Abenturak eta bidaiak protagonista IX. Bidaiarien Txokoa ekimenean

Bizkaie! 2012-09-25 15:31   kulturbiz

Lurreko tontorrik altuenetako batera igotea, Coloradoko ibaiaren ur-lasterretan piraguaz ibiltea edo 4x4 ibilgailu batean Dakar rallya bakar-bakarrik, ezelako laguntzino barik egitea dira Bidaiarien Txokoa ekimenaren aurtengo edizinoan protagonistek aurkeztuko dituen esperientzietako batzuk.

Lurreko tontorrik altuenetako batera igotea, Coloradoko ibaiaren ur-lasterretan piraguaz ibiltea edo 4x4 ibilgailu batean Dakar rallya bakar-bakarrik, ezelako laguntzino barik egitea dira Bidaiarien Txokoa ekimenaren aurtengo edizinoan protagonistek aurkeztuko dituen esperientzietako batzuk. Bederatzigarren urtez jarraian, Begoñako barrutiak jasoko dau Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimen hau. Bertan, berbaldiak, emonaldiak, erakusketak, tailerrak eta munduko musiken kontzertuak jasoko dira, ikusleei beste kultura, ohitura eta jente batzuen errealidadea hurreratzeko asmoz.

Urria osoan, Txurdinagako kiroldegiaren ondoan dagoan Begoñako Udaltegian izango dira ekitaldiak. Era berean, aurten be prestakuntza tailerrak zemendian egingo dira eta, ondorioz, izena emoteko epea urriaren 8tik 21era bitartean egongo da zabalik (www.bilbao.net).

Programazino osoa gaur goizean aurkeztu dabe Bilbon, Iñaki López de Aguiletak, Bilboko Udaleko Kultura Zuzendariak eta berbaldi zikloari hasierea emongo deutson Alex Txikon mendizaleak.

Alex Txikon mendizalea, azkoran trebea, atletea da, onenetakoa eta nazinoarte mailan proiekzino handiena dauenetakoa. Bere gorputza muturreko erronketan probetan dauen kirolaria. 30 urte baino ez ditu, baina dagoeneko zortzi mila metrotik gorako 10 mendi igon ditu, eta Al filo de lo imposible telesaioko taldeko eta Edurne Pasabani lurreko 14 mendi altuenak igoten lagundu eutson taldeko kide izan da.

Next time Inshallah izeneko berbaldian, abenduan Gasteizko Mendi Film Festival jaialdian estreinautako dokumentalaren zati bat be emongo dau. Dokumental hori, joan dan udan Gerfried Göschl, Louis Rousseau, José Carlos Tamayo eta Juanra Madariaga mendizaleakaz batera Gasherbrum I mendira egin eban igoereari buruzkoa da.

Beste alde batetik, hamaika urte behar izan zituan Carlo Escribanoren espedizinoak Colorado ibaia piraguan jaisteko baimena lortzeko. Hamabost egun iraun zituan abenturan ia 360 kilometro egin zituan, Arizonako (AEB) ingurune natural parebako horretan. Carlo Escribanok Coloradoko kanoian bizi izandako esperientziaren barri emongo deusku urriaren 10ean, arratsaldeko 19:30ean.

Hirugarren berbaldia, Josu Zabaletak euskeraz eskainiko dauen Bost idazle Siziliaren bila izango da, Siziliatik egindako literatur bidaia, uharte haretako bost idazle handiren eskutik. Aldi berean, udaltegiko liburutegian, Italiako uharte horretako hainbat irudi eta dokumentazino jasoten dituan erakusketea egongo da ikusgai (urriaren 15etik 31ra).

Azkenik, berbaldi zikloari amaierea emoteko (urriaren 24an, arratsaldeko 19:30ean) Ignacio Corcuerak Livingstone, bakar-bakarrik, ezelako laguntzino barik egindako Dakar rallyaren azken edizinoan bizi izandako abenturearen barri emongo deusku. 4x4 ibilgailu batean Argentina, Txile eta Peru zeharkatu zituan. Horrezaz gan, abenturan erabili eban ibilgailua, Tigre, Udaltegian bertan egongo da aparkauta.

Programearen beste atal deigarrienetako bat, Munduko Musikeari eskainitako dobako kontzertu zikloa izango da. Urriko bariku guztietan eskainiko dira, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Begoñako Udaltegian, baita be. Aurtengo edizinoan lau kontzertu eskainiko dira: musika afrikarra (Africa Dejebeka), brasildarra (Thaïs Morell), arabiarra (Mafi Masari) eta txalapartearen soinu tradizionala (Bi hotz-en taupadak) beste kultura batzuetako perkusinoagaz buztartuko dauen kontzertua. Lehenengo hitzordua bariku honetan, irailaren 28an, izango da, Africa Dejebeka taldearen eskutik.

Urrian baita be, Bidaiarien Txokoa ekimenak txoko bat gordeko dau, martitzen guztietan (19:30ean), EITB-ko Chiloe bidaia programa ezaguna eskaintzeko, Euskal telebista publikoaren laguntzinoari esker. Lehenengo saioa urriaren 2an izango da, eta Alberto Arizkorretak eta Xunban Intxaustik osotzen daben programako taldea bertan egongo da. Tahitin oinarritutako saio bi aurkeztuko ditue. Ganerako emonaldiek Kroaziara, Norvegiara eta Siriara eroango dabe ikuslea.


Bideo lehiaketea

Bidaiarien Txokoa kultur programea joan dan martian abiatu zan, bidaiei buruzko jatorrizko film laburrak sarituko dituan Bidaiari Dubi Dubi lehiaketearen lehen edizinoaren deialdiagaz. Ekimen hori 18 urtetik gorako personei dago zuzenduta. Lehiaketara aurkezten diranek, gehienez be hiru minutuko iraupena izango daben bideoak aurkeztu beharko ditue, eta bidaia bateko zenbait lekuren irudiak jaso beharko ditue, bertako protagonistak jantzan dabilzan bitartean. Lanak Bilboko Udaleko webgunearen bitartez bialdu beharko dira, eta aurkezteko epea urriaren 7an amaituko da.


Tailerrak

Zemendian tailerrak egingo dira, jentearen artean interes gehien sortzen dauen jardueretako bat. Barrikuntza lez, sare sozialen bultzadea kontuan izanik, aurtengo edizinoan, bidaiei buruzko blog personala zelan sortu jakiteko ikastaroa eskainiko da. Horrezaz gan, Kultura eta Hezkuntza Sailak, ikus-entzunezko argazki muntaketak egiteari buruzko tailerra eskainiko dau aurten barriro be. Ikastaroa bidaietako oroitzapenak modu erakargarriagoan aurkezten ikastera dago bideratuta, etxeetako ordenagailuetan ohikoa dan programa informatikoa erabiliz —MovieMaker—, holan partaideek euren bidaietan ataratako argazkiei ahalik eta etekin gehiena atara ahal izateko.

Tailerretan izena emoteko epea urriaren 8tik 21era bitartean egongo da zabalik, eta izena emotea Bilboko udaleko webgunearen (www.bilbao.net) bitartez egin ahal izango da. Bertan ordutegiei (euskerazko eta gaztelaniazko tailerrak) eta izena emoteko prezioari buruzko informazio guztia egongo da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu