguruko herrietan antzera ailegau zan hona be kristinautasuna.
Mario Iceta Bilboko gotzainak Mañarikua aitzindaria izan zala nabarmendu dau, ikerketa lerro barria sortu eban. Bizkaiko XX. mendeko historialari garrantzitsuenetakoa izan zan, eta berari esker kristinautasunak Euskal Herrian mila urtetik gora dituala dakigu.
Argitalpen hau Mañarikuaren jaiotzearen mendeurrena ospatzeko Deustuko Unibersidadeak eta Bizkaiko Eleizbarrutiak eratutako jardueren barruan dago. Argitalpena Labayru Ikastegiak atondu dau, Bizkaiko Eleizbarrutiaren eta BBK Fundazinoaren laguntzinoagaz.
Andrés de Mañarikua 1911ko zemendiaren 10ean jaio zan Bilbon, eta 1988an hil. Labayru Ikastegiko Ohorezko Laguntzailea izan zan. Berak hasi eban ikastegiko Euskal Bibliotekea. Lan ugari argitaratu zituan, besteak beste: Santa María de Begoña en la Historia Espiritual de Vizcaya; Vizcaya, siglos VIII al XI. Los orígenes del Señorío; eta Historiografía de Vizcaya. Bizkaiko Foru Aldundiak 1985ean Bizkaiko Seme Bikaina izentau eban.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!