Kultur Leioak musika eta antzerki egitarau ederra dakar 2013an
2013-01-08 14:43 kulturbizKultur Leioak bagilera bitarteko kultur egitaraua aurkeztu dau. Musikea eta antzerkia izango dira osogai nagusiak. Luxuzko egitaraua atondu dabela nabarmendu dabe Leioako kultur arduradunek.
Kultur Leioak bagilera bitarteko kultur egitaraua aurkeztu dau. Musikea eta antzerkia izango dira osogai nagusiak. Luxuzko egitaraua atondu dabela nabarmendu dabe Leioako kultur arduradunek. Danetara, 23 ikuskizun eta 24 emonaldi eskainiko ditue.
Heldu zein umeei zuzendutako eskaintzea prestau dabe Leioan, musikea, antzerkia, jantzea, zirkua, eskol-antzerkia eta abar. Kultur Leioako egitarauaz gan, Aterpe Leioa Gaztegunea, Lamiako, Txorierri, Pinueta eta San Bartolomeko Kulturguneetako jardueren barri be emon dabe. Egitarau askotarikoa eta kalidadezkoa izango dala aurreratu dabe prentsaurrekoan.
Urtarrilaren 18an, 22:00etan, Diego Galazek estreinauko dau 2013ko musika egitaraua. Biolinista ezagunak, Travellin’ Brothers talde leioztarragaz batera, urteko lehenengo Bluenight dalakoa eskainiko dabe. Hilaren 25ean, Juan Perro (Santiago Auserón) etorriko da, Casa en el Aire birearen barruan.
Zezeilean kontzertu bi izango dira: 8an, Maïa Vidal kantaria, eta 15ean, Folkincats taldea. Kultur Maratila zikloaren barruan, martiaren1ean, Xabier Lizaso piano-jotzaileak eta Andoni Egaña bertsolariak Bi arreba lana aurkeztuko dabe. Hurrengo egunean, 2an, Anari zuzenean izango da, Ambigun.
Antzerkiari jagokonez, danetariko egitaraua atondu dabe Leioan. Lehenengo saioa urtarrilaren 12an egingo dau Histrión Teatro konpainiak; Daniel Veronese argentinarraren Teatro para pájaros lana eszenarauko dabe. Zezeilaren 10ean, Arena en los bolsillos taldeak umeentzako Kanpoaldea toki bat da lana ekarriko dau. Hilaren 23an, Mexikoko Antzerki Sari Nazionalaren jaube dan Los Guggenheim konpainiak umorez beteko dau Kultur Leioa Más pequeños que el Guggenheim beharragaz.
Zezeilaren 28an, Horman Poster Kolektiboak Iragan perfektua estreinauko dau, eta martiaren 1ean, Metrokoadroka taldeak Poza: zergatik dantzatzen dute bosniarrek? lana aldez aurretik estreinaiko dabe.
Luna Teatrok familia osoarentzako jantza eta txotxongilo ikuskizuna ekarriko dau urtarrilaren 27an, Cenicienta y las zapatillas de cristal. Apirilean be jantzea egongo da, 26an, Rocío Molinaren konpainiak aurkeztutako Danzaora, eta 28an, Krego-Martín konpainiaren umeentzako Space-ko zarama.
Kultur Leioako egitarau oso-osoa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!