Erabagiteko eskubidea eta gizartea garapenaren erdian ipintea ezinbestekotzat jo dau Juan Jose Ibarretxek
2012-09-27 15:59 kulturbizLehendakari ohiak bere doktore tesia jasoten dauen liburua aurkeztu dau gaur Bilbon, El Caso Vasco, el desarrollo humano sostenible izenburuagaz. Bertan, gaur eguneko munduaren azterketa kritikoa egiten dau eta etorkizunari begiratzen deutso, iragana ahaztu barik.
Lehendakari ohiak bere doktore tesia jasoten dauen liburua aurkeztu dau gaur Bilbon, El Caso Vasco, el desarrollo humano sostenible izenburuagaz. Bertan, gaur eguneko munduaren azterketa kritikoa egiten dau eta etorkizunari begiratzen deutso, iragana ahaztu barik. Euskal Herrian bakea eta alkarbizitzea lortzeko pausuak azaltzen ditu eta, ekonomiaren alorrean, ikerketearen eta barrikuntzearen alde egiten dau, beti be ikuspegi soziala eta bardintasuna ahaztu barik. Era berean, Ibarretxek uste dau, bertoko zein nazinoarteko gizarteek aurrera egin daien, herri bakotxaren berezitasunak eta erabagiteko eskubidea kontuan hartzea derrigorrezkoa dala.
Liburuaren aurkezpena Sabino Arana Fundazinoaren egoitzan, Bilbon, egin dau Juan Jose Ibarretxek. Ikusmina eragin dau ekitaldiak eta, bertan egon dira, Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaia, Juan Mari Atutxa Sabino Aranako presidentea, politikearen arloko beste persona ezagun asko eta kulturearen munduko ordezkariak. Baita Kolonbiako Euskal Etxeko arduradunak be. Izan be, El Caso Vasco liburua, Kolonbiako Oveja Negra argitaletxeak atara dau. Jose Vicente Katarain Oveja Negrako editoreak nabarmendu dauenez, oso lantzean behin baino ez dogu eukiten horren pentsamendu sakoneko obra bat argitaratzeko aukerea, beraz, ohorea da guretzat Ibarretxegaz lan egitea. Ia 700 orrialdetan, euskal ekonomia eta gizarte ereduaren azterketea egiten dala azpimarratu dau Katarain euskal-kolonbiarrak, euskal gizartea ez-baztertzailea eta ekonomikoki lehiakorra izatera bultzatu daben aldaketak eredu dira mundu osoarentzat, enpresak, enplegua eta barrikuntzea zelan sustatu dan, giza garapena kontuan hartuta, hori nabarmentzekoa da. Katarainek ganeratu dauenez, bakerako bidean gizarte osoa erdigunean ipintea lortu da eta, Ibarretxek, hain zuzen, eredu horren egokitasuna azpimarratzen dau liburuan.
Hurbilketa historikotzat jo dau bere lana Ibarretxek, pentsamenduan oinarritua. Azterlan bi dira oinarriak, biak be giza garapenaren eta printzipio demokratikoaren ingurukoak. Bata, Euskal Herriko Unibersidadeagaz alkarlanean egin eban eta, bestea, Columbiakoagaz (AEB). Hasteko eta behin, ideia batzuk aztertu eta faltsutzat jo ditu Ibarretxek. Unibersaltasuna eta lokala kontrajarten dituan ideia, esaterako. Unibersala ez litzateke existiduko, lekuan-lekukoa barik, esan dau Lehendakari ohiak, txikiak handiari lagundu ezean, gizarteak ez dau aurrera egingo. Bestetik, eskubideak ezin dirala sailkatu eta, beraz, eskubide indibidual eta kolektiboez berba egitea zentzunbakoa dala adierazo dau. Hazkunde ekonomikoak garapena, eta garapenak zoriontasuna dakarren ustea be txarretsi dau Ibarretxek eta sistema ekonomikoaren hutsa dala hori pentsetea ganeratu dau. Badagoz errenta oso altuko herriak eta, gero, zoriontasun mailan behean geratzen dira; edo, begitu Estadu Batuei, zelan deitu herrialde garatu Estadu Batuei? Poterea bai, badaukie, eta ekonomiarik indartsuena, baina biztanleen zati handi bat osasun sistema publikotik kanpo dago!.
Holan, hamar ondorio atara ditu liburuan Ibarretxek. Ekonomiaren, kulturearen eta ingurumenaren garrantzia eta alkarren beharra da ondorio nagusietako bat. Alkarrizketea eta alkarbizitzea bakearen oinarria dirala be azpimarratu dau, adiskidetzea ez da amnesiarako atxakia, iraganaren iruzkin kritikoa egitea baino. Eskubideak be aldarrikatzen ditu, baina danentzat bardin, eskubideak gizartearen zati batek baino ez badaukaz, ez da eskubidedun gizartea, desbardintasundun gizartea baino. Aldarrikapen argi eta ozen bat be egin dau Ibarretxek, Euskal Herria existiduten da, esan beharra be!. Estadurik euki barik be, herriak erabagiteko subjektu izan leitekezala defendidu dau eta, ganera, herri guztiek euren izakerea eta autogobernua eukiteko eskubidea daukiela, zenbat eta autogobernu gehiago, ongizate handiagoa izaten dala uste dot, adierazo dau.
Ondorioen artean, txikitasunaren balioa be azpimarratu dau Ibarretxek, gaur eguneko munduan nazino txikiak euren kabuz arrakastatsuago ikusten ditu, estadu edo sistema erraldoien menpe baino. Erabagiteko eskubidearen ganeko debatea, Mendebalde osoan zabaltzen daagoala eta, etorkizuna hortik datorrela ohartarazo dau, Quebec, Katalunia eta Eskozia gogoan. Emoidazu ahotsa, edo banoa, esaten ohi deutsie herri txikiek euren menperatzaileei. Ibarretxek, bide horretatik, euskal legeen zilegitasuna eta foruen nortasun berezia aldarrikatu ditu.
Azken finean, gizarte bidezkoago baten bidean, iragana eta etorkizuna batu behar dirala azaldu dau Ibarretxek. Sustraiak sendo eta hegoak prest euki behar dira, esan dau, garapenaren atzean, identidadearen ideiea dago, norberarena, zein giza taldeena. Giza garapen iraunkorra izeneko kontzeptua be sortu dau Juan Jose Ibarretxek bere ideiak laburbatzeko. Azken finean, El Caso Vasco liburua, bertoko zein nazinoarteko kezkei erantzuteko baliogarria dalakoan dago, baina batez be, etorkizunari baikortasunez begiratzeko ahalegina dala azaldu dau, itxaropenerako deia.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!