‘Egungo Euskal Antzerkiaren Historia’ liburura euskal literatura dramatikorik eta antzerkirik barrienen bilakaerea batu dabe

Bizkaie! 2012-10-19 16:12   kulturbiz

Egungo Euskal literaturaren Historia liburuaren abiaburua Euskadiko Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zan garaia da, hain zuzen be, hiru euskal probintzietan kultur politika autonomoak antolatzen eta abian jarten hasteak bidea emon ebalako ganerako euskal probintzietan be euskal antzerki produkzinoa eta literatura dramatikoa suspertzeko.

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuari esker ikusi dau argia Egungo Euskal Antzerkiaren Historia liburuak, Euskal Literatura sailaren barruan. Azken urteetako euskal literaturearen historia egiten dagoan proiektu handiago eta zabalago batean dago txertatuta. Burua UPV/EHUko katedradun eta idazle Jon Kortazar da, eta ale honen apailatzailea Karlos del Olmo dramaturgoa eta Senez aldizkariaren zuzendaria.

Gaur goizean izandako aurkezpen ekitaldian parte hartu dabe: Jon Kortazar, Egungo Euskal literaturaren Historia lanaren zuzendaria eta UPV/EHUko Euskal Literaturan katedradunak; Karlos del Olmo, euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Alkarteko (EIZIE) partaidea, liburuaren koordinatzaile eta antzerki idazleak; eta, Enkarni Genua, aktorea eta lanak batzen dauen lan baten egileak.

Egungo Euskal literaturaren Historia liburuaren abiaburua Euskadiko Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zan garaia da, hain zuzen be, hiru euskal probintzietan kultur politika autonomoak antolatzen eta abian jarten hasteak bidea emon ebalako ganerako euskal probintzietan be euskal antzerki produkzinoa eta literatura dramatikoa suspertzeko. Dana dala, XX. mendearen amaieratik XXI. mendearen hasierara arteko bilakaeran argiak ilunak bezain handiak izan dirala erakusten dau lan honek, azaldu dau Karlos del Olmok.

Euskal antzerki sisteman gertatzen dan egoera lazgarri bat jarten dau agiri-agirian liburuan egindako analisiak (euskal antzerkigintzarena bakarrik ez bada be): batetik, euskal antzerkigintzea bultzatzeko politikek, neurri handi batean, porrot egin dabela, ez dabelako lortu kultura normalizatuek izaten daben egiturarik (antzoki nazionala, konpainia nazionala, goi mailako ikastegia, produkzino industria sendoa, dramaturgoen prestakuntzea eta argitaratze bideak indartzea…); bestetik, euskal dramaturgoek nekez lortzen dabela argitaratzea, eta lan bakan horreek beste hizkuntzetakoen parean jarteko modukoak gerta daitekezan arren, ez dirala heltzen, gehienetan, agertokietara, hau da, antzeztu barik irauten dabela, gaineratu dau.

Liburuak bi zati ditu. Lehenak, sarrera orokor luze baten bidez eskaini nahi ditu literatura dramatikoak literatur kritikan jagokon leku autonomoa izateko oinarri teoriko eta kritikoak, orain arte alor hori oso gitxi landu bada be, etorkizuneko ikerlan literarioetan neurri duinagoa hartuko dauelakoan. Horrezaz gan, bigarren zatian, kanon halako bat osotu leikien lan batzuen azterketa zehatzagoa batzen dau, hainbat erispideren arabera aukeratutako egile batzuk aztergai hartuta. Ondorioz, euskal antzerkigintzearen eta literatura dramatikoaren historian aitzindari gertatuko bide dan lan baten aurrean gagozala esan leiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu