Asier Huegunek 'Kolonbian bahituta: 74 egun ELNren esku' liburua kaleratu dau

Bizkaie! 2012-10-09 18:36   kulturbiz

2003ko irailaren 12an, Kolonbiako ELNk Asier Huegun bahitu eban. Orduan idatzi eban egunerokoa oinarri hartuta, Huegunek berak eta Gari Udabe kazetariak Kolonbian bahituta: 74 egun ELNren esku liburua aurkeztu barri dau, Txalaparta argitaletxeagaz.

2003ko irailaren 12an, Kolonbiako ELNk (Nazioa Askatzeko Armadea) Asier Huegun bahitu eban. Orduan idatzi eban egunerokoa oinarri hartuta, Huegunek berak eta Gari Udabe kazetariak Kolonbian bahituta: 74 egun ELNren esku liburua aurkeztu barri dau, Txalaparta argitaletxeagaz.

Hueguneagaz batera, ingeles bat, alemaniar bat eta lau israeldar bahitu zituan ELNk. Santa Martako nekazarien egoerea salatzea zan gerrilleruen asmoa. Nazinoartean oihartzun handia izan eban bahiketeak, Euskal Herrian bere bai, jakina.

Bahitzaileek egunerokoa euskeraz idazteko baimena emon eutsien Asier Huegun donostiarrari. Bahiketearen nondik norakoak batu ditue liburuan, zehaztasun handiz. Bildurra, nekea, ezintasuna, gosea, ganerako bahituen arteko hartu-emonak, gerrilleruen bizimodua, kezka gizatiar eta politikoa... makina bat gai landu ditue Huegunek eta Udabek.

Gaztelaniaz ekien bahitu bakarra zan donostiarra, bitartekari antzekoa zan bera. Horrek ezinegona be sortu eban bahituen artean, israeldarren, esaterako, ez eutsen sinisten, guzurretan ebilela pentsetan eben. Jazoereak komunikabideetan izandako oihartzunak asko harritu eban.

Bederatzi urteren ostean, Kolonbiara itzultzeko prest dago Asier Huegun, han lagun asko itxi zituan eta. Baina ez litxake ezelan be bahitutako parajera joango.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu