Eusebio Erkiaga idazle eta euskaltzainari buruzko jardunaldia egingo dabe Bilbon, zemendiaren 30ean

Bizkaie! 2012-11-27 14:12   jardunaldiak

Eusebio Erkiagari buruzko jardunaldia egingo dabe Euskaltzaindiak eta Deustuko Unibersidadeak zemendiaren 30ean, idazle eta euskaltzainaren jaiotzearen mendeurrenean. Izen-emotea dobakoa da. Akademiako Literatura Ikerketa batzordeak atondu dau egitaraua.

Eusebio Erkiagari buruzko jardunaldia egingo dabe Euskaltzaindiak eta Deustuko Unibersidadeak zemendiaren 30ean, idazle eta euskaltzainaren jaiotzearen mendeurrenean. Izen-emotea dobakoa da. Akademiako Literatura Ikerketa batzordeak atondu dau egitaraua.

Deustuko Unibersidadeko Bibliotekako Ellacuria aretoan egingo da jardunaldia, goizez. Andres Urrutia euskaltzainburuak irakurriko ditu sarrera-hitzak. Ostean, eguerdiko atsedena baino lehen hiru berbaldi egingo ditue: Eusebio mundua kontatzen, Roberto Mielgo Begoñako Andra Mari Irakasle Eskolako irakaslea; Araibar zalduna: 6. eta 9. aginduek eragindako nahaspilak, Ana Toledo euskaltzaina eta Deustuko Unibersidadeko irakaslea; eta, Erkiaga, narrazio-egilea, itzultzailea, antzerkigilea eta kazetaria, Andres Urrutia euskaltzainburua.

Ostean, 12:45ean, Igone Etxebarria euskaltzain urgazle eta Labayru ikastegiko kideak Eusebio Erkiaga olerkari hitzaldia egingo dau. Amaieran, Miren Agur Meabe idazle eta euskaltzain urgazleak Kresalaren goramina izeneko errezitaldia eskainiko dau.

Agur-berbak Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiak eta Literatura Ikerketa batzordeko arduradunak esango ditu.


Eusebio Erkiaga (1912-1993)

Eusebio Erkiaga Lekeition jaio zan 1912an, eta Bilbon hil, 1993an. Euskaltzalea eta literaturzalea, ezaugarriok laburbiltzen dabe haren ekarpena euskal kulturearen munduan. 1952an izentau eben euskaltzain urgazle, eta 1963an, euskaltzain oso. Handik hiru urtera, 1966an, Akademiako diruzain izentau eben.

Lanbidez Banco de Vizcaya erakundean ibili zan bizi osoan, baina bihotza literaturan izan eban beti, Euskaltzaindiko iturriek adierazo dabenez. Olerkari hasi zan, gerra aurretik, eta poemak idazteari egundo itxi ez arren, gaur egun ezagunagoa da eleberrigile lez. Berak idatzi zituan Arranegi (1958), Araibar zalduna (1962), Batetik bestera (1962), Jaioko dira (1984), Txurio txoria (1986) eta Irria galtzen denean (1987).

Hil ostean, bere lan batzuk berrargitaratu dira, berbarako, Arranegi (Iñaki Sarriugarteren edizinoa, 1993) eta testu laburren bilduma bi, prosan, Berbalauaren kulunkan (Andres Urrutiaren edizinoa, 2 tomo, 2001-2002), eta poesian, Neurtitzak (Igone Etxebarriaren edizinoa, 2007); eta bere itzulpen argitarabako bat, Georges Simenonen Aspaldiko Maigret (Andres Urrutiaren edizinoa, 2009). Haren nobelagintzearen azterketarik osoena Roberto Mielgok egin eban, 1995ean: Eusebio Erkiagaren gerraosteko elaberrigintza: (1958-1964).

Bizkaiko Foru Aldundiak omenaldia egin eutson hil baino urtebete lehenago, eta hil aurreko egunetan etxean gaixorik zala, Euskaltzaindiaren dominea jaso eban, Jean Haritschelhar euskaltzainburuaren eskutik. Lekeition, Eusebio Erkiaga jaio zan kaleak beronen izena daroa gaur.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu