Euskal kulturea New Yorken izango da udagoienean, Basque Cultural Exchange egitarauaren bitartez
2012-09-21 11:21 kulturbizLau izango dira programeak jorratuko dituan gai nagusiak: euskal zinemagintzea; Gernikako bonbardaketearen 75. urteurrena; Gernikako ikurretik gaur egungo ikonoetara gaiari buruzko hausnarketea; eta euskerazko musikearen historiaren gaineko begiradea.
Euskal kultureak berezko tokia izango dau New Yorken udagoien honetan, Etxepare Euskal Institutuak antolatu dauen Basque Cultural Exchange egitarauari esker. Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak Donostian eginiko egitarauaren aurkezpenean azaldu dauenez, New York kulturearen uriburua da, eta horregaitik, Madril eta Bartzelonan antolatu ziran ekitaldien ostean, Institutuak bere burua bertan aurkeztu beharra eukala uste dabe. Programea New Yorkeko sona handiko lau gunetan gauzatuko da: City University of New York (CUNY), New York University (NYU), Anthology Film Archives eta New Yorkeko Cervantes Institutuan.
Lau izango dira programeak jorratuko dituan gai nagusiak: euskal zinemagintzea; Gernikako bonbardaketearen 75. urteurrena; Gernikako ikurretik gaur egungo ikonoetara gaiari buruzko hausnarketea; eta euskerazko musikearen historiaren gaineko begiradea. Goenagaren esanetan, oso egitarau aberatsa da, erakunde askoren arteko lankidetzeari esker osotutakoa, eta azpitik sare moduko bat daukana, ekitaldi guztiak alkarri lotuta dagozalako.
City University of New Yorkeko (CUNY) Graduate Center-en inaugurau zan Bernardo Atxaga Katedragaz zabalduko da programea. Aurten Euskal Zinemagintzearen Historia izango dau aztergai katedrak, Mari Jose Olaziregik Etxepare Euskal Institutuko euskerearen sustapen eta hedapenerako zuzendariak azaldu dauenez, unibersidadeak berak eskatuta.
Joxean Fernandez irakasle egokiena izango zala ikusi ebela be adierazo dau Olaziregik, berau Euskadiko Filmategiko zuzendaria eta Historia Garaikidean eta Zinemaren Historian aditua izateaz gan, Nanteseko Unibersidadeko irakasle titularra be badalako.
Era berean, Euskal Filmategiaren partidetzea ezinbestekoa izan da Anthology Film Archives kultuzko filmategian urriaren 6tik 9ra bitartean eskainiko dan Gerra Zibila Euskal Herrian gaiaren inguruko zikloa antolatzeko. Filmategiak udagoien honetarako atondu dauen zikloaren aukeraketa bat erakutsiko da New Yorken, honako filmak eskainiz: El árbol de Guernica (Fernando Arrabal, 1975), Guernica (Robert Hessens & Alain Resnais, 1950), La buena nueva (Helena Taberna, 2008), Lauaxeta (J.A. Zorrila, 1987), Los niños de Rusia (Jaime Camino, 2001) eta Vacas (Julio Medem, 1992). Gainera, Tabernaren filma Joxean Fernandezek berak eta Iker Ganuza produktoreak aurkeztuko dabe.
New Yorkeko Cervantes Institutuak be euskal zinemea hartuko dau, Imanol Uriberi eskainitako film emonaldi berezi bat izango baita bertan urriaren 5ean. Han, Miel de Naranjas (2011) emoteaz gan, Haika Mutil (1997) dokumentala be eskainiko da, Mikel Laboa musikaria ardatz dauen lana; Uribek zuzendutako lan honen gidoigilea Bernardo Atxaga izan zan eta argazki-zuzendaria, barriz, Javier Aguirresarobe. Emonaldian Imanol Uribe bera be izango da eta barriketaldia izango dau CUNYko irakasle eta euskal zinemagintzan aditu Paul Julian Smithegaz batera.
Gernikako bonbardaketea
Anthology Film Archives filmategian emongo dan zikloaz gan, beste bi ekitaldi gehiago egongo dira Gernikako bonbardaketea gogora ekarriz. Batetik, urriaren 1ean, New York University-n (NYU) egingo dan Gernika Revisited mahai-ingurua dago. Bertan, Gernikak ikur moduan gaur egun dauen garrantziaz berba egingo dabe Joan Ramón Resina Stanfordeko Unibersidadeko irakasle eta Iberian Studies programako zuzendariak, eta Joseba Zulaika antropologoa eta Renoko Nevadako Unibersidadeteko Center for Basque Studies zuzendarietako batek. Mari Jose Olaziregi izango da mahai-inguru honen moderatzailea.
Bestetik, New York University-k berak The Bombing of Guernika. The Exhibit izenburuko erakusketea hartuko dau, bonbardaketearen gaineko argibidea zein irudiak jasoten dituana. Erakusketea urriaren 1etik abenduaren 17ra bitartean zabalik izango dan arren, inaugurazinoa urriaren 3an egingo dabe, Amaya Arberas euskal sopranoaren emonaldia tarteko dala.
Horrezaz gan, kultura eta enpresa-munduan emoten dan nazioartekotzea eta euskal ikurren etorkizuna aztertuko ditue urriaren 11n Cervantes Institutuan egingo dan Euskal ikonoak munduan mahai-inguruan.
Mundu mailako zabalkundea ordezkatzen daben hiru partaide izango ditu: Mikel Urmeneta Kukuxumusu enpresako sortzaile eta zuzendari artistikoa, José Luis Rebordinos Donostiako Ziemaldiko zuzendaria eta Mikel Lezamiz Mondragon Korporazinoko zabalkunde kooperatiborako zuzendaria. New Yorkeko Cervantes Institutua zuzentzen dauen Javier Rioyo idazle eta kazetaria ibiliko da moderatzaile lanetan.
Azkenik, Mikel Laboaren Baga biga higa kantuaren izena hartu dabe Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta euskal musikariak euren multimedia kontzertuari izenburua emoteko. Kultur transmisinoa eta euskal musikagintzearen historia, erreferenteak eta zaletasuna sustatu nahi dituan egitasmoa da eta euskeraz abestutako musikearen historiaren gaineko begiradae proposatzen dau. Urriaren 13an izango da, New Yorkeko Cervantes Institutuan, programeari amaiera emoteko.
Egitaraua antolatzeko hainbat erakunderen laguntzinoa izan dau Etxepare Euskal Institutuak: Euskadiko Filmategia, Eusko Jaurlaritzako New Yorkeko Ordezkaritza, CUNY, NYU, New Yorkeko Cervantes Institutua, Anthology Film Archives, Spain Culture New York, ICAA, Euskadi 2012, eta Eusko Jaurlaritzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!