Berbaldiak, erakusketak eta jardunaldiak, Bizkaiko Foru Liburutegiko aurtengo egitarauan
2013-01-29 14:49 kulturbizLetrak eta futbola mahai-inguru eta berbaldi zikloak abiatuko dau zezeilaren 7an Bizkaiko Foru Liburutegiko kultura egitaraua. Aurten be, irakurle taldeak, sormen tailerrak, erakusketak eta jardunaldiak atondu ditue liburutegian.
Letrak eta futbola mahai-inguru eta berbaldi zikloak abiatuko dau zezeilaren 7an Bizkaiko Foru Liburutegiko kultura egitaraua. Aurten be, irakurle taldeak, sormen tailerrak, erakusketak eta jardunaldiak atondu ditue liburutegian. Miren Josune Ariztondo Kultura diputaduak azaldu ditu zehaztasunak prentsaurrekoan.
Joan dan urtean, 153.738 lagunek hartu eben parte Foru Liburutegiko jardueretan, aurreko urtean baino 1.500 gehiago. Gune edegia izaten ahalegintzen dirala azaldu dau Ariztondok. Holan, prestau dabe 2013ko egitaraua. Letrak eta Futbola zikloak zezeileko lau eguenetan futbolari eta idazleak battuko ditu, tartean, Edorta Jimenez, Aitor Lagunas, Elena Medel, Manuel Villas, Eduard Sancho eta abar. Zezeilaren 7an izango da lehenengo mahai-ingurua, Hernan Casciari eta Enric Gonzalezegaz.
Irakurketa txokoa be zezeilean hasiko da martxan. Hilero hitzordu bat izaten dabe idazle eta irakurzaleek bizipenak eta gogoetak alkarri adierazoteko. Jon Bilbaok estreinauko dau aurtengo egitaraua zezeilaren 27an, ostean Mariasun Landa, Jabier de Isusi, Karmele Jaio, Javier Alcibar, Iban Zaldua, Diego Vasallo eta Rafa Berrio eta Harkaitz Cano.
Euskerazko eta gaztelaniazko Irakurle Taldeak astero batuko dira aurrez irakurritako liburu baten inguruan eztabaidatzeko. Udane Goikoetxeak gidatu dau euskerazko taldea, eta Iñigo Larroquek, gaztelaniazkoa. Martitik maiatzera bitartean egingo ditue batzarrak, eguenetan euskerazkoak, barikuetan gaztelaniazkoak.
Erakusketa hartuko ditu Foru Liburutegiak, lehenengoa bagilean, Uholdeak Bizkaian, 1983ko uriola handien ganekoa. Urteurren berezia izango da, Ariztondoren esanetan, 30. urteurrena da, hain zuzen be. Bigarren erakusketea, Dora Salazarren Bizkaia emakumeen begiradan, urrian ailegauko da.
Zemendian Liburutekia kultura eta teknologia barrien ganeko jardunaldiak egingo ditue. Lehenengo saiakerea igaz egin genduan -esan dau Kultura diputaduak- emoitza onak izan ziran, eta aurten indarbarrituta datoz jardunaldiak. Profesionalek zein interesa daukan edonork parte hartu leike.
Aurten be emakumeak eta literatureari buruzko tailerra zuzenduko dau Josune Muñozek, irailetik abendura bitartean. Oraingoan, Euskal emakumeen literatura gaztelaniaz izango da ardatza. Udan, garagarrilean, udako liburutegia zabalduko dabe Arbieto kalean, igaz lez. Balorazino onak bultzatuta ekingo deutsie aurtengoari.
Bizkaiko Foru Liburutegiak antolatutako jarduera guztiak doban dira, baina lekuak mugatuak diranez, euretako askotan derrigor emon behar da izena. 2013ko egitarau osoa, hemen.
Euskera erabilerea sustatzeko laguntzinoak
Bizkaiko Foru Liburutegiko egitaraua aurkezteaz aparte, 2013. urtean euskerearen erabilera sustatzen daben proiektuetara diru-laguntzak eskatzeko epea asteon amaitzen dala gogoratu dau Miren Josune Ariztondok
Danetara, 3.315.000 euroko zenbatekoa daben bost dekretu dirala azaldu dau Kultura diputaduak. Aurten Bizkaiko lurralde historikoan euskerearen erabilera sustatu, hedatu eta normalizetako jarduera, ekimen eta produktuetarako diru-laguntzinoak arautzen ditue dekretuok.
Informazino gehiago, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!