Hemengo kultur aniztasunaren alde ehunka atxikimendu jaso ditu EH 11 Kolorek

Bizkaie! 2013-02-18 09:31   kulturbiz

Bozeroaileek orain arte jasotako atxikimenduak -400 baino gehiago dira dagoeneko- eskertu ditue. Besteren artean, Adierazpenagaz bat egin dabenen artean dagoz Mikel Urdangarin, Roberto Moso, Harkaitz Martinez, Kepa Junkera edota Gose taldea. Baita arte eszenikoen arloko Ramon Barea, Mikel Martinez, Galder Perez, Garbitxu (Deabru Beltzak) eta Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoak be.

Bizkaiko uriburuko Bilborock aretoak jaso eban zapatuan Euskal Herria 11 Kolorek antolatutako ekitaldia. Bertan, hemengo kultur aniztasunaren alde burrukatzeko jaio dan ekimen honek jaso dituan lehenengo atxikimenduak ezagutzera emon dira.

Ehun bat lagun hurreratu dira Bilboko ekitaldira, horreen artean kultur arloko izen ezagun asko. Ekitaldia Antzart Taldearen antzezlan labur bategaz abiatu zan eta, ondoren, Maialen Lujanbioren eta Arkaitz Estiballesen bertsoak entzuteko aukerea izan da.

EH 11 Koloreren izenean, Samira Goddi Mendizabalek eta Imanol Agirrek hartu dabe berbea. Ekimen honen hasierako adierazpenean jasotako helburuak gogoratu ditue: Euskal Herriko herritar guztien eskubideen, betebeharren eta aukeren bardintasuna defendidutea, euren jatorria edozein izan da bere; jatorri edo identidade arrazoiakaitik izan daitekeen edozein diskriminazino egoera salatzea; euskal gizartearen kultura aniztasuna sustatzea, berezko balio moduan, joera uniformatzaile eta asimilatzaileen aurrean; jatorri askotako euskal herritarren arteko alkarlaneko esparruen alde egitea; eta eztabaidea bultzatzea, bizikidetza eregiteko asmoz, danok parte sentiduko garen gizartea osotuz.

Bozeroaileek orain arte jasotako atxikimenduak -400 baino gehiago dira dagoeneko- eskertu ditue. Besteren artean, Adierazpenagaz bat egin dabenen artean dagoz Mikel Urdangarin, Roberto Moso (Zarama,) Harkaitz Martinez (Oreka TX), Kepa Junkera edota Gose taldea. Baita arte eszenikoen arloko Ramon Barea, Mikel Martinez, Galder Perez, Garbitxu (Deabru Beltzak) eta Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoak be; Txani Rodríguez, Edorta Jiménez eta Paddy Rekalde idazleak; Urtzi Urrutikoetxea, Dani Álvarez eta Xabier Euzkitze kazetariak; Igor Elortza eta Onintza Enbeita bertsolariak; eta kirol munduko Joane Somarribia txirrindularia, Iñaki Perurena harri-jasotzailea eta Ritxi Mendiguren (Athletic Fundazinoa), besteak beste.

Azken buruan, Goddik eta Agirrek EH 11 Kolorek emongo dituan hurrengo pausuak iragarri ditue. Lehenengoa, Aniztasunaren Sarearen sorrerea da; alor desbardinetako 900 alkarte baino gehiagogaz jarriko gara hartu-emonetan, jatorri desbardinetako alkarteakaz, sindikatu eta eragile politikoakaz, kultura eta euskera alorreko erakundeakaz, diaspora eta bestelakoakaz. Horreekaz topaketarako, alkarrekintzarako eta alkarlanerako guneak erraztu nahi doguz. Bigarren lan arloan, barriz, hausnarketeari ekingo deutsagu, aniztasunaren eta identidadeen inguruan. Amaitzeko, Lidia de Lorenzo Ermuako bailaorak De Norte a Sur txalaparta eta flamenkoa buztartzen dituan ikuskizuna taularatu eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu