'Txokolatea eta bizkotxoak' Bilbon urtarrilaren 15etik aurrera

Bizkaie! 2013-01-02 11:37   kulturbiz

Kulturaz gozau nahi dogu, sortzaileak bere horretan ezagutu, entzun. Kulturearen plazerrak edozein txoko hartu leikela azaldu. Ohiko tokietatik kanpo kultureak be espazioa dauela eta behar dauela aldarrikatu nahi dogu.

Gernikako Kafea eta Galletak oinarri hartuta, Ane Zabala, Fernando Perez eta Goizalde Landabasoren ekimenez, sortzaileak hurretik ezagutzeko aukerea izango da Bilbon, hilean behin. Asmoa kulturearen adar guztiak jorratzea da (literaturea, musikea, zinemea, antzerkia, jantzea, margolaritzea, komikigintzea, etab.) eta protagonistakaz barriketaldiak, euskeraz, izateko asmoa dabe antolatzaileek.

Oraingoz, hilean behin egingo dabe batzarra, martitzenetan, Bilboko Alde Zaharreko Barrenkaleko Modesto tabernan, 19:30etik aurrera. Lehenengo hitzordua Harkaitz Cano idazleagaz izango da, urtarrilaren 15ean eta Memoriaren musika izango dau berbagai. Hurrengo hitzordua zezeilaren 5ean izango da; protagonistea Hedoi Etxarte izango da, Sinplistak eta kantu pare bat poesia liburua atxaki hartuta.

Irabazi asmorik ez daben ekitaldiak izango dira -argitu dabe arduradunek-; kulturaz gozau nahi dogu, sortzaileak bere horretan ezagutu, entzun. Kulturearen plazerrak edozein txoko hartu leikela azaldu. Ohiko tokietatik kanpo kultureak be espazioa dauela eta behar dauela aldarrikatu nahi dogu. Beraz, kultur espazioak zabaldu eta zabaltzeko ardurea bereganatu dabe ekimen honen bitartez; Ez dira izugarrizko aurrekontuak behar kultureari bide egiteko, interesgarriak diran gauzak ikusi eta entzuteko antolatzaileek adierazo dabenez.

Txokolatea eta bizkotxoak ekimenaren barri izateko, blog bat jarri dabe martxan. Bertan hitzorduen informazinoa jakinarazo eta Modesto Tabernea bisitauko daben artisten barri emongo dabe.

Horrezaz gan, Twitterren @txoketabizk eta Facebook sareetan be topauko dozue informazinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu