2012 Euskadik ‘Gernika- Astra tailerrak: armak egitetik, kultura sortzera’ liburua aurkeztu dau

Bizkaie! 2012-11-22 14:31   kulturbiz

2012 Euskadik Gernikazarra Historia Taldearen laguntzinoagaz argitaratu dau aitatu liburua, eta ekimen horren bitartez aldaketa historiko baten metaforea egin nahi izan dau, arma-fabrika izandako Astra lantegiak kulturea sortzeko gune bihurtzeraino izan dauen eraldaketea, hain zuzen.

Eusko Jaurlaritzeak 2012 Euskadi, Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea-ren garapena kudeatzeko eratu dauen Fundación 2012 Fundazinoak prentsaurrekoan aurkeztu dau gaur Gernika-Astra tailerrak: armak egitetik, kultura sortzera liburua. Espainiako Gerra Zibilean Gernika eta beste zenbait euskal udalerri bonbardeau zitueneko 75. urteurrenaren harira, ETAk barriro hilko ez dauela aldarrikatu dauen momentu historiko honetan, 2012 Euskadik Gernikazarra Historia Taldearen laguntzinoagaz argitaratu dau aitatu liburua, eta ekimen horren bitartez aldaketa historiko baten metaforea egin nahi izan dau, arma-fabrika izandako Astra lantegiak kulturea sortzeko gune bihurtzeraino izan dauen eraldaketea, hain zuzen.

Ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria eta Fundación 2012 Fundazinoko idazkaria dan Mikel Toralek eta liburua idatzi daben Jose Angel Etxaniz eta Gorka Pérez de la Peña historialariek aurkeztu dabe. Horreez gan, Juan Zubillaga Esperanza fisikaria be izan da bertan konbidatu legez. Zubillaga jn.a Astra arma-fabrikearen sortzaileetako bat izan zan Juan Esperanzaren ilobea da, eta berak idatzi dau aurkeztutako liburuaren berbaurrea.

Liburua Ricardo de Bastida arkitekto entzutetsuak Talleres de Guernica SA enpresearentzako eregitako pabilioiaren historian oinarrituta dago. Enpresearen sortzaileak Gandarias familia, Rufino Unceta, Juan Esperanza eta Guillermo Pradera izan ziran, besteak beste.

1916an sortutako enpreseak makineria (nekazaritzarakoa, prentsak, tornuak, fresatzeko makinak, kontserbak eta oinetakoak egiteko makineria, erremintak, gerrarako materiala, nekazaritzarako makineria, etab.) egin eban eta trebea izan zan krisi garaietan produkzinoa dibersifiketan.

1968an, Talleres de Guernica SA enpreseak Astra pistola entzutetsua egiten eban Astra, Unceta y cía, SA etxeari saldu eutson pabilioia. Azken horrek ia ez eban pabilioia erabili, izan be, bigarren pisua baino ez eban erabili, bertan enpresearen bulegoak kokatzeko. 1998an, enpresea zarratu egin eben eta pabilioia hutsik geratu zan Gernikako gazteek okupau eben arte.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria eta Fundación 2012 Fundazinoko idazkaria dan Mikel Toralek azaldu dauenez, 2012 Euskadi esperientziak ondokoa erakusten deusku: kulturan inbertidutea herritarrakan inbertidutea dala, eta kulturearen bidez alkarbizitzarako eta hazkunderako gune barriak sortzeko aukerea emoten daben espazioak eta emozinoak sortzen dirala.

Gernika-Lumoko Gernikazarra historia taldeko kide eta liburuaren egileetako bat dan Jose Angel Etxanizek honakoa zehaztu dau: datu ezezaguna da (1921etik 1946ra bitartean) gerrarako materiala egin zala lantegian, besteak beste, hegazkinetarako bonba modelo desbardinak, tartean baita kimikoak be. Marokoko gerran (1921-1925) gas-bonbak (kloroa eta iperita) egin ziran. Espainiako gerra zibilean bando biek erabili zituen enpreseak egindako materialak. Era berean, itsaspekoen kontrako bonbak eta granada-jaurtigailuak be egin ziran bertan.

Gorka Pérez de la Peñak, barriz, zera esan dau: Ricardo de Bastida arkitektoak 1916 eta 1917 bitartean egindako Talleres de Guernica enpresea Vienako sezesionismoaren adibide ezin hobea da. Modernotasunaren aldeko apustu gogorra izan zan, ikuspuntu aurre-arrazionalista kontuan hartuta egin ebalako: industria-erabilereak eskatzen eban arrazionaltasunaren eta industria-estetika monumentalaren arteko sintesia lortu eban. Espainiako arkitekturan dagoan aurre-arrazionalismo adibiderik bikainenetakoa da eta, horrenbestez, Europako onenen artean be kokatu behar dogu.

Gaurko ekitaldian konbidatu izan dan Juan Zubillaga Esperanza fisikariak, hau da, liburuko berbaurrearen idazleak eta Astra arma-fabrikea zanaren sortzaileetako bat izandako Juan Esperanzaren ilobeak ondokoa adierazo dau: nire aitona, Juan Esperanza, Espainiako lurretatik heldutako etorkina zan beste asko bezela, eta Castellanua izengoitia jarri eutsien euskeraz berba egin arren. Horra hor gure historia ulertzeko beste giltzarri bat: ezin da Euskal Herriko industriaren hazkundea ulertu etorkinak kontuan hartu barik. Amaitzeko, honakoa adierazo nahi izan dau: arrisku-saria horren garrantzitsua dogun garai honetan, kultura kutsua dauen edozeri murrizketak eta BEZ gorakadak aplikau nahi deutsiezan honetan, lasaigarria da kultur ekipamenduak inauguretan dirala ikustea. Are gehiago ekipamendu hori hartzen dauen eraikina, besteak beste, arma-fabrikea izan bazan iraganean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu