Bidebarrieta Kulturguneak 'Darwinen Eguna' ospatuko dau

Bizkaie! 2013-02-07 13:18   kulturbiz

Datorren martitzenean, hilak 12, 204 urte beteko dira Charles Darwin, Alfred Russel Wallacegaz batera eboluzinoaren teoriaren asmatzaileetako bat, jaio zanetik. Bidebarrieta Kulturguneak egun hori ospatuko dau beste urte batez, gizakiaren eboluzinoari buruzko zientzia zabalkunderako berbaldi bigaz.

Datorren martitzenean, hilak 12, 204 urte beteko dira Charles Darwin, Alfred Russel Wallacegaz batera eboluzinoaren teoriaren asmatzaileetako bat, jaio zanetik. Bidebarrieta Kulturguneak egun hori ospatuko dau beste urte batez, gizakiaren eboluzinoari buruzko zientzia zabalkunderako berbaldi bigaz. Hitzordua arratsaldeko 19:00etan izango da, liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrerea librea izango da.

Berbaldiak, izen handiko bi ikerlari eta idazlek eskainiko ditue: Jordi Agustík, Tarragonako Universitat Rovira i Virgili Unibersidadeko Giza Paleoekologia eta Gizarte Eboluzino Institutu Katalaneko irakasle ikerlariak eta Ana Zubiagak, UPV/EHUko Genetika Molekular Katedradun eta Giza Genetika Irakasleak. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak bultzatutako ekimena Bidebarrieta Kulturguneak, Zirkulu Eszeptikoak eta UPV/EHUko Kultura Zientifiko Katedreak antolatu dabe, eta, horrezaz gan, beste batzuen laguntzinoa be badauka: CIC bioGUNE, Espazio Gela, Biofísica Bizkaia Fundazinoa eta El Correo.

Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Ana Zubiagak, UPV/EHUko Genetika Molekular Katedradun eta Giza Genetika Irakasleak emongo dauen ¿Un parque Jurásico en el Gorbea? berbaldiagaz. Ana Zubiagak, azken garaietan biologiaren alorrean izandako aurkikuntzek injinerutza genetikoaren bitartez dinosauru bat sortzeko aukerea emongo leuken gaiari buruz berba egingo dau.

Darwin y la idea de progreso izeneko bigarren berbaldia Jordi Agustí ikerlari katalanak emongo dau. Jordi Agustík eboluzinoaren eta aurrerabidearen arteko lotureari buruz berba egingo dau, eta baita zientziak gai horren inguruan izan dituan ideia aldakorrei buruz be.

Jordi Agustí (Bartzelona, 1954) ugaztun zenozoikoetan eta giza eboluzinoan espezializauta dagoan paleontologoa da. Bere ikerketa lanak dagoeneko desagertutako ugaztunen azterketan oinarritu dira, eta Europa mailako zenbait proiektu eta Afrika iparraldean eta Georgian aurrera eroandako kanpaina paleontologikoak zuzendu ditu. Zenozoiko europarreko mikro-ugaztunen fosilei buruzko 250 lan baino gehiago argitaratu ditu aldizkari zientifikoetan.

Bilboko Udalak Charles Darwinen jaiotzea ospatzen dauen zazpigarren urtea da hau. 2007tik zientzia eta zabalkunde alorreko persona ezagunek hartu dabe parte, Francisco J. Ayalak, Pilar Carbonerok edo Manuel Tohariak, besteak beste, eta, ondorioz, ezinbesteko hitzordu bilakatu da zientzia eta kultura zale guztientzat.

Bidebarrieta Kulturgunea zientziari eta kultureari eskainitako gunea da, eta bere helburuetako bat zientzia eta zientziagaz lotutako gai guztiak ezagutarazotea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu