Hiru hilabete eta hamar urte bitarteko umeentzako hezkuntza-egitaraua antolatu dau Guggenheim Bilbao Museoak
2012-10-03 11:58 jardunaldiakBaby Art 3 eta 12 hilebeteko umeentzako jardueren bidez umeek koloreen gustoa, materialen soinua eta espazioaren testurea ezagutuko ditue. Gurasoek lagunduta, soinuaz, argiaz, koloreaz eta eskulanez esperimentauko dabe. Jolasaren bidez zentzumenak eta arteagazko interesa pizteko modu bat da. Baby Art domekatan izango da, urrian, zemendian eta abenduan.
Guggenheim Bilbao Museoak hezkuntza-jarduera barriak hasiko ditu udagoien honetan. Hiru hilebete eta hamar urte bitarteko umeentzat atondu ditue, umeen sormena sustatzeko eta txikiek be arte moderno eta garaikideaz gozau deien, jolasen eta tailer dibertigarrien bidez.
Museoak jakinarazo dauenez, Baby Art 3 eta 12 hilebeteko umeentzako ekimena da. Jarduera horreen bidez umeek koloreen gustoa, materialen soinua eta espazioaren testurea ezagutuko ditue. Gurasoek lagunduta, soinuaz, argiaz, koloreaz eta eskulanez esperimentauko dabe. Jolasaren bidez zentzumenak eta arteagazko interesa pizteko modu bat da; era berean, beste ume batzuekaz hatu-emonetan jarteko aukerea be. Baby Art domekatan izango da, urrian, zemendian eta abenduan; hile bakotxean kolore bat izango dau ardatz.
Artearen Izkina Atrioan 2 eta 8 urte bitarteko umeentzat beren-beregi sortutako txokoa da. Bertan, umeek sormenezko jarduerak egin leikiez, arteagaz esperimentau, eta helduek, bitartean, erakusketak ikusi. Udan jarri zan abian Artearen izkina, eta arrakasta handia izan eban; hori dala eta, udagoieneko astegoien guztietan ikusgai dgozan erakusketakaz lotutako jarduerak izango dira, Experiment-ART izenburupean.
Txikienek, esaterako, arbela garden bat erabili ahal izango dabe Egon Schieleren artean inspirautako erretratuak sortzeko edota eskultura bigunak egin ahal izango ditue, hainbat material erabiliz, Claes Oldenburgen 1960ko hamarkadako lana eredutzat hartuta.
Bestalde, Zure logelatik zure urira arkitekturako hastapen ikastaroa da. Maushaus ikastaro bat da, artea eta jakintza teknikoak buztartzen dituan proiektua, bost eta hamar urte bitarteko umeentzat atondua. Ekimen honen bidez museoak arkitektureagazko zaletasuna bultzatu eta espazioagazko jakinmina piztu, eta uriko lengoaia hurreratu nahi deutse umeei.
Ikastaroak 11 saio izango ditu eta urritik abendura, hiru hilebetez, parte-hartzaileek apurka-apurka ikasiko dabe arkitekturea abentura pizgarria izan daitekeela: arkitekturea zer dan, animaliak eta personak non bizi diran, espazioek zer sentipen sorrarazoten deutseen eta beste hainbat galdera erantzuten saiatuko dira. Horretarako marrazkiak, maketak, proiekzinoak, jolasak eta txangoak erabiliko ditue; izan be, hainbat eraikinetara eta uriko gunetara bisitaldiak egingo ditue eta euren eretxiak konpartiduko ditue. Donostiako Rulot estudioak emongo dau ikastaroa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!