Euskaldunek Kubako Independentzia Gerran izan eben parte-hartzea aztertu dabe
2012-11-22 14:52 kulturbizHamar urte iraun eban Kubako Independentzia Gerreak, 1868tik 1898ra. Hango eta bertoko euskaldunek gerran izandako jarrerea eta parte-hartzea jorratu ditue Alexander Ugalde, Cecilia Arrozarena, Felix Julio Alfonso López eta Joseba Agirrezkuenaga historialariek Patria y libertad. Los vascos y las Guerras de Independencia de Cuba (Txalaparta) liburuan.
Hamar urte iraun eban Kubako Independentzia Gerreak, 1868tik 1898ra. Zelan amaitu zan jakin badakigu, baina tarte horretan euskaldunek izan ete eben zeozelango parte-hartzerik? Hango eta bertoko euskaldunek gerran izandako jarrerea eta parte-hartzea jorratu ditue Alexander Ugalde, Cecilia Arrozarena, Felix Julio Alfonso López eta Joseba Agirrezkuenaga historialariek Patria y libertad. Los vascos y las Guerras de Independencia de Cuba (1868-1898) liburuan.
Aurkezpenean, Alexander Ugalde entseguaren koordinatzailea eta Joseba Agirrezkuenaga historialaria izan dira. Patria y Libertad Jose Martíren antzezlan baten izenburua da, Guatemalako gobernuak 1877an enkarguz eskatutakoa. Lema hori geurean be erabili izan da, Euskal Alderdi Nazionalista Liberalaren sortzaile Francisco de Ulaciak, berbarako, izen hori ipini eutson erakundearen astekariari. Ostean, Eusko Abertzale Ekintza / Acción Nacionalista Vasca alderdiak erabili eban. Lotura horeek aprobetxauz aukeratu dabe egileek liburuaren izenburua.
Egile kubatarrak eta euskaldunak batu dira orain hamar bat urte abiatu zan proiketua gauzatzeko. La Habanako Cecilia Arrozarena Uriberen testuagaz hasten da liburua, berau da luzeena. Independentziaren alde zein kontra egozan militar, politiko eta personaien jazoerak, anekdotak, historia txikiak jaso ditu. Bitxikeria ugari eskaintzen ditu.
Felix Julio Alfonso Lopez Santa Clara urian jaiotako historialariak sasoi hareetako ahozko euskal poesia aztertu dau, bertsolarien testuak batez be. Kubako gerrearen ganeko eretxiak agiri dira bertsoetan, egileetako batzuk soldaduak izan ziran, ganera. Bertoko beste ikertzaile batzuk aztertu dabe gaia, baina lehengo aldiz egin dau kubatar batek, azaldu dau Alexander Ugalde liburuaren koordinatzaileak.
Hirugarren atala, Ugaldek berak idatzi dau, hasierako euskal nazinoalismoak gerrearen aurrean izandako jarrerearen azterketea hain zuzen be. Sabino Arana, EAJ-PNV alderdia eta beste persona batzuen erantzuna azaldu dau historialari bilbotarrak.
Joseba Agirrezkuenagak Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundien jokaerea izan ditu ardatz. Euskal erakundeek Kuba Espainiaren lurralde izaten segidutea gura eben. Bilboko merkataritza amerikarraren % 80 kubatarra zan. Konserbak eta janaria bialtzen ziran hara, batez be. Bizkaia eta Euskal Herriarentzako aberastasun iturri garrantzitsua zan, argitu dau egile bilbotarrak. Hainbeste interes euken, borondatezko terzioa antolatu ebela diputazinoek. Baina, ez eben lortu bertakoekaz osotzerik, eta azkenean inguruko (Burgos, Santander...) herrietako jentea be onartu zan. Hara joan ezkero, heriotzea ia ziurra zan. Tropikoetako gaixotasunekaz hil ziran gehienak.
Kubako Independentzia Gerrea modaz pasetan ez dan gaia dala erexten deutse Ugaldek eta Agirrezkuenagak, asko idtazi da horrenganean, baina beti dago dokumentazino barria, beste ikuspegi batzuk. Liburuagaz gustura dagoz egileak, bai testuekaz bai irudiekaz bere bai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!