Umeen zein gurasoen parte-hartzea bultzatuko dau aurten Bilboko Udalaren Ikusi eta Ikasi programeak
2013-01-09 14:25 kulturbizFamilietan euskerearen erabilerea bultzatzea eta astialdirako eskeintza oparoa eskeintzea dira Ikusi eta Ikasi programearen ardatzak.
Urtarrilaren 14tik martiaren 23ra bitartean, 43 ekitaldi programau ditue, igaz baino zortzi gehiago. Ohiko moduan, ekintza gehienak 3 eta 9 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dagoz, badagoz gurasoek eta umeek batera egitekoak be eta gurasoei beren beregi zuzendutako jarduera batzuk be bai. Familietan euskerearen erabilerea bultzatzea eta astialdirako eskeintza oparoa eskeintzea dira Ikusi eta Ikasi programearen ardatzak.
Aurtengoa, Ikusi eta Ikasiren 9. edizinoa izango da. Betiko legez, Topagunearen laguntzinoa eukiko dau Bilboko Udalak antolakuntzan. Bilboko Udaleko euskera zinegotzi Sabin Anuzitak azaldu dauenez, helburu nagusi bi daukaz programeak: Alde batetik, euskerearen erabilerea sustatu nahi dogu, eskola orduetatik kanpo be umeak eta euren gurasoak euskeraz jardutera animau; bestetik, gurasoen parte-hartzea areagotu gura dogu oraingoan. Gurasoei zuzendutako jarduerak haziz doaz urtetik urtera, sekula baino jarduera gehiago daukaguz aurtengo egitarauan, hazkunde hori gurasoentzako eskeintzea zabaldu dogulako da, adierazo dau Topaguneko Aritza Escandonek. 2013ko beste nobedade bat umeen edadean dago, Aritza Escandonen arabera, geure eskeintzea gehiago doitzeko asmoz, aurten 3 eta 9 urte bitarteko umeei zuzenduko deutseguz jarduera guztiak, orain arte 12 urtera artekoak izan diran arren.
Urtarrilaren 14an hasita, martiaren 23ra arte, Bilboko auzoetako udaltegietan eskaintza oparoa egongo da: Pailazoak, magoak, ipuin-kontalariak, zirkuko artistak, txotxongiloak eta abar eroango ditue. Txan Magoa edo Anne Mona moduko personaiak dira ezagunenak aurtengo programatik, baina Sabin Anuzitak nabarmendu dauenez, euskeraz umeentzako astialdian dagozan artistarik onenak ekarten ahalegindu gara, ikuskizun guztiak punta-puntakoak izango dira. Igazko arrakastea ikusita, aurten be familia osoarentzako sukaldaritza tailerrak egongo dira, Castaños, Bidarte, Begoña eta Errekaldeko udaltegietan. Belaunaldien arteko hartu-emona bultzatu gura dogu tailer horregaz, familia harremonak euskeraz izan daitezala, azaldu dau Anuzitak. 2013an, ganera, mozorro tailerra be egongo da, Begoñako udaltegian egingo dogu, aratusteen aurreko astean, momentu aproposean beraz, dino Aritza Escandonek. Jolasen txokoa Deustua eta Begoñako Udaltegietan egongo da, urtero legez.
Gurasoen parte-hartzea bultzatu nahi dabe aurten Ikusi eta Ikasiko arduradunek. Horretarako, alde batetik, ekintza ugari preparau ditue: Familia osoarentzako aitatutako jarduerez ganera, guraso erdaldunei umeei euskerazko etxeko lanak egiten laguntzeko tailerra emongo dau Iñaki Eizmendik. Beste alde batetik, bloga sortu dabe interneten, helbide honetan: www.ikusietaikasi.net. Blogaren bidez, tresna baliagarriak eskeini gura deutseguz gurasoei, Ikusi eta Ikasi programeari buruzko informazino guztia, kexak edo iradokizunak egiteko gunea, proposamenak be jasoko doguz, azaldu dau Anuzitak. Bilboko Udalak euskerea bultzatzeko egiten dituan ganerako ekintzei buruzko informazinoa be plazaratuko dabe blogean. Interneteko gune barri horretan parte hartzen daben guraso guztien artean, saritxuak zotz egingo dituela agindu dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!