'Ni ere, UEU' kanpainea abiatu dau Udako Euskal Unibersidadeak

Bizkaie! 2013-03-06 12:27   kulturbiz

Udako Euskal Unibersidadeak Ni ere, UEU kanpainea ipini dau martxan. Erakundeak bizi dauen garai gogor honetan, UEU ezagutzera emon eta atxikimenduak jasotea da ekimenaren helburu nagusia. Sare sozialek garrantzi berezia izango dabe, eta bertan idazle, aktore, sukaldari eta zientzialari ezagunak ikusiko doguz, besteak beste, Pedro Miguel Etxenike, Juan Mari Arzak, Ilaski Serrano, Kirmen Uribe eta Gorka Otxoa.

Udako Euskal Unibersidadeak Ni ere, UEU kanpainea ipini dau martxan. Erakundeak bizi dauen garai gogor honetan, UEU ezagutzera emon eta atxikimenduak jasotea da ekimenaren helburu nagusia. Sare sozialek garrantzi berezia izango dabe, eta bertan idazle, aktore, sukaldari eta zientzialari ezagunak ikusiko doguz, besteak beste, Pedro Miguel Etxenike, Juan Mari Arzak, Ilaski Serrano, Kirmen Uribe eta Gorka Otxoa.

Igaz UEUren Udako Ikastaroek 40 urte bete zituen. Tamalez, urtemugea ospatzeko aukera gehiegirik ez genduan izan, dinoe UEUko arduradunek. Jaurlaritzeak 1998 urtetik aurrera esleitutako dirulaguntzino izenduna kendu egin eutson, eta horrek erakundea egoera larrian itxi eban. Ni ere, UEU kanpaineak hiru helburu ditu: alde batetik, UEU eta bere lana ezagutzera emotea; bestetik, bere beharrezkotasuna aldarrikatu erakundeen aurrean; eta, proiektuagazko atxikimenduak lortzea.

UEUk lau hamarkadotan euskal gizarteari ekarpen handia egin deutsola uste dabe, euskerazko goi-mailako formazinoak eskainiz, goi-mailako adituak euskeraz trebatuz, euskerazko unibersidade-testuak sortuz, euskera-teknikoa definituz, hainbat proiekturentzat mintegi izanez eta jakintza-alor desberdinetako adituentzat topagune izanaz, besteak beste.

UEU beharrezkoa dela sinisten dogu, eta egiten dabena erakutsi gura dabe. Ni ere, UEU eta Gurea, euskalduna leloak plazaratu ditue kanpainan. Lehenengoaren bitartez, erakundearen izaera soziala eta parte-hartzailea nabarmendu nahi da; eta, bigarrenak jarduera guztia euskeraz egiten dabela, sortu, erakutsi, idatzi eta zabaldu.

Kanpainea udara arte luzatuko da. Hilero-hilero bideo bat ipiniko dabe: Dakiguna erakutsiko dizugu, Etorkizun on bat, Gaztetzen zaitu eta Guztiona den zerbait.

Lehenengoa daborduko sarean dago, hemen. Iragarki formatua dauka, bertan, UEUko bazkide eta UEUgaz hartu-emon estua daukien personak agiri dira. Ondokoak urtengo diora bideoetan: Olatz Arbelaitz (informatikaria eta UEUko Informatika arduraduna), Juan Mari Arzak (sukaldaria), Igor Elortza (bertsolaria eta UEUko bazkidea), Pedro Miguel Etxenike (fisikaria), Unai Fernandez de Betoño (arkitektoa, UEUko bazkidea eta Zuzendaritzako kidea), Aines Haristoy (liburuzaina eta bazkidea), Xabier Isasi (irakaslea, legebiltzarkidea eta bazkidea), Pilar Kaltzada (komunikazino-aditua eta bazkidea), Miren Josu Omaetxebarria (ikerlaria eta bazkidea), Gorka Otxoa (aktorea eta bazkidea), Ilaski Serrano (kazetaria eta bazkidea), Idoia Torregarai (UEUko Komunikazio-arduraduna eta bazkidea) eta Kirmen Uribe (idazlea).

Sare sozialak izango dira kanpainearen ardatza. Parte-hartzea sustatzeko, martiaren 6tik apirilaren 8ra bitartean, bideoak partekatzen dituenen artean, tablet bat zozketauko dabe. Horrezaz aparte, UEUren ikastaro edo beste ekintzaren batean parte hartu daben guztiei dei egiten deutsei euren bizipen hori komunikazioa@ueu.org helbidera bialtzeko. Esperientziok www.unibertsitate.net/blogak/ueu40 blogean argitaratzen joango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu