Japoniako kulturea, aisialdia eta tradizinoak protagonista Amorebieta-Etxano Mangamore jaialdiaren eskutik

Bizkaie! 2012-10-05 16:37   kulturbiz

Urriaren 12tik 14ra bitartean, Japoniako kulturea, aisialdia eta tradizinoak izango dira protagonista Amorebieta-Etxanon, Mangamore jaialdiaren VI. edizinoa helduko baita udalerrira.

Urriaren 12tik 14ra bitartean, Japoniako kulturea, aisialdia eta tradizinoak izango dira protagonista Amorebieta-Etxanon, Mangamore jaialdiaren VI. edizinoa helduko baita udalerrira. Inguruotako jazoera original, ludiko eta dibertigarrienetakoa da jaialdia, eta milaka lagun erakarten ditu urtero, areagotuz baitoa Manga eta Animea, eta herrialde nipondarraren kulturea hurragotik ezagutzeko gogoa.

Hainbat eta era guztietakoak izango dira astegoien horretako jarduerak: tailerrak, musika eta jantza emonaldiak, lehiaketak, berbaldiak, Cosplay erakustaldiak, etab. Eta horreek guztiak girotzeko, jaialdiaren maskotea dan Ureshiren presentzia eta Okaerinasai abestia, Jokin Lacalle musikari zornotzarrak Mangamore jaialdirako beren-beregi sortua.

Mangamore Jaialdia 2007an sortu zan, Ametxek (Amorebieta-Etxanoko Udaleko Kultura zerbitzuetarako erakundea) antolatuta, azpi-kultura honetan, batzen dituan diziplinetan, eta beste diziplina osogarri batzuetan gero eta interes handiagoa daben gazteen beharrizanei erreparauta. Eten barik hazten joan dira ordutik jaialdiaren ospea, kalidadea eta eragina, sektorearen erreferente bilakaturik. Lehenengo edizinoan 6.000 bisita izan zituan Mangamore jaialdiak eta joan dan urtean, barriz, 8.000 lagunetik gora hurreratu ziran.

Mangamoreren webguneak, bestalde, 60.000 bisitatik gora izan ditu sortu zanetik eta jaialdiak, barriz, 3.500 jarraitzaile ditu sare sozialetan. Aurtengo edizinoan baieztatuta dago Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako, Valentziako, Asturiaseko eta Andaluziako zaletuen presentzia.


Arraza japoniarren txakur lehiaketea

Akita eta Shiba Inu txakur arraza japoniarren Euskadiko lehenengo lehiaketea izango da urriaren 14an. Akita eta Shiba Inu arrazen lehenengo erakusketa monografikoa ekarriko deusku ekimen original honek, eta epaimahaikide bikaina izango dau: Yuiichi Tomimoto, bi arraza horreetan aditua dan Japan Kennel Clubaren epailea. Berak balioetsi eta neurtuko ditu parte hartzen daben txakurren ezaugarriak. Hainbat erakustaldi espezializatutan ibili da epaile Tomimoto Japonen bertan, AEBetan, Taiwanen, Finlandian eta Mexikon, besteak beste.


Taiko erakustaldia

Mangamoreren proposamenetako beste bat Taiko erakustaldia da, eta Seiwa Taiko taldearen eskutik etorriko da. 1,3 m.-ko diametroa daukan tanborra da Taikoa (tanbor handia japonieraz), eta egurrezko bachi izeneko zotzakaz joten da. Tradizinoa da Japonen Taikoa erabiltea jazoera handietan, eta bertaratutakoen interesa batzen dauen gune bilakatzen da sarri askotan.

Seiwa Taiko taldea 6 lagunek osotuta dago. Euretako lau estadu espainiarrean bizi diran japoniarrak dira. Ohiko kolaboratzaile izaten da formazino hau shakuhachi (banbuzko txirula japoniarra) txirula-jole ospetsua dan Antonio Olíasegaz.

Zapatuan, urriak 13, izango da erakustaldia, jaialdiaren eszenatoki nagusian, eta tresna hau zelan erabilten dan irakasteko tailerra izango dau osogarri. Tailerra domekan izango da, hilak 14, eguerdiko 13:30etik aurrera.


Kimonoa zelan jantzi

Japongo kultura ikur garrantzitsua da kimonoa. Hori aintzat hartuta, lekua egingo jako atzera be jaialdian. Oraingo honetan Yukata (kotoizko udako kimonoa) egiten ikasteko tailerra eta kimonoa zelan janzten dan erakutsiko dauen hitzaldia izango dira. Japongo patroigintza tradizionaleko piezak egiten espezializatua dan jostunak emongo dau.


Cosplay onenak

Cosplay (manga edota animeko personaia benetakoen moduan edota holako personaietan oinarri hartuta mozorrotzea) erakustaldia eta lehiaketa izango dira Jaialdiaren aurtengo edizinoan barikuan, urriak 12, iluntzeko 20:00etan.


Gastronomia japoniarra

Gastronomia japoniarrak be izango dau bere tartea Mangamore jaialdian, hurreratzen diranen esku jarriko diran bi ekimenen bidez: Zapatuan, hilak 13, goizeko 11:30ean, ikastaro alkarreragilea emongo dau Naoki Adachi sukaldaritza-maisu japoniarrak, sushiren historia, hastapenak eta gaur eguneko emoitzetara bitarteko eboluzinoa aurkeztuz. Modu erraz eta dibertigarrian ikasi ahalko dabe parte-hartzaileek oinarrizko sushi-motak eta erabilten diran materialak zeintzuk diran.

Domekan, hilak 14, barriz, Masanori Nishi sukaldari japoniar ospetsuak okonomiyakia edo, azkenean daukan itxureagaitik, pizza japoniarra izenaz ezagunagoa dan jatekoa prestauko dau zuzenean.


Ureshiland

Txikienentzat, umeentzako Ureshiland izeneko gunean, papelezko loreak, postalak, etab. egiteko tailerrak antolatu dira. Umeentzako txokoa indartu egin da aurten eta, holan, manga personaien puzgarriak izango dira, jantza-jolasak eta igaz arrakastatsuenak izan ziran jarduerak: Ureshigaz argazkia egiteko photocall-a edota karaokea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu