Luma aldizkariak antolatuta, zemendiaren 24an jokatuko da Irunen Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VI. Txapelketea
2012-11-14 13:43 kulturbizEuskal Herriko bazter guztietatik etorritako berba gurutzatu zaleak lehiatuko dira aurten Ainhoa Arregi bilbotarrak igaz jantzi eban txapelaren alde.
Luma aldizkariak antolatuta, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VI. Txapelketea jokatuko da Irunen zemendiaren 24an. Igazko ekitaldian lez, Irungo Udalaren babesa, eta Eusko Labelaren eta Irungo Ola Sagardotegiaren laguntzinoa, jaso dau aurtengo edizinoak.
Euskerazko berba joko, berba gurutzatu eta denpora-pasa jokoak eskaintzen ditu hilero Luma aldizkariak (116 zenbaki kaleratu ditu dagoeneko) eta seigarren aldia dau gaurgero txapelketa hori antolatzen, ez arrakastarik barik gainera. Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako berba gurutzatu zaleak lehiatuko dira aurten Ainhoa Arregi bilbotarrak igaz jantzi eban txapelaren alde.
Euskaldunon jokalari izaera proberbiala bada be, ez dira gurean oso ohikoak lehiaketa mota honeek, hau da, hizkuntzea langai hartzen daben probak. Berba gurutzatuen txapelketa honetan, lau berba gurutzatu taula edo gurutzegramea osotu beharko ditue lehiakideek txapelketa eguneko goizean luzatuko dan norgehiagokan. Lau saio egin beharko ditue horretarako: kanporaketa izaerakoak dira lehenengo biak, eta hamasei onenak bainok ez dira hirugarrenera, hau da, finalerdira igaroko. Finala jokatuko daben lau lehiakideen izenak zehaztuko dira hirugarren saio horretan. Mahaian jesarri eta lapitza ondo zorroztu ondoren ekiten deutse lehiakideek lehenengo hiru saio horreei. Finaleko hitz gurutzatu taulea, barriz, jentaurrean eta paneletan bete beharko dau finalista bakotxak, ganerakoek eginikoaren barri zuzenean jakiteko modurik izango ez dabela.
Hizkuntzearen ezagutza sakonaz gan, zentzua, gogo ernea eta mundutasunak eskatzen dauen erudizino-puntu hori be erakutsi behar ditu lehiakideak, ez baita hau sinonimo lehiaketa hutsa. Luma aldizkariko profesionalek sortu eta atondutako jokoak beteko ditue lehiakideek, eta zuzentasuna, lehenik, eta bizkortasuna, ondoren, hartuko ditue kontuan epaileek parte-hartzaileen lana neurtzerakoan.
Nahi daben berba gurutzatu edo gurutzegrama zale euskaldun guztiek hartu leikie parte Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VI. Txapelketan. 25 € ordainduko ditu txapelketan parte hartu nahi dauen lehiakide bakotxak (txapelketea + bazkaria), 20 € Luma aldizkariaren harpideduna bada. Ohiko postaz (Luma Aldizkaria, 307. P.K. 20300 Irun), e-postaz (xedera@xedera.com), webgunearen bidez (www.xedera.com) edo telefonoz (943 630 883) emon daiteke Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VI. Txapelketan parte hartzeko izena, eta 2012ko zemendiaren 20a izango da horretarako azken eguna. Txapelketa egunean berean egingo da ordainketea.
'Garai argalak bizi badoguz be, sariak ez dira edozelakoak izango, adierazo dau Iñaki Agirresarobe, Luma taldeko kideak. Txapelaz gan 350 € eroango ditu irabazleak, 225 bigarrenak, 120 hirugarrenak eta 60 laugarrenak. Finalerdira helduko diran lehiakide guztiek 20 €-ko saria jasoko dabe eta, bestalde, produktu labeldun sorta bana eroango dabe lehiakide guztiek, Eusko Label markak eskainia.
Igaz bezela, Irungo Udalaren babesa jaso dau Txapelketearen aurtengo edizinoak be. Fernando San Martin, Euskara Zinegotzi Ordezkariaren esanetan, barritzailea eta originala izateaz gan, euskerearen ezagutza eta erabilerea bikain buztartzen ditu urteroko ekitaldi honek jai-giro apartan eta gure herrian bertan. Beraz, eskerrak eta zorionak emon nahi deutsiedaz antolatzaileei egindako lan guztiagaitik. Irundarrak eta kanpotarrak animau nahi dodaz txapelketan parte hartu deien, gurutzegramagile zein ikusle legez.
Kontuak kontu, zemendiaren 24ko ordu bi eta erdiak aldera jakingo dogu nork jantziko dauen Euskal Herriko VI. Hitz Gurutzatuen lehiaketako txapela. Azkeneko txapeldunak, Ainhoa Arregi bilbotarrak, barriro be? Beharbada, baina gatazka bizian ahalegindu beharko dau horretarako, aurten bere aurkari indartsuak izango baititu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!