Irudimena sormen lehiaketearen hirugarren edizinoa martxan dago

Bizkaie! 2013-03-01 10:30   kulturbiz

Azkue Fundazinoak eta Euskal Kultur Erakundeak martxan ipini barri dabe Irudimena lehiaketearen hirugarren edizinoa. Martiaren 1ean hasi eta maiatzaren 15era bitartean, euskal kulturearen inguruko sormen literarioa eta grafikoa ardatz daben lanak bialdu ahalko ditue parte-hartzaileek.

Azkue Fundazinoak eta Euskal Kultur Erakundeak martxan ipini barri dabe Irudimena lehiaketearen hirugarren edizinoa. Martiaren 1ean hasi eta maiatzaren 15era bitartean, euskal kulturearen inguruko sormen literarioa eta grafikoa ardatz daben lanak bialdu ahalko ditue parte-hartzaileek.

Irudimena sariketearen helburua gazteen artean euskal kulturearen inguruko sormena bultzatzea da, literaturan, grafismoan eta soinu sorkuntzan arloetan, hain zuzen be. Aurton, hirugarren aldiz alkartu dira Azkue eta EKE erakundeak, muga administratiboak gaindituz egitasmo hau aurrera aterateko asmotan.

Oraingoan be euskarria Internet izango da, baina barrikuntza batzuk dagoz. Aurtengo oinarria eta abiapuntua soinuak izango dira: antolatzaileek proposautako zortzi soinuetatik bat aukeratu, eta parte-hartzaileek sormenari eragin eta lan barri bat aurkeztu behar dabe. Hiru euskarri izango ditue aukeran: soinu barri bat, irudi edo grafika bat eta testu bat. Oinarritzat proposautako soinuak soinumapa.net egitasmotik hartu dira, eta Creative Commons lizentziapean (Aitortu 3.0) dagoz.

Soinu barri bat sortu ezkero, edozein motatakoa izan daiteke (musika, kantua, nahasketea...); testua be, edozein formatu eta generokoa (poesia, narrazinoa, deskribapena, bertsoak, nanoliteraturea – adibidez twiteraturea – …); eta irudi barriaren kasuan be, askatasun osoz sortu daiteke (argazkia eraldatuz, marrazki bat edo margo bat eginez, 3D-ko irudi bat sortuz…). Sortzeko askatasuna, orijinaltasuna eta mezuaren helburua izango dira saritzeko erispideak Irudimena lehiaketako arduradunek azaldu dabenez.

Parte-hartzea www.irudimena.com webgunearen bidez bideratuko da. Bialdutako lan guztiak webgune honetan argitaratuko dira. Sariketako paimahaiak aukeratuko ditu lehiaketako modalidade bakoitxeko (soinu sormena, sormen literarioa eta sormen grafikoa) hiru lanik onenak.

Sari-banaketa ekitaldia Bilboko Rekalde Aretoan izango da, bagilaren 8an. Sariei jagokienez, modalidade bakotxean lehenengo, bigarren eta hirugarren saria egongo dira. Sariak Fnac dendetan gastatzeko diru-txekeak izango dira: 300 euro, 200 euro eta 100 eurokoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu