Mediateka BBK-k herritarren artean erreferentea izatea berretsi dau bere bigarren urteurrenean
2012-10-24 15:48 kulturbizBi urte honeetan zehar, Mediateka BBK-k 1.200.000 erabiltzaile baino gehiago izan ditu: dobako zerbitzu bat emonez, ordutegi zabal batean (astelehenetik domekara 10:00etatik 22:00etara) eta jarduera desbardin anitz eskainiz.
Bilboko Alondigako Mediateka BBK-k gaur, urriak 24, Liburutegien Nazinoarteko Egunean, bere 2. urteurrena ospatzen dau balantze baiezkorra eskainiz. Denporaldi honetan jasotako datuek, liburutegiaren integrazinoa urian baieztatzen dabe: bai disziplina anitzeko liburutegi lez, baita informazinorako, ezaguerarako eta alkarbizitza interkulturalerako eta belaunaldiarteko bide lez be. Datu guztien barri emoteko Alazne Martin, Mediateka BBK-ko arduraduna, Lourdes Fernandez Bilboko Alondigako zuzendaria eta BBK Fundazinoko Gorka Martinez prentsaurrean agertu dira gaur eta sano pozik azaldu dira. Bi urte honeetan zehar, Mediateka BBK-k 1.200.000 erabiltzaile baino gehiago izan ditu: dobako zerbitzu bat emonez, ordutegi zabal batean (astelehenetik domekara 10:00etatik 22:00etara) eta jarduera desbardin anitz eskainiz.
Mediateka BBK
Zerbitzuak hobetzeko helburuagaz, Mediateka BBK-k azken urte honetan ondoko ekintzak egin ditu:
- 5.500 izenburu barri gehitu ditu euskeraz, gazteleraz, ingeleses, frantsesez, txinatarrez, alemanez, etabar.
- Liburu + CD mailegu modalidadea, auto-ikaskuntzarako oso garrantzitsua.
- Ikastaroak 8-16 urte bitarteko gazteentzat, ikasketa teknikak garatzen languntzeko.
Etorkizuneko arlo estrategikoak
Mediateka BBK-k dobako eta kalidadeko zerbitzua eskaintzen dau, 4 ardatz nagusietan batzen diran jarduerak bultzatuz:
• Heziketea: Mediateka BBK espazioa ikasketak sustatzeko espazio lez ulertzen da. Umeentzat, helduentzat, luzaroko lanbakoentzat, hezkuntza formalik bako personentzat eta abarrentzat zuzenduriko heziketea aurkezten dau. Holan, Ezagutu Mediateka BBK, English Txiki-Txoko edo Xake ikastaroak helburu hau lortzeko proposatzen diran jarduerak dira.
• Irakurketa eta idazmenaren dinamizazinoa. Helburu hau honako jarduerakaz bideratzen da: Reading Challenge (British Council-egaz alkarlanean), Kontu Kontari programea, Aurrez Aurre – En Primera persona, Literatura Viva/Literatura Bizirik ikastaroak eta, udan, Besaulkiko irakurketak CAF-eko terrazan.
• Teknologia barrien inguruko jarduerak. Bideojoko eta eskuko telefonoekaz edota robotikako aplikazinoakaz loturea dauen lan bide barri bat jarriko da martxan datozen hileotan. Bide honetan, ondorengo ikastaroak egingo dira: Bideojokoak eta heziketea ikasleen artean, Zeure burua aktibo mantendu eta Bideojokoak zelan erosi.
• BBK Gizarte Ekintzagaz alkarlana. BBK Fundazinoak presentzia handiagoa izango dau Mediateka BBKren jarduera programazinoan. Alkarlan hau dala eta, datozen asteetan, Ana Belen Alonsok zuzenduko dauen Irakurketa kluba egingo da BBK Espazioan.
Bestelako jarduera garrantzitsuak
• Sektoreko beste profesionalakazko hartu-emonak etorkizuneko gakoak aztertzeko. Bagilean egin ziran Liburutegiak, beti-betiko espazioak, Ebookaren eta Gizarte-Sarren erronkaren aurrean jardunaldiak, lan helburu honen adibide dira.
• Nazinoarteko proiekzinoa. Aquitania eta Limoges-eko bibliotekarioak Mediateka BBK bisitau eben eta Libvres Hebdo eta Bulletin des Bibliothèques aldizkari frantsezek Bilboko Alndigako liburutegiaren kalidadea nabarmendu eben.
• Parte-hartze profesionala. IFLAko Metropolitan Libraries Section Bartzelonan antolatutako jardunaldietan Mediateka BBK-k parte hartu eban pasa dan maiatzean eta, datorren zemendian, barriz, Bartzelonako Unibersidadearen Neguko Eskoleak antolatzen dituan berbaldietan be parte hartuko dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!