Espido Freirek eta Susanne Vålandek 'Emakume izan Norvegian: gizartea eta literatura' berbaldia emongo dabe Bilbon
2013-02-26 14:52 kulturbizEspido Freire idazle bilbotarrak eta Susanne Våland norvegiarrak, gizartearen eta literaturearen ikuspegietatik emakumeak Norvegian beteten dauen lekuari buruzko berbaldia emongo dabe, datorren eguenean, zezeilaren 28an. Berbaldia, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Emakumearen Eguna ospatzeko, antolatu dituan jardueren barruan sartzen da.
Espido Freire idazle bilbotarrak eta Susanne Våland norvegiarrak, gizartearen eta literaturearen ikuspegietatik emakumeak Norvegian beteten dauen lekuari buruzko berbaldia emongo dabe, datorren eguenean, zezeilaren 28an. Berbaldia, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Emakumearen Eguna ospatzeko, antolatu dituan jardueren barruan sartzen da.
'Emakume izan Norvegian: gizartea eta literatura', izenburuko ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da. Sarrerea librea izango da, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoko leku guztiak bete arte. Topaketea Norvegiako Konsuladuaren laguntzinoagaz antolatu da, eta moderatzailea Marina Santa Coloma izango da.
Espido Freire (Bilbo, 1974), Ingeles Filologian lizentziatua Deustuko Unibersidadean. 25 urte baino ez zituanean, 1999an, Planeta Saria irabazi eban, Melocotones helados lanagaz, eta sari hori irabazi dauen idazle gazteena bilakatu zan. Egile polifazetiko horren lanean, narrazinogintzaz gan, saiakeragile eta egunkarietan idazten dituan artikuluak be azpimarratu behar dira. Unibersidadean egoala oso partaidetza aktiboa izan eban literatur tailerretan, eta sorkuntzearen pedagogiak interes handia eragiten deutso. Literatur sorkuntzeari buruzko ikastaroak emon ditu Espainiako eta nazinoarteko zenbait unibersidadetan.
Horrezaz gin, Espido Freirek oso ondo ezagutzen dau Norvegia, denporaldi luzeak igaro baititu bertan. La flor del Norte (2011), bere lehenengo eleberri historikoaren protagonista Kristina Haakonardóttir printzesea da, Norvegiako erregearen alabea eta Don Feliperen, Alfontso X. Jakitunaren anaia infantearen, emaztea.
Susanne Våland (Norvegia, 1984) idazle gazteari jagokonez, norvegierazko irakasle izateaz gan, artikuluak idatzi ditu idatzizko zenbait komunikabidetan, Espainian bizi diran norvegiarrei zuzendutako Spaniaposten egunkarian, besteak beste. Bere artikuluetan lantzen dituan gaien artean arkitekturea, osasuna eta bizitza estiloa, uri garapena, historia, artea eta literaturea dagoz. Horrezaz gan, Vålandek Røverhistorier liburua idatzi dau.
Ipuin herrikoien irakurketa antzeztua
Eskandinaviako (Norvegia, Danimarka eta Suedia) ipuin herrikoien irakurketa antzeztua Bidebarrieta Kulturguneko eszenatoki berean egingo da, martiaren 1ean, barikuan, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Ekimen hori, 'Ahotsa eta Letra Bidebarrieta Kulturgunerako' izeneko irakurketa antzeztuen ziklo bereziaren barruan sartzen da. Gaitzerdi Teatrok, bere 25. urteurrenaren ospakizun ekitaldien barruan atondud auen antzerki proposamen horrek Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntzinoa dauka. Eskandinaviako ipuinen irakurketa antzeztua bi antzezlek egingo dabe, eta girotze berezia eta zuzeneko musikea izango ditu. Sarrerea librea izango da.
Kamerungo emakumea
Emakumearen Egunaren harian antolatutako programa bereziaren barruan, Bidebarrieta Kulturguneak, Bilboko Institutu Frantsesagaz alkarlanean, 'Askatasun sexuala emakume afrikarrarengan' berbaldia antolatu dau. Berbaldia, emakumeak Kamerungo gizartean beteten dauen lekuan eta ohituretan oinarrituko da. Hizlaria Hemley Boum idazle kamerundarra izango da, eta sarrerea Almudena Cacho kazetari bilbotarrak egingo dau.
Hemley Boum (Duala, Kamerun, 1973) idazle kamerundarra da. Bere lanak ez dira oraindino gaztelaniara itzuli, baina Frantzian gero eta ospe handiagoa hartzen dago, bere idazkerearen kalidadeagaitik. Hitzordua martiaren 6an izango da, arratsaldeko 19:30ean, eta aldibereko itzulpen zerbitzua egongo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!