'Goazen Txinara!' euskal artistentzako programearen aurtengo edizinoa martxan da

Bizkaie! 2013-01-07 10:59   kulturbiz

Goazen Txinara! euskal artistentzako egoitza-programearen 2013ko deialdia abiatu barri dau Pekingo MA Studiok, Etxepare Institutua eta EHUren laguntzinoagaz. Ekimenari esker, euskal artista bik Txinara beharrera joateko aukerea eukiko dabe. Eskaerak aurkezteko epea urtarrilaren 30ean amaituko da.

Goazen Txinara! euskal artistentzako egoitza-programearen 2013ko deialdia abiatu barri dau Pekingo MA Studiok, Etxepare Institutua eta EHUren laguntzinoagaz. Ekimenari esker, euskal artista bik Txinara beharrera joateko aukerea eukiko dabe. Eskaerak aurkezteko epea urtarrilaren 30ean amaituko da.

Euskal Herriko artisten lana Txinan sustatzea da Goazen Txinara! egitasmoaren helburu nagusia. Judas Arrieta MA Studioko zuzendariak emondako datuen arabera, programearen lehenengo lau urteetan 12 sortzailek hartu dabe parte, eta horregaz batera, 23 kultur ekintzatan partaide izan dira.

Proiektua sortu zanean amesa zan. Gauza batzuk egi bihurtu dira eta beste batzuk bidean geratu dira; oraindino be amesa izaten jarraitzen dau, adierazo dau Arrietak. 2013ko helburu barriak azaldu ditu artista nafarrak: urteotan estudiotik pasautako euskal artisten lanak Txinako hainbat uritan erakutsi eta orain arte bultzatu tako Euskal Herritik Txinarako bidaiaren itzulerako ibilbidea egin, Txinako artea Euskal Herrira ekarri.

2012. urtean Goazen Txinara! programak izan dituen emoitzak aurkeztu ditu Arrietak, hau da, Pekingo Cervantes Institutuan eta EGG Gallery-n egindako erakusketak eta Koldo Almandoz eta Ismael Iglesias igazko Goazen Txinara! programarako aukeratutako artisten lanak.

Txinan bizitakoa positiboa eta tarteka oso gatxa izan zala adierazo dau Almandozek. Holako ekimen batean parte hartzeak esperientzia bat biziteko aukerea eskaintzen deutsu, eta ez da gitxi. Aurreretxiak kentzeko balio izan deust; arte eta kultura munduak sekulako mobimentu eta eztanda bizi dabe Txinan, ganeratu dau.

Artista donostiarra ikus-entzunezko egitasmo bategaz ailegau zan Txinara: Kung Fu eta Nouvelle Vague estiloaren arteko film bat egitea zan nire asmoa. Filmak hiru ardatz izango ditu: Pekinen bertan jazoten dan kontakizun bat, Kung Fu generoko pelikula bat eta MA Studio eta Judas Arrietagaz lanean bizitako esperientzia azaltzen dauen atala. Materiala batuta dauka, muntaketea egiten dabil orain.

Ismael Iglesiasen lanak, ostera, pinturea dau ardatz. Judas Arrietak azaldu dauenez, Txinan geometriagaz arte abstraktu gitxi ikusten dalako aukeratu eben proiektua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu