Hamaika lan batu ditue 'Astola' aldizkariaren seigarren zenbakian

Bizkaie! 2012-11-02 11:00   kulturbiz

Gerediaga alkartearen Astola aldizkariaren seigarren zenbakia prest dago. Durangaldeko historian sakontzeko hamaika lan barri dakarz, berbarako, Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? saiakera liburuan agiri dan Pedro Hilarion Sarrionandiari buruzko lana, Marokora egindako bidaia eta itzulerari buruzkoa.

Gerediaga alkartearen Astola aldizkariaren seigarren zenbakia prest dago. Durangaldeko historian sakontzeko hamaika lan barri dakarz, berbarako, Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? saiakera liburuan agiri dan Pedro Hilarion Sarrionandiari buruzko lana, Marokora egindako bidaia eta itzulerari buruzkoa. Agerkariak igazko prezio bera dauka, bost euro.

Bestelako artikuluak dagoz irakurgai seigarren Astola-n, besteak beste, Durango izeneko automobilaren ibilbide laburra, Elorrioko herriko plazako joan-etorri biziak, Zaldibar herriko alderik ezezagunena eta Durangaldeaz gogoetea, noraino heltzen da gaur egun Durangaldea? Eskualde-sentimendua bizirik dago gaur egun?.

Gerediaga alkarteak sustatzen dau Astola ikerketa eta historia aldizkaria. Daborduko salgai dagoohiko dendetan, eta abenduaren 6tik 9ra, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan, alkarteko iturriek jakinarazo dabenez. Igazko prezioa dauka 168 orrialdeko argitalpenak, 5 euro, hain zuzen be. Gerediagako bazkideek, baina, 2013. urteko egutegiagaz batera doban jasoko dabe.

Durango Detroit? artikuluan Juan A. Hernandezek joan dan mendeko erdialdean Durangon automobilen fabrika bat eregiteko emondako pausuak azaltzen ditu. Duñaiturria y Estancona (DyE) enpresan auto gitxi batzuk egin ziran, baina abentura laburra izan zan. Garaitik Marokora eta itzulera artikuluak Pedro Hilarion Sarrionandiak Garaitik Marokora egindako bidaia eta itzulerea ezagutzeko aukera eskaintzen dau. J. A. Orobio-Urrutiak sindikatuen mobimentuak joan dan mendeko 30eko hamarkadan zelan sortu zan aztertzen dau Anarkistak II. Errepublikan testuan.

Nerea Mujikak gogoeta egiteko proposamena egin dau Eskualde baten mila aurpegi lanean; Bizirik dago eskualdea gaur egun? Badago eskualde izaerearen sentimendurik? Nork eta zelan ezartzen ditu eskualdeko mugak?. Alberto Santanak baserrien urrezko aroa jorratu dau: Durangaldean 300 bat baserri eregi ziran 1720 eta 1830 urteen artean, Guillermo Humboldt bidaiari alemaniarrak horretako batzuk ezagutzeko aukerea izan eban, ganera.

Durango Bizkaiko lurra testuan Iñaki Garcia Caminok jazoera historiko baten barri emoten dau: 1212. urtean Alfonso VIII.enak Durangoko lurrak emon eutsozan On Diego Lopez de Haro Bizkaiko Jaunari, musulmanen kontrako burroka irabazten laguntzearren. Gaiza Zabartek bere jaioterria dau berbagai Zaldibarko ekialde urruna beharrean; Eibartik Ermura gatozala, asko konturatu ez arren, Zaldibarko ekialdeko auzo ezezagunetako bat dago: Eitzaga.

Kanposantuetako arkitektura erreportajean A. Barrio Lozak Durangaldeko kanposantuak aztertu ditu, gehienak XIX. mende amaierakoak dira eta euretako batzuk portikodunak, harrizko zein egurrezko zutabeekaz. Jose Luis Arruabarrenak Elorrioko Herriko Plazearen zehaztasun guzti-guztiak batu ditu Astola aldizkarian. Eta amaitzeko, gitxik dakien kontu bat Zornotzako Borroka testuan : Amorebieta, Etxano eta Iurretako mugetan Napoleonen tropa frantsesek espainiarrei irabazi eutsen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu