V. 'Artistak Egoitzan'-ek Euskadiko artistak eta euskeraz egindako ikerketa edo produkzinoak izango ditu ardatz

Bizkaie! 2013-01-28 13:05   kulturbiz

Aurtengo edizinoan ekimenak Euskal Herriko profesionalen, artisten eta taldeen lana eta euskeraz egindako ikerketa edo produkzinoak bultzatu nahi ditu. Hori dala eta, parte-hartzaileak Euskadiko konpainiak eta artistak izango dira. Martiaren 27ra arte aurkeztu ahal izango ditue euren proiektuak.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bilbaoeszenaren, Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroaren, bitartez, orain lau urte, gure urian arte eszenikoen alorrean ikerketea eta barrikuntzea sustatzeko eta bultzatzeko sortu eban Artistak Egoitzan programearen 2013ko deialdia zabaldu dau.

Aurtengo edizinoan ekimenak Euskal Herriko profesionalen, artisten eta taldeen lana eta euskeraz egindako ikerketa edo produkzinoak bultzatu nahi ditu. Hori dala eta, parte-hartzaileak Euskadiko konpainiak eta artistak izango dira. Martiaren 27ra arte aurkeztu ahal izango ditue euren proiektuak. BilbaoEszenak lau arte egitasmo aukeratuko ditu gehienez. Egitasmo horreen helburu nagusiak proposamen eszenikoen sorkuntzea, ikerketea eta zabalkundea izango dira. Egoitzetako bat, ikus-entzuleen edo/eta beste artista batzuen aurrean aurkeztu beharreko emoitzak erabat euskeraz izango diran egitasmo bati erreserbauta egongo da.

Artistak Egoitzan programearen helburu nagusia artistei eta artista taldeei laguntzea da, arlo eszenikoetan sorkuntza edo ikerketa prozesuak garatzeko baliabideak eskainiz (ekonomikoak, teknikoak, prestakuntzakoak edo laguntzakoak, etab.) eta batez be, eszena barriakaz zerikusia daben, interes zehatz bat sortu eta izaera anitza daben arloetan, ardatz nagusia antzerkia eta jantzea izanik, diziplina tradizionalagoakaz, besteak beste, kaleko antzerkiagaz edo zirkuagaz, lotutako proiektuak baztertu barik.

Programa honetan, Bilboko Udalak, BilbaoEszenaren bidez, helburu bi lortu nahi ditu: batetik, arte eszenikoen esparruko arte sorkuntzea sustatzea, eta, bestetik, garapen eta ikerketa-prozesuak bultzatzea, batez be, dramaturgia barriak ardatz nagusia izanik. Era berean, hirugarren helburua be aitatu behar da, sorkuntzako talentua aurkitzera eta erakartera bideratua, produkzino garapen prozesurako sarrerea erraztuz.


Euskal eszenea bultzatzea

Kultura eta Hezkuntza Sailak lehentasuna emon deutso euskal eszena barriari bultzadea emoteari, eta, ondorioz, 2013ko deialdi honetara, sorkuntza lanetan edo eszena garaikide ikerketa prozesuetan BilbaoEszenagaz alkarlana bideratzeko interesa daben Euskadiko taldeak edo 18 urtetik gorako artistak aurkeztu ahal izango dira.

Egoitza bakotxak gehienez 25 eguneko iraupena izango dau eta epealdi horretan modu trinkoan landuko da, aurkeztuko eta hautatutako proiektu artistikoan oinarrituta. Egoitzak BilbaoEszenaren lokaletan eta Bilboko beste eszena gune batzuetan egingo dira, batez be, garagarrilean, abuztuan, irailean eta urriaren erdian. Proiektu bakotxerako diru-kopurua gitxienez 1.500 euro eta gehienez 4.000 eurokoa izango da. Horrezaz gan, aukeratutako personek, euren sorkuntza prozesuak ikus-entzuleen edo sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukerea izango dabe, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikideko Jaialdian, BAD-en, edo Udalak bultzatutako beste edozein ekimen eszenikotan.

Laguntzak jaso nahi dituan egoitza proiektuaren proposamen zehatzak deialdiaren eskari orri ofiziala behar bezela beteko dau. Eskari orria interneten dago (www.bad-bilbao.com) eta euskeraz edo gaztelaniaz bialdu ahal izango da.

Joan dan edizioan, Kultura eta Hezkuntza Sailak 100 eskari jaso zituan, 2011n baino hogei gehiago. Proiektuak aukeratzeko orduan epaimahaiak diziplina anitzeko izaera eta eszenako eremu barrien ikerketara eta garapenera egindako hurreraketa barritzailea eta proiektuen arte interesa izan zituan kontuan.


BAD 2013

Aurten urriaren 24tik zemendiaren 3ra izango dan BADek, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak, parte hartzeko interesa daben arte proposamenak aurkezteko epea zabaldu dau. Bertako artistek eta konpainiek martiaren 27ra arte aurkeztu ahal izango ditue euren proposamenak, eta ganerako artistek eta konpainiek maiatzaren 30era arte. Aukeratzen diran proposamen guztiek, bagilaren 30a baino lehen eskatzen jakezan material, sinopsi, fitxa artistiko eta tekniko, argazki eta bideo guztiak bialtzeko konpromisoa hartu beharko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu