Euskal pentsamendua eta pentsalariak aztergai UEUn

Bizkaie! 2012-09-13 14:50   kulturbiz

UEUk sustatu dauen Euskal Herriko pentsamendu kritikoa XX-XXI mendean graduondokoaren helburua Euskal Herriko pentsamendu propioak historian izan dauen bilakaerea eta euskal pentsalari garrantzitsuenak aztertu eta ikertzea da.

UEUk sustatu dauen Euskal Herriko pentsamendu kritikoa XX-XXI mendean graduondokoaren helburua Euskal Herriko pentsamendu propioak historian izan dauen bilakaerea eta euskal pentsalari garrantzitsuenak aztertu eta ikertzea da.

Euskal Herriko Pentsamendu Kritikoa XX-XXI. mendean graduondokoak helburu bikotxa dauka: alde batetik, euren lanaren oparotasun eta kalidadeagaitik Euskal Herriko pentsamenduaren eta kulturearen garapenean berebiziko garrantzia daben hainbat euskal autoreen lana berreskuratzea eta horreen ganean hausnarketa sakona sustatzea XX-XXI. mendeko Euskal Herriaren pentsamenduaren historia egiteari ekiteko eta horregaz batera egungo egoera sozio-politiko eta kulturala ulertzeko; bestetik, aurrean aitatu zeregin horretan, diziplina desbardinen arteko alkarlana bultzatu nahi da Euskal Herriko pentsamenduaren historia sortze horretan ikuspegi zabala eta aberatsa eskaintzeko. Zeregin horretan 60. hamarkadatik gaur egunera arte euskal pentsamenduan izan diran diskurtso barritzaileak ezagutarazo nahi ditu lan honek, gure historiaren eta pentsamenduaren ulermen sakonago baterako marko eta tresnatzat, teoria kritikoa eta literatur kritikea erabiliz. Honek gurean klasikoak diran gaiak jorratzera bideratuko gaitu, aldi berean egunean pil-pilean dagozan teoria barriak landuz, EHkoak, zein kanpokoak.

Euskal Herriko panorama akademikoan barritasun handia dakarren proiektua da, izan be, gure panorama akademikoan euskal pentsamenduaren eta Kultur Ikasketen arteko buztarketea gauzatzen dan lehenengo aldia da. Euskal pentsamendua Euskal Herriko ikuspegitik eta euskeraz lantzeko aukerea eskaintzeaz gan, atzerriko pentsamendu korronteen eta autoreen ekarpenak erabiliz euskal pentsamendu barria sortzea ahalbidetzen dau.

Graduondokoan berbagai izango diran gaien artean ikuspegien aniztasuna da nagusi, diziplinen pluraltasunari jagokonez, baita gaiei jagokenez be: filosofia, historia, soziologia, antropologia, abertzaletasuna, ETA, marxismoa, queer, ekologismoa, herri eraikuntzea, euskal literaturea, musikea eta artea… Eta honegaz batera urteetan zehar akademiaren partetik beharrezko aintzatespenik barik euskeraz lan intelektual itzela egin daben euskal autoreen lana: Mirande, Txillardegi Joxe Azurmendi, Rikardo Arregi, Karlos Santamaria…

Irakaskuntzeari jagokonez, gurean aurkezpenik behar ez daben irakasle eta idazleek parte hartzen dabe proiektu honetan, besteak beste, Joxe Azurmendi, Markos Zapiain, Pako Sudupe eta Iban Galletebeitia.

Graduondoko hau Gizarte Zientzien alorrean formakuntzea eta Euskal Herriko pentsamenduan eta kulturan interesa dauen edozeinentzat zuzendua dago. Asmoa ikaslea bere ikasketen protagonista izatea da eta horretarako mintegi erako eskolak eskainiko dira ikasleen parte hartzea bultzatzeko eta ikasle-ikasle zein ikasle-irakasle arteko alkarrekintzan oinarritutako giro dinamikoa sortzeko eta parte hartzaile guztien artean hausnarketa eta sormen personal zein kolektiborako espazioa eregiteko.

Ikasleek, mintegietara agertzeaz gan, ikerketa lan bat be egin beharko dabe euren interesen araberako gaia jorratuz. Zeregin horretan ikasle bakotxak zuzendari bat izango dau norabidetza akademikoa eskaintzeko. Era berean, ikasitakoa praktikan jarteko aukerea egongo da: ikasleek UEUko ikastaro bat (edo gehiago, ikasle kopuruaren arabera) antolatuz praktikak egiteko aukerea izango dabe, euskal kultura eta pentsamenduaren suspertzean parte hartze zuzenari eta aktiboari bide emonez.

Aurre matrikulazino epea irailaren 20ra arte da eta matrikulazio epea urriaren 1etik 8ra. Prezioa: 1.350 euro. Izena emoteko klin egin hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu